Albistea entzun

Innobasqueren tartea

Berrikuntzak bihotza ukitzen dizunean

Urtero ospitaletik kanpo bihotz-biriketako geldialdia izaten duten ia mila euskal herritarren %10ek baino ez dute bizirik irauten. Ehuneko hori hobetzeko modu bakarra arreta goiztiarra da, eta hori Ermuan egingarriagoa da Bexen Cardioren ekimenari esker, zeina Innobasqueko Kasu Praktikoen Bankuan dagoen sartuta.

Bexen Cardioren ekimenaren bi boluntario.
Bexen Cardioren ekimenaren bi boluntario. INNOBASQUE

Goiz esku hartzeak, bizirik irteten den jende kopurua areagotzeaz gain, geldialdi kardiorrespiratorioaren ondorioak hain larriak ez izaten lagundu dezake. Baina, hori lortzeko, ospitalez kanpoko baliabideak eduki behar dira, bai baliabide teknikoak, bai giza baliabideak. Hau da, biktimarengandik hurbil dagoenak sintomak identifikatzen jakin behar du, desfibriladorea izan behar du, eta, noski, behar den moduan erabiltzen jakin behar du.

Mondragon Korporazioa enpresak konponbidea eman die hiru arazo horiei; mediku ekipamendu horiek fabrikatzen ditu, eta Ermua, hiri bihotz-babestua proiektua jarri du abian. Ekimen aitzindaria da (tokiko udalaren laguntza izan du), eta teknologia eta herritarren parte hartzea uztartzen ditu.

Hasteko, Bexen Cardiok herrian kanpoko hamar desfibriladore automatizatu jarri ditu, eta dagoeneko udalerrian zeuden hamabiei gehitzen zaizkie horiek. Aurretik zeudenak eraikin publiko, enpresa eta supermerkatuetan daude; aldiz, berriak, gehienbat bide publikoan jarri dira: hortaz, irisgarri daude 24 orduz. Hori dela eta, beti egon behar dute egoera ezin hobean, eta horretan berrikuntzak ezinbesteko zeregina du, batez ere gauzen Internetera lotutako teknologiak. Horrek erraztu egiten du, batetik, gailuen softwarea urrutitik eguneratzea, eta, bestetik, desfibriladoreak berak abisuak igortzea prebentziozko mantentze lanari edo aktibazioari buruz. Xedea betetzeko, gailuek berariaz erabilera ez-profesional baterako diseinatuta egon behar zuten. Hots, erraz eta intuizioz erabiltzeko modukoak izan behar zuten, eta ekipamenduak berak bermatu egin behar zuen erabiltzaileak ondo egiten zuela urrats bakoitza.

Alderdi teknikoa konponduta, giza alderdia baino ez zen gelditzen; norbait horiek behar genituen, beren sakelakoetan udalerriko hainbat tokitatik desfibriladoreek igorritako alarmak jasoko zituztenak eta geldialdi kardiorrespiratorioaren biktimak artatzen jakingo zutenak. Hori konpontzeko, erreskatatzaile boluntarioen sare bat egitea erabaki zen. Herrian bizi diren edo lan egiten duten pertsonak eta bihotz birikietako bizkortze maniobra egiten eta desfibriladoreak nola erabili ikasi dutenak, alegia. Ikastaroak online plataforma baten bidez emango dira, eta, hasiera batean, aurrez aurreko prestakuntza osatzeko izango lirateke. Gero, boluntarioei aukera emango litzaieke eskuratutako ezagutzak eguneratu eta berritzeko nahi dutenean.

Ermua, hiri bihotz-babestua programa, publiko pribatua izatez gain, proiektuaren beste alderdi aipagarri bat da zero kilometroko ekimena dela, non inguruko hainbat enpresa eta erakundek lagundu duten: Gurutze Gorriak eta Teknodidaktikak boluntarioei ikastaroak eman dizkiete; Ludusek prestakuntzarako erabilitako errealitate birtualeko inguruak diseinatu ditu; eta Diara kooperatibak soluzioaren diseinuan lan egin du.

Ekimenak piztu duen interesa hain izan da handia, non hasieran aurreikusitako 150 boluntario prestatuak 200 izan diren azkenean, eta programaren sustatzaileak beste udalerri batzuetan ezartzea pentsatzen ari dira, bai eta Larrialdien Euskal Sarean txertatzea ere, erreskatatzaileen sarea 112ko eta Osakidetzako zerbitzuekin koordinatzeko.

Albiste gehiago

Emozio berriak Eureka! Zientzia Museoan. ©EUREKA! ZIENTZIA MUSEOA

Zientzia-ikuskizunak, bisita gidatuak, saioak planetariumean eta errealitate birtualeko simulagailuak

Eureka zientzia museoa

Udara honetan hainbat jarduera berezi eskaintzen dizkiegu Eureka! Zientzia Museoan haurrei eta helduei, familian edo lagun artean ondo pasatzeko.

Gamere-Zihigako Lamina Ziloa. ©GUILLAUME FAUVEAU / IPARLASS

Lamina Ziloa

Berria

Gamere-Zihigako Lamina Ziloan ur termalak daude, propietate sendagarriak dituztenak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Innobasque