Komunikabideak

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio «hedabideen egoera» aintzat hartzeko laguntzak bideratzeko orduan

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk galdegin dute hedabideen audientziak neurtzeko sistema propioa sortzeko eta laguntzak banatzean euskararen presentzia aintzat hartzeko. Gainerako taldeek, baina, atzera bota dute eskaera.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 10a
16:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzak iazko azaroan iragarri zuen bost milioi euroko diru laguntza emango ziela hedabideei, COVID-19ak eragindako «lurrikara ekonomikoari» aurre egiteko. Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak orduan gaitzetsi zuen %6,6 soilik izango da euskarazko hedabideentzat; izan ere, euskara hutsezko bi hedabide soilik daude laguntza jasoko dutenen zerrendan: BERRIA eta Bizkaia irratia.

Orduko hartan, hedabideei emandako laguntzen inguruan kontuak eskatu zizkion Eusko Legebiltzarrean Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Eta, gaur, EH Bilduk atzera eraman du gaia osoko bilkurara, mozio bidez, eta gaiaren inguruan zuzenketa partzial bat adostu du Elkarrekin Podemos-IUrekin. Testuan, Jaurlaritzari eskatu diote jarrai dezala euskarazko hedabideei babesa ematen «haien eguneroko jarduera bermatzeko», eta etorkizunera begira euskarak eta hedabideen sektoreak dituzten «beharrizan eta erronketara» egokitzeko. Horrekin batera, galdegin diote hedabideen sektorearen egoerari errepara diezaiola arlo horretarako ematen dituen laguntzak bideratzeko garaian. Hala, «eraginkortasunari begira» Jaurlaritzari eskaera hau egin diote: azter ditzala komunikabideen audientziak neurtuko duen sistema propioa sortzea, eta laguntzak banatzeko orduan euskararen presentzia aintzat hartzeko era.

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren ekinbideak ez du aurrera egin, talde guztiek aurkako botoa eman dutelako. Horren ordez, EAJk eta PSE-EEk sinatutako zuzenketak lortu du babesa, eta huraxe onartu da. Eusko Legebiltzarrak onetsitako proposamenak, besteak beste, eskaera hau egiten dio Eusko Jaurlaritzari: hedabideen sektoreak «oro har» duen egoerari errepara diezaiola arlo horretarako laguntzak emateko orduan. Horrez gain, testuak dio «bereziki babestu» behar direla euskarazko hedabideak, euskal komunikazio ekosistemaren barruan duten garrantziagatik, eta herritarrek informaziorako duten eskubidea euskaraz ere bermatzeko tresna direlako. Halaber, Jaurlaritzari eskatu dio jarrai dezala euskarazko hedabideak «babesten», baita etorkizunera begira euskarak eta hedabideen sektoreak dituzten behar eta erronketara egokitzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.