Lan araudia

Lan erreformaren onarpena, Konstituzionalerako bidean

PPk eta Voxek iragarri dute auzitegietara joko dutela lan erreforma onartzeko bozketa baliogabetzeko. 

PPko diputatuak txaloka, lan erreforma atzera bota zutela uste zutenean. KIKO HUESCA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 4a
18:43
Entzun

Soka luzea ekar dezake asteazken arratsaldean Espainiako Kongresuan lan erreformaren harira bizitakoak. Erreformak ozta-ozta egin zuen aurrera, PPko diputatu Alberto Caserok huts egin eta gobernuaren lege dekretua onartzearen aldeko botoa eman zuelako. Horrela konpentsatu ahal izan zuen gobernuak UPNko bi diputatuek bere alderdiaren aginduaren muzin egin eta erreformaren aurka bozkatu izana.

Baina porrota gaizki hartu du eskuinak. Dekretuaren edukiari gehiegi erreparatu gabe, Pedro Sanchezen gobernuari min emateko aukera lehenetsi zuten PPk eta Voxek, eta eskura izan zuten garaipenak «iruzur» baten bidez ihes egin diela salatu dute. PPren arabera, Caserok erreformaren aurkako botoa eman zuen bere bizilekutik —gaixo zegoen—, baina sistemak baiezkotzat jo zuen. Akatsaz ohartuta, zuzentzen saiatu ziren, baina Meritxell Batet Kongresuko presidenteak ez zion botoa aldatzen utzi.

Iruzur teknikoa egon zitekeela ukatu dute Kongresuko iturriek, modu telematikoan bozkatzen dutenek bi aldiz eman behar dutelako botoa. Gainera, nabarmendu dute beste bi bozketatan Caserok ez zuela bere alderdiak eskatutakoarekin asmatu.

Azalpen horiekin gustura ez eta «ahalik eta urrunen joango da erreklamazioekin, justizia egin dadin», aldarrikatu du PPk. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera espresuki aipatu du eskuineko alderdiak, eta han aurkituko du Vox ultraeskuindarra ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.