Irribarria-Rezusta 22-12 Laso-Imaz

Irribarriak eta Rezustak erakustaldia eman dute, eta lidergoari eutsi

Neurketa bikaina jokatu dute Laso eta Imazen aurka (22-12), eta lehen postuan jarraitzen dute, Altuna III.a-Martijarekin eta Elezkano II.a Zabaletarekin berdinduta.

Tafallako frontoia bete egin da gaurko neurketa erabakigarria ikusteko. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko otsailaren 13a
20:23
Entzun

Jotzaileak dira Irribarria eta Rezusta, eta horixe erakutsi dute gaur Tafallan (Nafarroa). Euren jokurik onena erakutsi dute, eta mendean hartu dituzte Laso eta Imaz (22-12). Neurketaren aurretik, sailkapen nagusian berdinduta zeuden zortzina garaipenekin, eta balantza euren aldera jarri dute txapelketako liderrek. Bederatzi garaipen dituzte orain,Altuna III.a-Martijak eta Elezkano II.a-Zabaletak adina.

Gaurko neurketan hasieratik atzetik ibili arren (10-3, 16-6 edo 18-8), Lasok eta Imazek ez dute behin ere amore eman. 19-12 ere jarri dira, baina ezin izan dute besterik egin.

Sekulako saltsa

Azken jardunaldian, sailkapenaren goialdean, zuzenean finalerdietako ligaxka jokatzeko lehian dauden lau bikoteetatik hiruk irabazi egin dute: Altuna III.a-Martijak 22-8 hartu zituzten mendean Peña II.a-Albisu, herenegun, Idiazabalen (Gipuzkoa). Aspekoek zortzigarren garaipena dute azkeneko bederatzi partidetan. Elezkano II.a-Zabaleta, berriz, 22-10 nagusitu zitzaizkien atzo Urrutikoetxea-Arangureni, Bilbon. Gaur, Irribarria-Rezustak poltsikoratu dute beste puntu bat.

Batzuk zein besteek urratsa egin dute zuzenean finalerdietara pasatzeko. Berdinduta daude hirurak, bederatzi garaipenekin. Baita azken jardunaldiko partidak ere. Ustez, lehia samurrena dute Elezkano II.a-Zabaletak, Jaka-Mariezkurrena II.aren kontra jokatuko baitute. Altuna III.a-Martija, ordea, aurkari zuzenen kontra ariko dira azken jardunaldian: Laso-Imazen aurka.

Azpialdean ere guztia argitzeko dago. Jardunaldi honetan gertatutakoak are gehiago estutu du dena: batetik, Ezkurdia-Tolosak atzo 22-12 irabazi izanak Jaka-Mariezkurrenari II.ari, Iruñean, eta, bestetik, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Peña II.a-Albisuk galdu izanak. Honela dago sailkapena: Peña II.a-Albisuk bost garaipen dituzte, eta lau Ezkurdia-Tolosak, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrena II.ak. Behetik gora egin dute Aspekoek, eta horrek sekulako konfiantza eman die. Atzo bikain aritu ziren.

Azken jardunaldian, partida erabakigarria jokatuko dute elkarren aurka Ezkurdia-Tolosak eta Urrutikoetxea-Arangurenek. Irabazleak kanporaketan ariko dira ziur, eta galtzaileak Jaka-Mariezkurrena II.ak egiten dutenaren mende geratuko dira. Horiek oso neurketa zaila dute, Elezkano II.a-Zabaletaren kontra. Estu, baina garaipen bat gehiagorekin daude Peña II.a-Albisu, baina haiek ere lehia oso gogorra dute, Irribarria-Rezustaren aurka. Muturrekoa da parekotasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.