Enpresen emaitzak

CAFek igaro du pandemia osteko txakalaldia: 86 milioiko mozkinak

Azken zortzi urteetako emaitzarik onenak lortu zituen iaz, batez ere trengintzaren alorrean izandako gorakadarengatik. Eskari zorro orokorra 2020. urte amaieran zuena baino %9 handiagoa da egun

CAFen egoitza Beasainen (Gipuzkoa). KARLOS CORBELLA
Imanol Magro Eizmendi / Jokin Sagarzazu
2022ko otsailaren 25a
19:21
Entzun

CAF osasuntsu irten zen pandemiatik, edo, trengintza metaforak erabiliz, abiada handian atera da COVID-19aren tuneletik. 2020ko txakalaldiaren ondoren, 86 milioi euroren irabazia izan zuen izan. Azken zortzi urteetako mozkin kopuru handiena da; 2013ra jo beharra dago antzeko zifra bat aurkitzeko —91 milioi irabazi zituen ordukoan—. Hori, baina, ez da egonkortasun zantzu bakarra, ez baitzaio lanik falta: egungo eskari zorroa 2020ko amaieran zuena baino %9 handiagoa da.

2020an aspaldiko emaitza eskasena lortu zuen CAFek. Pandemiak bete betean eragin zion mugikortasunari eta erakunde publiko askok inbertsioak eten zituzten. 2021ari zuhurtziaz ekin zion, baina hilabeteak pasatu hala hauspoa hartu zuen. Iazko hirugarren hiru hilekoan 59 milioi euroko irabazi pilatua zeraman, eta azkenekoan 27 milioi euroko koska gehitu zion. Zergei dagozkienez, irabazien araberakoak dira, 41 milioi euro ordaindu zizkion Ogasunari.

CAFek 2.943 milioi euroko fakturazioa izan zuen, inoizko handiena. %7an hobetu zuen 2020ko kopurua, hein handi batean trengintzari esker —negozio bolumen osoaren %76 da—. Trengintzako fakturazioa 2.037 milioitik 2.222 milioira igaro zen (%7); autobusgintzakoak (Solaris), aldiz, %1 egin zuen behera: 725 milioitik 721era. Zifra hori baina, ez da erreala, 794 milioiko eskaerak zituen eta aurtengo lehen hiruhilekoan asetuko ditu eskaerak. Zentzu horretan ikusi beharko da Solarisen Poloniako langileak egiten ari diren grebak eragiten dion ala ez.

Aurrera begira jarrita, egungo eskari zorroa duela hamabi hilabete baino handiagoa da. Trengintza eskariak %9 handitu dira eta autobusen arlokoak %10. Emaitza onei esker, CAF finantza zor-garbiaren kopurua murrizten ari da: 2019an 433 milioi eurokoa zen, 311 milioikoa iaz, eta 278 milioikoa egun. Azkenik, iaz dibidenduak banatu zituen akziodunen artean: akzio bakoitzak 2,51 euroko irabazia sortu zuen, eta CAFek euro bat banatu zuen. 2020n ez zuen dibidendurik banatu eta 2019an 0,84 zentimo akzioko.

Solaris, hilabete greban
CAFek Polonian duen enpresako (Solaris) langileak greba mugagabean daude urtarrilaren 24tik. Lan baldintzak hobetzea eta, bereziki, soldatak igotzea galdegin dute. Azaldu dutenez, hamabost urteko lan esperientzia duten langileek 660 euro irabazten dituzte hilean. Sindikatuek eskatu dute soldatak %12 igotzeko (88 euro hilean); enpresak, aldiz, langile guztientzako %5eko igoera proposatu zuen. Hil honen hasieran, beste eskaintza bat egin zuen: %8,5eko igoera, baina soilik soldata txikienak dituztenentzat. Sindikatuak ez daude ados, eta grebak jarraitzen du.

Poloniako sindikatuek salatu dute enpresak ez duela hitz egin nahi, eta haiek langileekin harremanetan jartzeko bideak oztopatzen ari dela. CAF, bere jarrerarekin, Poloniako eta nazioarteko lan araudiak urratzen ari dela salatu dute. CAFeko zuzendaritzak, kazeta honek egindako galderari erantzunez, esan du ez duela ezer esatekorik gaiari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.