Zinema

Norbere identitatea askatasunez eraikitzeko aldarria egingo du Zinegoak jaialdiak

Hilaren 28an abiatuko da 19. Zinegoak jaialdia. Aurrez aurre zein online ikusi ahal izango da, eta martxoaren 7ra arte iraungo du.

Zinegoak jaialdiko antolatzaileak, gaur goizean, Bilborocken egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 21a
17:21
Entzun

«Zinemaz eta kulturaz in situ gozatzea da asmoa; Zinegoak topagune izatea nahi dugu». Alaitz Arenzana zuzendari artistikoaren hitzetan, presentzialtasuna mantentzea izan da, zalantzarik gabe, aurtengo Zinegoak jaialdiaren helburuetako bat. Baina, iazko arrakasta ikusita, aurten ere piezak online ikusteko tartea izango da Filmin plataformaren bidez: «Bilbora joan ezin diren pertsona guztiek jaialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten». Datorren astelehenean emango diote hasiera Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Nazioarteko Jaialdiari, eta martxoaren 7ra arte iraungo du.

Aurtengo aldian «errealitate pluralak» landuko badituzte ere, ezaugarri bat izango dute guztiek: norbere identitatea eraikitzeko askatasuna. «Zinegoak 2022k erdigunean jarriko ditu gure identitatea eraiki, pentsatu eta birsortzeko milaka aukera. Nortzuk garen eta geure burua nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatu nahi ditugu», nabarmendu du Arenzanak. Horixe bera islatzen da aurtengo jaialdiko karteletan ere, «inposatutako etiketarik gabe bizitzeko gonbidapena». Eta aldarri hori «oso presente» egongo da proiekzioetan ere. «Beren genero eta adierazpen orientazio edo aniztasunagatik jazarpena edo errepresioa pairatu duten pertsonen istorioak ezagutuko ditugu, eta denetan egongo da presente bizitzeko aldarri hori, aurrera egiteko nahi hori», azaldu du Julen Nafarrate jaialdiko komunikazio arduradunak.

Baina badira programazioan pisu nabarmena duten beste gai batzuk ere. Kasurako, GIB giza immunoeskasiaren birusa: «Zinegoaken beti izan dugu presente gai hau, baina ikusgaitasun handiagoa eman nahi izan diogu, estigma sozial handia dagoelako oraindik ere». Horren adibide dira, besteak beste, Women do Cry eta Feast filmak. 19 urteko emakume baten istorioa kontatzen du aurrenekoak, eta besteak, berriz, topaketa sexual batean nahita egindako kutsatzea izango du hizpide.

Aurreko aldietan bezala, hiru sail ofizial izango dira: DOK –dokumentalak–, FIK –fikzioa– eta KRAK–narratiba berriak–. Hamasei ekoizpen egongo dira hiru arlo horietan banatuta, eta horietatik zortzi, gainera, erabateko estreinaldiak izango dira. Arenzanak nabarmendu duenez, gehienak emakumeek zuzenduriko lanak dira, «baina horrek ez du esan nahi lanean jarraitu behar ez dugunik: asko dago egiteko».

Bestalde, Bilborocken film laburrak ikusteko aukera egongo da, doan. Haurtzaroari eta nerabezaroari eta emakumeek zuzendutako lanei eskainitako zikloez gain, bi berri izango dituzte: Maitasunezko poliedroak –harreman afektibo-sexualen formulei buruzkoa– eta Trantsizioak –trans errealitateari buruzkoa–. Guztira, 22 film labur emango dituzte. Gainera, Erroak film laburren zikloak euskal zuzendarien lau obra erakutsiko ditu.

Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko, baina beste hainbat sari ere banatuko dituzte. Besteak beste, publikoaren saria, giza eskubide eta aniztasunarena, lesbianismoarena, eta gazte eta senior epaimahaiarena. Martxoaren 7ko amaiera ekitaldian jakinaraziko dituzte sari horiek guztiak.

Albertina Carri zuzendari eta aktibistaren lanari egingo dio aitortza aurtengo jaialdiaren Ohorezko Sariak, eta Bilbo Arten hari eskainitako ziklo berezi bat antolatu dute. Emanaldi berezi gehiago ere izango dira: Adrian Silvestre zuzendariak Sedimentos bere azken lana estreinatuko du; martxoaren 4an «saio lizuna» egingo dute Noel Alejandro helduentzako zinema zuzendariaren eskutik; eta, azkenik, Antony Hickling zuzendariaren Down in Paris filma ere erakutsiko dute.
Zinemaz gainera, arte eszenikoentzako lekua ere egongo da: VACAburra taldeak Metoloxias carroñeras para corpos invertidos ikuskizuna eskainiko du, eta Pabiloi 6-ko gazte konpainiak, Rey desnudo y chico muerto obra.

Gainera, jaialdiaren bitartez, bultzada bat eman nahi diote ZG PRO topaketa profesionalari. Sexu aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko proiektuak aurkezteaz gainera, masterclass-ak eta LGTBI jaialdien topaketak egingo dituzte.
Berez, jaialdia datorren astelehenean hasiko da, baina ostiraletik igandera hainbat ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da Guggenheim museoan.

Ahalik eta gehien zabalduz

Aurreko aldietan egin bezala, Bilboko programazioa bukatuta, 47 herritan erakutsiko dituzte Zinegoakeko edukiak. «Urterik urtera gero eta udalerri gehiagok hartzen dute parte, eta oso pozik gaude; izan ere, kultur jarduera bat izateaz gain, gizartea eraldatzeko tresna eraginkor bihurtu nahi dugu», azaldu du Nafarratek. Gainera, iazko «esperientzia positiboa» errepikatuz, aurten ere Lekeitio (Bizkaia) izango da jaialdiaren bigarren egoitza ofiziala, eta, Bilborekin lankidetzan, hainbat jarduera antolatuko dituzte.

Ikastetxeetara ere zabalduko dute aurtengo jaialdia. ZineGogoak lelopean, aniztasuna ikastetxeetara gerturatzea izango da asmoa, Arenzanaren arabera: «Ikastetxeak dira gure gizartearen balioak ikusgai egiteko eta naturalizatzeko guneak». Portugaleten (Bizkaia) jarriko da martxan ZineGogoaken lehen aldia, baina aurrerantzean «gero eta herri eta eskola gehiagotara» hedatzeko nahia erakutsi dute antolatzaileek. Zinema saioak eskaintzeaz gain, solasaldiak antolatuko dituzte proiektu horren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.