Luix Barinagarrementeria

«Abokatu lana ez dut askorik maite; ez da nire pasioa»

Barinagarrementeria nahi gabe hasi zen abokatu lanean, 1990eko urte gorabeheratsu haietan. Hasieratik, justizia administrazioa euskalduntzea izan du lan jarduneko helburu argietako bat. Egun, tertuliakidea ere bada Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan.

unai zubeldia
2022ko otsailaren 4a
11:58
Entzun

Irratiak betidanik sortu izan dio irrika berezia Luix Barinagarrementeriari (Donostia, 1968), baina lagunen arrimuan erabaki zuen Zuzenbide ikasketak egitea. Bizitzako esparru guztietara barreiatzen du bere euskaltzaletasuna, baita justizia administraziora ere. EH Bilduk EAEko ararteko izateko proposatu zuen 2015ean, baina bidean gelditu zen saiakera. Donostiako Doka kafe antzokiko bazkideetako bat da egun.

Luix Barinagarrementeria. Zenbatek galdetu ote dizute jada abizenaren nolakotasunaz…

Askok! Eta nahikoa komeria izan dut horrekin, Guardia Zibilarekin bereziki. Lehen, gordetzen nituen nire abizenarekin epaitegietan egindako anabasak, eta izugarriak ziren. Aranzadiko kideren batek behin esan zidan Markinako Barinaga auzora joandako errementari bat han ezkonduko zela ziurrenik, eta hortik sortuko zela gure abizena.

Justizia administrazioa ez da egokiena ziurrenik abizen hori txukun ahoskatzeko…

Argi eta garbi: ez. Herenegun, oraindik ere, epaile batek lau saiakera egin behar izan zituen nire abizena irakurtzeko. Horrelakoetan, pentsatzen dut: «Jendeak ez al daki irakurtzen?». Gauza bat da abizena luzea izatea, baina…

Abokatua, iritzi emailea, euskaltzalea, enpresaria… Zein da Luix Barinagarrementeria Olaizola?

Abokatua naiz ogibidez, eta euskaltzalea egiabidez, baina abokatutza ez dut askorik maite; ez da nire pasioa. Ikasi dut eta oraindik ere asko daukat ikasteko, baina gustuz… «Enpresari» ere aipatu duzu, eta, tira, bai… Donostiako Doka kafe antzokia zabaldu genuen lagun batzuen artean, eta enpresari bihurtu gaitu horrek. Nire iritziak, berriz, edonoren parekoak dira, baina konturatu naiz zer erantzukizun daukagun; ausarkeriatik ere badauka pixka bat iritzia emateak, eta, zaindu ezean, erraza da hanka sartzea.

Abokatu lana ez duzula bokaziozkoa esan berri duzu. Nolatan aukeratu zenituen orduan Zuzenbide ikasketak?

«Norbera da bera eta bere inguruabarrak». Horrela esaten da, ezta? Unibertsitateko ikasketak aukeratu behar genituenean, lagun batekin Iruñera joan nintzen, Kazetaritza fakultatean proba bat egitera. Baiezkoa eman ziguten, baina lagun batzuk hondartzan geunden batean, haiek Zuzenbidea egin behar zutela, jende prestatua behar zela, herri hau, hizkuntza… Horrela hasi ginen hizketan, eta pausoa eman nuen.

Zerekin egin zenuen topo abokatu lanari ekinda?

Uste dut 1993ko irailean hasi nintzela abokatu lanean, Berdin taldean, eta ez dakit oso jakitun nintzen non sartzen ari nintzen. Bere xumean, oso talde indartsua zen Berdin. Asko lantzen zituen lan eta zigor arloak, eta tren hartara igo nintzen, nora nindoan oso ondo jakin gabe. Egunerokoak izaten ziren [Espainiako] Audientzia Nazionaleko kontuak, atxiloketak… Baina nik Donostiako Aste Nagusiko Salbearen inguruko epaiketa ugari izan nuen orduan.

Abokatu lanari ekinda, betidanik oso presente eduki izan duzu euskara…

Nik hasieratik argi eduki nuen justizia administrazioaren euskalduntze prozesuan lan egingo nuela. Baina azken hogei bat urteotan, oso gutxi aldatu da euskararen egoera justizia arloan. Eraginkortasunetik begiratuta, egoera oso antzekoan gaude. Idatzizko gauzaren batzuk hobetu dira, eta itzulpenak egiten dira, baina… Dena den, euskararekiko interes hori ez daukat justizia administrazioan bakarrik; gauza bera gertatzen zait kuadrillan edo beste edozein arlotan. Seme-alabekin euskaraz egiten dugu, bai, baina lagunen artean-eta galdu egiten dugu euskara. Betidanik oso astuna izan naiz gai horrekin.

