Lan gatazkak

Dassault enpresako langileak protestan dira lansarien igoera eskatzeko

Enpresak irabazi handiak eginik ere zuzendaritzarekin egin negoziazioen blokeoa salatu dute

Dassault enpresako langileen protesta, goizean, Angelun. BO EDME
Aiala Etxeberri Latapy - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko otsailaren 10a
17:24
Entzun

Azarotik protestan dira Angeluko Dassault Aviation hegazkingintza enpresako langileak, ez dutelako lortu haien lansaria nahi bezainbat emendatzea. Greba izan dute gaur, Angeluko (Lapurdi) egoitzan. Goizetik barrikadak egin dituzte enpresaren aitzinean, egurrezko paletei su emanez, CGT eta CFDT sindikatuek deiturik. Dozenaka langilek enpresarako sarbidea oztopatu dute, produkzioa oztopatzeko asmoz.

Izan ere, 2020tik urteroko nahitaezko negoziazioen barruan lansariaren emendatzea blokeatua da, sindikatuen arabera. 2020an, zuzendaritzak lansaria ez zien batere emendatu, eta 2021ean, %0,5. Aitzineko bi urteetan bezala, aurten ere zuzendaritzak ez ditu langileen aldarrikapenak bete, langileek eta sindikatuek salatu dutenez.

Zuzendaritzak, alta, hitzarmen bat izenpetu zuen Unsa eta CFE erakunde sindikalekin, baina ez da CGT eta CFDT sindikatuen eskakizunen neurrikoa. Protestan diren langileek, erraterako, hilabeteko lansari garbiaren 200 euroko emendatze bat eskatzen dute. Halaber, galdetzen dute ere lan arduradunen eta langileen artean ber emendatzeak izan daitezen.

Jean Michel Aroztegi Dassault enpresako langilea da, eta CGT sindikatuko ordezkaria. Zuzendaritzak arduradunen eta langileen artean egiten duen bereizketa gaitzetsi du: «Kontua da badela diferentzia handi bat lan arduradunen eta langileen arteko lansariaren emendatzean; kasik erran genezake diskriminazio bat dela. Arduradunek duten lansari emendatzea langileena baino goragoa da, beti. Badira urteak egoera hau pairatzen dugula, eta, emeki, langileon baitan aiherkundea sortzen hasi da». Hala, azken bi urteetan protestak egin dituzte, baina hozka bat igo zuten abendu hasieran. Orduz geroztik, greba hasia dute: aldizkakoa egiten dute gehienetan, eta greba egun batzuk ere antolatzen dituzte, «indar harremana atxikitzeko».

Zehaztu behar da Dassault enpresak hegazkin militarrak eta negozio bidaietarako hegazkinak fabrikatzen eta saltzen dituela. Angeluko lantegia da enpresaren handienetakoa: 800 langile ari dira bertan —horietako %80k parte hartzen dute mobilizazioan, sindikatuen arabera—. Pandemia garaian, Dassault Aviation enpresak urteko negozio zenbateko handia egin du. Kasurako, urte hastapenetik Rafale modeloko 142 armadako hegazkin saldu dizkie Indonesiari eta Arabiar Emirerri Batuei. Indonesiarekin egin duen tratuaren berri eman du gaur enpresak, hain justu. Salmenta horiek irabazi handiak ekarri dizkiote enpresari: Rafale hegazkin bakoitza 200 milioi eurotan saltzen du, eta Falcone motako hegazkin bakoitza 25-55 milioi euro inguruan. «Bi urte horiek gogorrak izan dira pobreentzat eta langileentzat, hots, gizartearen gehiengoarentzat. Baina milioidunak are gehiago aberastu dira; horien artean da Dassault enpresa. Dirua bada, eta baliabideak badira gure lansarien emendatzeko», aldarrikatu du Aroztegik.

CFDT sindikatuko bozeramailea da Alain Darmendrail, Dassault enpresako langilea. Hark ere uste du enpresaren irabaziak ikusirik langileen lansariak emendatzeko «tenorea» dela. Inflazioa ere kontuan hartzea «gutxienekoa» dela dio. «Gure eskaeraren kopurua kalkulatzean, inflazioa kontuan hartu dugu: %2,8koa da. Beraz, minimoa da inflazioaren heineko igoera izatea gure lansarietan. Zuzendaritzak hori ere ez du onartu langile guztientzat: bidea badugu oraino egiteko». Langileak mugimenduan segitzeko prest dira. Bihar, aldizkako greba eginen dute, postua tarte batez utziz. Aroztegi: «Produkzio gaitasuna apaldu da protesta hasi dugunetik; indar harremana atxiki behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.