Maite Zelaia: «Ez da bideragarria Ukraina Europako Batasunean sartzea»

Zelenskik Ukraina Europako Batasunean sartzeko eskatu du, baina, Maite Zelaia Zuzenbideko doktorearen arabera, herrialdeak ez ditu EBko estatu kide bilakatzeko baldintzak betetzen.

Maite Zelaia EHUko doktorea, lehenengoa ezkerretik hasita, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 1a
13:15
Entzun

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Ukraina EB Europako Batasunean sartzeko «berehalako» prozedura bat eskatu du: «Prozesu berezi bat behar dugu herrialdeak bat egiteko». Besteak beste, gai horri buruz aritu da gaur Maite Zelaia Euskal Herriko Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko doktorea Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Zelaiaren ustez, Ukrainak ez ditu EBko estatu kide bilakatzeko baldintzak betetzen: «Badirudi, ohiko prozedurari jarraituta, ez litzatekeela bideragarriegia izango momentu honetan, batez ere baldintzak betetzen ez dituen estatu baten aurrean egongo ginatekeelako».

Zelaiak azaldu duenez, Ukraina batasunean sartzea edo ez EBko kontseiluaren, batzordearen eta parlamentuaren arteko erabakia da, baita estatu kideena ere. Ohiko prozedurari dagokionez, sartzeko eskaria kontseiluari bidali behar zaio lehenengo, eta, doktorearen arabera, Ukrainaren kasuan, «badirudi eskaria bideratuta dagoela». Horren ondoren, kontseiluak eskaria bidali beharko lieke Europako eta estatu kideetako parlamentuei, eta hor «batzordea sartuko litzateke jokoan». Izan ere, batzordeak erabaki beharko luke Europako Batasunean sartzeko ezarritako baldintzak «betetzen diren edo ez». Gero, kontseiluak «aho batez» onartu beharko luke estatuaren barneratzea, eta estatu kide guztiek berretsi beharko lukete erabakia.

EBn sartzeko baldintzak 1993an ezarri zituzten, eta hiru esparrutan banatzen dira: arlo politikoan, merkatu ekonomian eta EBko arauekin lotutakoan. Arlo politikoari dagokionez, «demokrazia, zuzenbide estatua, giza eskubideak eta gutxiengoen eskubideak babestuko dituzten erakunde batzuk» existitu behar dute herrialdean. Horrez gain, «bermeekin» funtzionatu dezakeen merkatu ekonomia batek egon behar du, eta, azkenik, «EBk jada onartuta dituen politika eta arau guztiak estatuan ezartzeko gaitasuna» izan behar du.

Doktorearen arabera, ordea, Ukrainak zailtasunak izango lituzke hirugarren esparruan. Izan ere, arlo politikoan eta merkatu ekonomian «interpretazio tarte zabalagoa» egon daiteke, baina, arauei dagokienez, ez: «Hori da edo ez da». Horregatik, Zelaiak dio gaur egun «baldintzak betetzen ez dituztenen zerrendan» sartu beharko litzatekeela Ukraina. Ohiko prozedurari jarraituz, beraz, Ukraina EBn sartzea «konplexua» da; izan ere, doktoreak gaineratu duenez, «salbuespeneko egoerarik ez da aurreikusten», baina gaur egun «salbuespeneko egoerak ematen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.