Saiakera horretatik sortu zenuten Abokatu Euskaldunen Sindikatua ere, ezta?

Irrika horretatik sortu genuen, bai, gutxi batzuen artean, justizia administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko asmoz. Lan handia egin genuen, bozgorailu handia izan zen, baina oso ondorio gogorrak izan genituen. ETAk Jose Maria Lidon magistratua hil zuen 2001ean, eta Baltasar Garzonek auto batean sartu zuen Abokatu Euskaldunen Sindikatua, Euskal Herrian Euskaraz-ekin, AEK-rekin eta beste hainbatekin batera. Geure artean eztabaida sortu zuen, kontuz ibili beharra geneukan, eta kontuz ibili behar denean…, kito.

Gaur egun, euskararena al da justizia administrazioko legerik hauskorrena?

Baliteke. Epaitegietan prozesua idatzizkoa edo ahozkoa izan daiteke. Idatzizkoan eman izan dira pauso batzuk, eta udal txiki askok egin izan dute euskararen aldeko apustua, baina epaitegiko langile gehienak ez dira euskaldunak, eta barkamen eske joan behar izaten da ia-ia. Oso nekeza da, eta ni ere, agian, ausartagoa nintzen lehen. Bezeroarentzat, sarri okerragoa izaten da epaitegira euskal elefante moduan sartzea.

Hizkuntza kaltegarri bihur daiteke, beraz, epaiketa batean?

Ez dakit kaltegarria den hitza, eta ez dut esan nahi epaiketa euskaraz egiteagatik juridikoki emaitza okerragoa izango denik. Bai, epaile batzuk sumatu izan ditut euskararekiko erabat kontrako eta uzkur, baina arazoa gehiago da prozedura luzatzea, zailtzea eta trakestea.

Marcelino Sexmero Iglesias magistratua ondo gogoan izango duzu oraindik. Beste zazpi abokaturekin batera, zeuk ere 300.000 pezetako [1.800 euro] isuna jaso zenuen 1998an, itzulpen sistema ez onartzeagatik.

Auzia juridikoki garatzen saiatu ginen, eta [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalera joaten ere saiatu ginen, babes helegite baten bidez. Miguel Castells abokatuak esan zigun helegite iraultzailea zela hura, ezin zuela aurrera egin, baina saiatu egin ginen. Sinismen bat geneukan, baina langa gaindiezina da Auzitegi Konstituzionala. Hori bai, ez daukat zalantzarik askoz hizkuntza politika sendoagoa, trinkoagoa eta euskararen aldekoagoa egin daitekeela.

Bai Euskal Herriari euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aldeko herri ekinbideko kide ere izan zinen hasieratik.

Hor ere murgildu nintzen, eta Bai Euskal Herriarekin emandako pare bat prentsaurrekoren ondorioz atxilotu ninduen Espainiako Poliziak, 2000. urtean.

Urriaren 5a zen, goizaldea. Baltasar Garzonen aginduz, atxilotuta eraman zintuzten Madrilera, Piztu dokumentuko auzipetu gisa. Nola bizi izan zenuen prozesu hura?

Bakarrik bizi nintzen orduan, Donostian, etxe txiki batean. Goizaldean etorri ziren, eta, nolabait esatearren, alfonbra arrosa jarrita atera ninduten etxetik; ez ninduten ukitu. Ezin zuten sinetsi abokatu batek etxean sakelakorik eta ordenagailurik ez edukitzea, baina nik etxean ez neukan ez bata, ez bestea. Madrilera gindoazela esan zidatenean, trajea janzten hasi nintzen ni. Ezetz esan zidaten, gorbatarik ez jartzeko; txanodun zerbait nahi zuten, argazki hori nahi zuten. Azkenerako, ez trajea eta ez txanoa, beste arropa batekin joan nintzen. Garzonen aurretik pasatuta, karguekin aske utzi ninduten hasieran, eta kargurik gabe azkenik, Patxi Azparrenekin batera.

Urte gogorra izan zen, minbiziari aurre egin behar izan zeniolako atxilotu aurreko urtean…

Hala da, bai. Irlandan egon ginen oporretan, eta handik bueltan hasi nintzen gauza arraroren bat sentitzen. Barrabiletako minbizia zen azkenean, eta hor hasi zen saltsa: ebakuntza, zerbait aurkitu zutenez kimioa ondoren… Lance Armstrongek orduantxe irabazi zuen bere lehen Tourra, eta erizainek esaten zidaten hura bezala jarriko nindutela. Zorionez, ondo atera zen dena. Oraindik ere azterketa egin behar izaten dut urtero, eta Onkologikora itzultzeak beti ematen du errespetua, baina ez dut izan gorabehera gehiago.

