Artea

Jean Dubuffet artistaren ibilbidea erakutsiko du Guggenheimek

Jean Dubuffet artistaren 54 obra egongo dira ikusgai Bilboko Guggenheim museoan, abuztuaren 21era arte. New Yorkeko eta Veneziako Guggenheim museoen bildumaren parte dira lan guztiak.

Juan Ignacio Bidarte, Nora Sarasola eta David Max Horowitz, gaur goizean, Jean Dubuffet artistaren 'Muta Permuta' obraren aurrean. ARITZ LOIOLA/FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 24a
17:33
Entzun

Bigarren Mundu Gerraren amaieran hasi zen Jean Dubuffet (Le Have, Frantzia, 1901-Paris, 1985) bere pinturak ikusgai jartzen. Kulturaren mekanismo arruntetatik harago joaten ziren lan horiek, edertasun klasikoaren eta lotsaren printzipioak baztertuta. Haren ibilbideko «hamarkada erabakigarrienak» bilduko dituzte bihartik aurrera Bilboko Guggenheim museoan. Zehazki, artearen esparruan egin zuen etengabeko bilaketaren eta esperimentazioaren adierazle direnak: 1940ko hamarkadako lehen sorkuntza lanetatik hasi eta 1984an egindako azken obretaraino. Kronologikoki antolatu dute sortzailearen ibilbidea eta haren garapena erakusten duten 54 obrak. Horietako gehienak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoko funtsetatik hartutakoak dira, eta gainerakoak, berriz, Veneziako Peggy Guggenheim bildumatik. Abuztuaren 21era arte ikusi ahal izango dira.

«Jendeak nire lana gutxietsitako balioak indarberritzeko ahalegin gisa hartzea nahi nuke, eta, ez gaizki ulertu, ospakizun bizi gisa», esan zuen behin Dubuffetek. Eta handik hartu dute erakusketaren izenburua ere: Jean Dubuffet: ospakizun bizia. Harentzat, kultura zoramenaren, zorroztasunaren eta bat-batekotasunaren ispilua da, ez edertasunarena, ez arrazoiaren emaitza. Mundu akademikoak kutsatua zegoela onartzen zuen, eta, hortaz, ezin zuela sormen hori landu. Pintura, marrazkia, collagea, litografia, eskultura eta performancea erabili zituen artistak, besteak beste, bere lanak sortzerako orduan. Eta, hain zuzen ere, horietan oinarritzen da erakusketa ere: artistaren sorkuntza lan zabalaren panoramika bat da.

Dadaismoak piztu zuen Dubuffeten barrenean artearen abenturari ekiteko nahia. Artistak edertasunaren kontzeptua birpentsatzera gonbidatu zuen publikoa, eta gauza arruntak zeinen miresgarriak izan daitezkeen erakutsi zuen. Horren adibide da, esaterako, Irudipenen muinoa obra. Karea, zementua eta harea bezalako materialak erabili zituen artistak pinturaren izaera fisikoa nabarmentzeko asmoz. Eta artelaneko forma zehaztugabeek formazio geologikoak, fosilak edo lur azpiko formak dirudite. «Baina ezin daitezke ondo antzeman», adierazi du David Max Horowitz erakusketako komisarioak. Dubuffetek natura bizia irudikatu nahi izan zuen artelan horretan: «Paisaia etengabeko aldaketan dagoela erakutsi nahi izan zuen, eta ez zerbait pintoreskoa eta barea balitz bezala».

Aldi berean, erretratu asko ere egin zituen artistak garai hartan. Besteak beste, Lucien Geominne soldaduaren erretratua. Horiek egiterakoan, edertasunaren inguruan gizartean onartutako ideiak baztertzea zen haren asmoa. «Gorputz idealizatuak kritikatzen zituen, eta bere erretratuetan, jendea uste baino ederragoa zela aldarrikatzen zuen», kontatu du komisarioak.

1958tik 1962ra Fenomenoak saileko grabatuak egiten aritu zen Dubuffet, eta, guztira, 362 litografia sortu zituen. 1962az geroztik, berriz, estilo aldaketa nabarmena egin zuen artistak. «Dubuffetek ez zuen estilo bakarrera mugatu nahi izan; hortaz, bere ibilbidean zehar, lan egiteko modua aldatzeaz gainera, erronka eta bide berriak planteatzen zituen etengabe».

«Arteak beti eragin behar digu barre pixka bat, eta baita beldur pixka bat ere; baina aspertu, inoiz ere ez», esan zuen behin Dubuffetek. Eta Une egokia obra da, besteak beste, horren adibide. Pailazo itxurako irudiak nahastuta agertzen dira artelan horretan, eta kolore nahasketa itzela ematen da. Ordura arteko estiloa aintzat hartuta, aldaketa nabarmena ekarri zuen bai tonuan eta baita gaietan ere. Izan ere, naturaren inguruko gaiak baztertu, eta «gizakia ospatzen» hasi zen pixkanaka.

Bide beretik, L’Hourloupe saila ere ondu zuen artistak etapa horretan. Multzo horretako artelanetan, marra lodi batek marrazturiko eta mugaturiko gelaxkak modu ordenatuan antolatuta daude, eta kolore gorri, urdin eta zuriak dira nagusi. Horren adibide da, kasurako, Nunc Stans obra. Artelanak «eternitateari» egiten dio erreferentzia, eta bisualki ere «oso indartsua» da, komisarioaren hitzetan: «Benetakoaren eta asmatutakoaren arteko tentsioa nabaria da, eta aurpegi ugari ere badaude ezkutuan». Fantasiazko unibertso hedakor bat osatu zuen Dubuffetek ziklo horretan, eta itxuraz iraunkorra dena iheskorra izan daitekeela aditzera ematen du: «Hau da, formak ez duela zertan objektua definitu».

Bere bizitzako azken hamarkadan, adimenaren mekanismoak aztertzeari ekin zion artistak, eta pentsamenduaren alderdirik abstraktuenak adierazten hasi zen. Mirak sailean, adibidez, nahas-mahas koloretsuek hartzen dute ikuslearen arretarik handiena. «Margolan hauek beste ikuspegi bat ikasteko praktikatzat hartu behar dira», zioen artistak. Oroimenaren Antzerkiak sailerako, adibidez, hiztegi bat ezarri zuen, eta jendeak pertzepzioa, oroitzapenak eta ideiak nola integratzen zituen adierazi nahi izan zuen bertan.

Artista ezaguna

Dubuffeten izena aski ezaguna da arte munduan, eta ez dira gutxi eskaini zaizkion atzera begirako garrantzitsuak ere. Kasurako, New Yorkeko Guggenheim museoak hiru erakusketa handi eskaini zizkion artistari: Jean Dubuffet 1962-66 (1966), Jean Dubuffet: A Retrospective (1973) eta Jean Dubuffet: A Retrospective Glance at Eighty (1981). Horrez gain, bere obraren bilduma bat ere sortu zuten 1959an eskuratutako Ate askiarekin (1957) pinturatik abiatuta. Lan hori ikusgai dago erakusketa honetan ere, eta jendeak oro har miretsi ohi ez dituen objektuetan jarri zuen artistak foku nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.