Sare sozialak

EginTril, lotsa galdu eta jendea ezagutzeko gune birtuala

Kataluniako TinderCat-en euskarazko bertsioa da, Twitterreko 'interspace' batean kokatua. Audioz zein idatziz har daiteke parte. Gaur gauean eginen dute lehenbiziko saioa, 22:00etan.

EginTril espazio berriaren irudia, Twitterren. EGINTRIL
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko martxoaren 1a
11:41
Entzun

Hotzak, idorrak eta ligatzeko abilezia handirik gabeak: adjektibo horiek ezarri izan zaizkie sarritan euskal herritarrei. Zenbateraino da hori egia, ordea? Dudak duda, zurrunegiak suerta daitezkeen aurreiritziak eraisteko ekinbide bat abiatu dute zenbait euskal sortzailek Twitterren. Kataluniako TinderCat egitasmoaren pausoei segika, euskarazko bertsioa sortu dute: EginTril.

Gaur aktibatuko dute lehen aldiz, 22:00etan, @egintril Twitter kontuaren bitartez. Izan ere, Twitterren azken berrikuntzetako bat baliatuta funtzionatuko du ekinbideak: TwitterSpace direlakoak. Audio gelak dira, funtsean, eta aukera zabalak ematen dituzte beste pertsona batzuekin elkarrizketak josteko. 22:00etatik aurrera, bada, erabiltzaileek sarbide zuzena izaten ahalko dute EginTril-era; mezuak bidaltzeko modua izanen da, eta erantzunak jasoko dira bueltan.

Egitasmoaren sortzaileek zehaztu dutenez, gainera, audio bidez ez ezik, idatziz ere har daiteke parte. Besteak beste, Twitterreko mezu zuzenak baliatuta aritu daiteke, eta #EginTril traola txertatuz txioak idatziz ere bai. Mezuak elkarren artean gehiegi korapilatu ez daitezen, eta elkarrizketa bideratzea helburu, espazioaren sortzaileak dinamizatzaile lanetan arituko dira saioak iraun bitartean.

Tril egin aditzaren definizioarekin bat eginez (topo egin esan nahi du, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera), egitasmoaren sortzaileek «topagune» gisan definitu dute #EginTril. Zehaztu egin dute, dena dela: espazioa zer helbururekin erabili, «norberaren esku» izanen da. «Ligatzeko, jende gehiago ezagutzeko, egiten ausartzen ez diren galderen erantzunak aurkitzeko». Hori bai: euskara izanen da guztien arteko bitartekari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.