«Desobedientzia zibila bultzatzea»; hori zen atxiloketako akusazio nagusia, ezta?

Dena nahastu zuten. Piztu zer zen ba ote nekien galdetzen zidaten une oro, eta nik ez nekien ezer. Batzuk epaiketara iritsi ziren, baina niretzat oso esperientzia positiboa izan zen, oso jende interesgarria ezagutu nuelako.

32 urterekin, abokatu lanari ekin berritan, zalantzarik izan zenuen hartutako bideaz?

Bai. Askotan sentitzen dut abokatu ez izateko gogoa. EITBko lan poltsetan izena emanda daukat, nahiz eta nire ikasketek ez duten balio. Badaezpada ere, han nago. Nazioarteko bitartekari izatea da nire benetako bokazioa, nahiz eta hizkuntzak menderatu behar diren horretarako. Oraintxe, Kieven egongo nintzateke gustura.

18/98 auzia, Egin eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak… Urte gogor eta gatazkatsuak iritsi ziren jarraian.

Asko luzatu zen 18/98 auzia, eta oso gertutik bizi izan nuen. Atentatuak zeuden tartean, manifestazioak… Zirimola bat zen. Atzera begiratuta, sinestezina iruditzen zait urte haietan pasatu genuena. Del Olmo epailea betiko iltzatuta gelditu zaigu euskaldunoi. Egin, Egunkaria… Oso gogorra izan zen dena, baina erreakzionatzeko gaitasun handia izan zen.

Politikaren arrastoan, EH Bilduk EAEko ararteko izateko hautagai aurkeztu zintuen 2015ean. Nola iritsi zitzaizun proposamena?

EH Bilduko parlamentari bik deitu zidaten, eta nire curriculuma nire abizena baino laburragoa zela esan nien. Manu Lezertua zen beste hautagaia, eta harrigarria zen haren curriculuma. Baina egokia nintzela berretsi zidaten, eta, tira, aurrera egin nuen [EAJ, PSE-EE eta PPren akordioari esker, 53 boto jaso zituen Lezertuak, eta 21 Barinagarrementeriak]. Esango nuke EH Bilduren aldetik arartekoaren figura lantzeko saiakera bat izan zela hura. Aitortu behar dut politikagintza dela nire frustraziorik handienetakoa: Donostiako alkate izan nahiko nuke nik, baina ezin dut; familiaren oreka tarteko, besteak beste. Gustura ariko nintzateke udal mailako politikan, baina 24 ordurekin ez nuke nahikoa izango.

Bidegi auzia aipatuta, zuk zeneraman akusazioa, baina aldundiak erabaki zuen bertako abokatuek hartzea ardura. Nola bizi izan zenuen auzia?

Bidegi auzia ez dago amaituta. 2014an hasi zen, EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian buru zegoenean. Ezin dira gauza asko esan, baina epaitegiak erabakiren bat hartu beharko du laster, eta «laster» izan daiteke astebete edo bizpahiru hilabete barru. Edo arre edo so egin beharra daukate, eta delitu batzuk ikertzeko zantzuak badaudela uste dugu guk.

Nolatan sartu zinen bazkide Doka kafe antzokian?

Maiatzean hamabosgarren urteurrena ospatu nahi dugu, eta ea zerbait txukuna egiten dugun. Gure hasierako asmoa zen hazi moduko bat izatea, gerora jende gehiago erakartzeko, baina lanketa handia eskatzen du horrek. Bere txikian konturatu gara kulturak aurrera egin dezan garagardo asko edan behar direla. Zenbaki gorrietan ez egotea behar du negozio batek, eta Doka askotan egon izan da horrela. Gaur egun, sendotzen ez, baina iraunkortze prozesu batean sartuta dago Doka.

Aspaldi hasi zinen tertuliakide gisa ETB1eko 'Firin Faran' saioan, eta hala zara oraindik ere Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Esateko zer edo zer badaukazun seinale…

Denok daukagu zer esana, nahiz eta batzuk ausartagoak garen, ausartegiak batzuetan. Bakoitzak bere alea uzten du, baina gai gehienei buruz ez dakigu askorik. Plazera sortu dit irratia berriz barrutik ikusteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.