Reala 0-4 Betis

Ugazaba zutena larrutu dute

Reala Espainiako Kopatik kanpo geratu da; Betisek astindu egin du Anoetan. Juanmik bi gol egin ditu, eta Willian Josek bat; Ruibalek sartu du laugarrena. Januzaji gol bat baliogabetu diote.

Rafael Alcantara, madarikatzen, Betisen gol bat eta gero. Lau egin ditu Espainiako taldeak. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 3a
22:10
Entzun

Nork ordaindu, hari men. Horixe da gaur egungo futbolaren legea, eta Juanmi Jimenezek eta Willian Josek agerian utzi dute hori. Realean aritutako bi jokalariek kontu motzak izan dituzte Donostian; lehen ostatu zuten tokian golak egin dituzte, bai, baina aurkariarentzat. Espainiarren bi golek eta brasildarraren batek Espainiako Kopatik kanpo utzi dute Reala, eta Aitor Ruibalek odolustu ditu donostiarrak: huts eta lau nagusitu da Betis. 

Bi taldeek finalerdietarako hautagaitza aurkeztea izan dute xede, eta hori agerian geratu da neurketa hasi orduko. Markagailuan, ordea, Betis bakarrik agertu da. Ligan emandakoaren kolpe berdina eman du kopan, lau golekoa. Kopako ilusioa eraginkortasunaren bidez zapuztu dio Realari.  

Hasieratik, gehiagotan saiatu da kontrarioaren area aurkitzen, eta hamabigarren minuturako lortu du saria: William Carvalhori esker izan da. Andaluziarren jokalariak Ander Gebarari izkin egin dio hondoko marraren gainean, eta Juanmi Jimenezi pase bikaina eman dio. Realeko futbolari ohiak aukera probestu, eta Betisen aldeko gola egin du.

Ordura arte, gola lortzeko merezimendu gehiago egin dituzte bisitariek. Markagailuari eta jokoari erreparatuz gero, suspertu beharrean izan dira donostiarrak. Egin dute, hein batean. Lanerako arropa jantzi, eta kontrarioaren atea bilatzeari ekin diote berehala. Gertu izan dute gola Imanol Alguacilenek; Mikel Oiartzabalen jaurtiketa batek, estreina, eta Robin Le Normanden erremate batek, gero, sare barruan amaitu dute ia-ia. 

Justukoak ez du balio, ordea. Baloia sarean sartu behar da, eta hala egin du Adnan Januzajek, 40. minutuan. Belgikarraren gola ezerezean utzi du epaileak, Oiartzabalen jokoz kanpokoa argudiatuta. Martinez Munueraren erabaki horrek partidaren norabidea aldatu du.

Ordutik atsedenaldira artean, bakanak izan dira gol aukerak. Nabarmentzekoa da Alex Remiro atezainak atsedenaldiaren atarian egindakoa; bisitarien bigarren gola saihestu du geldiketa on bat eginda.

Huts eta batekoarekin amaitu da lehen zatia. Realak, txapelketan segitzekotan, neurketa irauli beharra zuen bigarren zatian. Imanolek jokoa suspertzeko aldaketa egin du; aldagelan utzi du Gebara, eta Martin Zubimendi zelairatu du.

Bigarren zatian, hutsal

Txuri-urdinek erasokor ekin diote bigarren zatiari, eta Alexander Isakek bere oinetan eduki du berdinketaren gola. Ate aurrean egindako jaurtiketa Rui Silva atezainak geratu dio, 46. minutuan.

Jokoak baretzera egin du gero, baina 57. minutuan bigarren kolpea jo du Betisek. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean, baloia Juanmiri iritsi zaio, eta hark ez du hutsik egin. Bi gol egin ditu aurrelariak; bietan, bakar-bakarrik errematatuta.

Espainiarren bigarren gola lasta handiegia izan da Realarentzat. Ordu erdiren faltan, bi goleko desabantaila irauli beharrean zen. Betisen aurka, gainera: partidak irabazteko trikimailu ugari dituen talde baten aurka.

Manuel Pellegriniren taldeak eroso igaro ditu hurrengo minutuak. Realari utzi dio baloiaren jabetza, baina etxekoek ez dute minik egitea lortu. Hortaz jakitun, Imanolek Rafael Alcantara eta Alexander Sorloth zelairatu ditu, erasoko jokoa suspertzeko. Alferrikako saialdia izan da. Betisek nahieran antolatu du jokoa, eta Joseba Zalduak eskuz ukitutako baloi batean bisitarien aldeko penaltia adierazi du epaileak. Willian Josek egin du hirugarrena, ea partidaren hondarrean heldu da laugarrena. Astindu batekin amaitu da kopako ibilbidea. Hurrena beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.