Bilboko Konpartsak

Abiatzear da Bilboko jai urtea

Bilboko Konpartsen Federazioak egitarau oparoa dauka aurreikusita 2022rako. Hamabost egun barru izango da aurreneko jarduera: Aratusteetako X. Kopla Txikien Lehiaketa. Halaber, Aste Nagusia antolatzen ari direla iragarri dute.

Konpartsetako bozeramaile Nerea Matute eta Ioritz Varona goizeko agerraldian, ekintzen traola aurrean dutela, Bilboko Hika ateneoan. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko otsailaren 4a
13:26
Entzun

Osasun egoeragatik hamaika egitasmo bertan behera utzi edo murriztu behar izan ondoren, 2022a «irria, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea» dela uste du Bilboko Konpartsen Federazioak. Hala adierazi dute Nerea Matute eta Ioritz Varona bozeramaileek goizean, Bilboko Hika ateneoan egindako prentsaurrekoan. Nagusia egingo dugu! lelopean, hainbat ekintza dituzte aurreikusita dagoeneko, eta horietako zenbait aletu dituzte agerraldian. Gaur-gaurkoz, egingarriak ikusten dituzte.

Jai urtea hamabost egun barru abiatuko da Aratusteetako X. Kopla Txikien Lehiaketarekin, eta beste hainbat jarduera egingo dituzte martxoaren 1era bitarte. Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak emango ditu egitarauaren inguruko xehetasunak laster. Apirilaren 6an, Korrika Bilbora helduko da, eta harekin egingo dute bat konpartsetako kideek.

Ekainean, kirola eta bizimodu osasuntsuan oinarritutako ekintzak egingo dituzte, baita Bolintxu aldarrikatzekoak ere. Hilaren 11n, Txosnaganerako ohiko mendi ibilbidea antolatuko dute, eta jarduerak izango dira baita San Joan bezperako gauean ere.

Uztailaren 16an Konpartsakide Eguna ospatuko dute, eta jopuntuan dute dagoeneko Aste Nagusia. Aurten abuztuaren 20tik 28ra bitarte egingo da, eta Jai Batzorde Mistoa osatzen duten ordezkariak lanean dabiltza jada; hau da, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta udaleko beste zenbait ordezkari, eta Bilboko Konpartsak Federazioko, Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileko eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko ordezkariak.

Sare sozialetan #NGS22 traolarekin bilduko dituzte ekintzen inguruko informazioa eta iruzkinak. Bestalde, auzoetan egiten den lana ere nabarmendu dute konpartsakideek: «Jai urte honen oinarrian badira Bilboaldeko herrietako eta auzoetako jaiak, eta jai batzorde horien izugarrizko lan paregabe eta gutxitan eskertua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.