Kanada

Ontarioko Gobernuak larrialdi egoera ezarri du, txertoen aurkakoen blokeoagatik

«Ondorioak egongo dira, eta larriak izango dira», ohartarazi die protestariei Ford Lehen ministroak.

Kanada eta AEBen arteko Ambassador zubia, gaur, trafikorik gabe, blokatzearengatik. TANNEN MAURY / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 11
18:35
Entzun

Bost egun daramate dozenaka kamioilarik Kanadaren eta AEBen muga igarobide garrantzitsuena blokeatzen, izurriari aurre egiteko neurriengatik protestan, besteak beste, muga gurutzatzeko eskatzen dieten txerto agiriaren kontra. Egoera asko okertu da azken orduotan, eta Ontario eskualdeko gobernuak larrialdi egoera ezarri berri du.

Doug Ford Ontarioko Lehen ministroak ohartarazpena egin die manifestariei: «Ondorioak egongo dira, eta larriak izango dira». Adierazi duenez, ia 70.000 euroren isunak eta urtebeteko kartzela zigorra ezarriko diete errepideak blokeatzen dituztenei. Izan ere, larrialdi egoerapean legez kanpokotzat jotzen da azpiegitura garrantzitsuak blokeatzea.

Nazioarteko muga pasabideetan, portuetan, aireportuetan edo autobideetan ondasunen, jendearen edo zerbitzuen mugimenduari traba egiten dion edonoren kontra joko dutela ohartarazi du Fordek. Esan duenez, protestarien garraio baimenak bertan behera utziko dituzte.

Egunero 350 milioi euroren salgaiak garraiatzen dituzte Kanada eta AEBen arteko Ambassador zubitik. Baina badira bost egun kamioilarik eta haien hainbat sostengatzailek blokeatuta daukatela. Egoerak kalte handia eragin die bi herrialdeon ekonomiari. Besteak beste, Ford, General Motors eta Toyota konpainiek ekoizpena gelditu edo murriztu behar izan dute hornigaien faltarengatik.

Kanadako beste muga igarobidetan ere arazoak sortzen ari dira protestengatik.

Duela bi aste hasi ziren protestak herrialdean. Ottawan Kanadako Legebiltzarraren inguruko kaleak blokeatuta dituzte 400 kamioi inguruk.

Washingtonek ere egoera konpontzeko eskatu dio Kanadako Lehen ministro Justin Trudeauri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.