Klusterretan alarma piztu da: gerraren «ondorioak orokorrak» izaten ari dira

Bilboko portuan, Errusiarekin aritzen diren bi ontzi konpainietako batek jarduera utzi du. CENek dio EBko Susperraldi Plana ere jokoan dela.

ArantxaTapia, klusetrretako arduradunekin bileran. IREKIA
xabier martin
2022ko martxoaren 3a
18:36
Entzun

Hego Euskal Herriko industria oso kezkaturik dago gerra eragiten ari den egoerarekin, eta ez dago duda handirik neurri bereziak hartu beharko direla. Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiarekin elkartu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako klusterrak, eta argi esan diote bete-betean eragiten dietela gerraren ondorioek, Errusiako eta Ukrainako merkatuekin duten harremana edozein dela ere.

Kalkulatu dute lehengaiak eta energia garestitzea izango direla eragin nagusiak epe labur eta ertainerako. «Banatzaileekiko tentsioak» gehiago konplikatzen dira, eta, merkatuen ziurgabetasuna dela medio, aurreikusten dute finantzaketa garestiagoa izango dela. «Kolpe handia da konfiantzarako», eta susperraldi ekonomikoa atzeratzea ekarriko du, industriaren ustez. Ondorioz, kontsumoa moteldu egingo dela diote sektoreek, eta inbertsioak gelditu egingo direla.
Gerrak beste merkatu batzuetara ekar ditzakeen ondorioak ere aurreikusi dituzte, adibidez Polonian, Txekian, Eslovakian eta Estonian. Kaltea uste baino orokorragoa da.

Gainera, euskal industriari kalte egingo lioketen abalak exekuta litezkeen beldurra ere badago. Kluster gehienek apenas duten harreman zuzena Errusiarekin eta Ukrainarekin, baina hori ez da garrantzitsuena. Gai estrategikoak garestitzeak pisu handiagoa dauka: tartean, aluminioa, paladioa, altzairua, titanioa eta zirkoia; baita ekilore olioa, garia, artoa eta garagarra ere. Eraldaketa prozesuetan sartzen dira azken horiek, eta animalientzako pentsu gisa ere balio dute.

Hala, hornidura kateko desoreken, ekoizpen geldialdien eta finantza tentsioen beldur dira sektoreetan. Aire espazioa ixteak kontinenteen arteko hegaldietarako ordu gehiago eskatzen ditu. Ukrainarako itsas trafikoa bertan behera geratu da; edukiontzi-ontzi nagusiek bertan behera utzi dituzte Errusiako portuetarako erreserbak, eta Ukrainan errepideko garraioa itxita dago, laguntza humanitariorako salbu.

Bilboko portuan Errusiarekin (San Petersburgo) zerbitzu erregularrean jarduten duten bi ontzi konpainietako batek bertan behera utzi du zerbitzua, eta bigarrenak oraindik eutsi egiten dio, erreserba gutxirekin bada ere.

Nafarroako patronalaren abisua

Nafarroako CEN patronalak txosten bat egin du gerrak herrialde horretako enpresetan izango duen eragina zehazteko, eta azpimarratu du eragin hori ez dela mugatuko eremuarekin harreman komertziala duten enpresetara. Beltzez margotu du etorkizun hurbila. Energia garestitzeak enpresa jarduera osoa harrapatuko du haren arabera, eta susperraldi ekonomikoa baldintzatuko du, besteak beste ekoizpen kateetan ezingo delako galarazi energiaren prezioak eragingo duen kaltea.

Nekazaritza, abeltzaintza, metalgintza, garraioa, logistika, merkataritza, finantzak... sektore askotako enpresetan galdetu du CENek egoeraren inguruan. Enpresa txikiek eta ertainek diote «itota» daudela, susperraldia «motel» doalako, eta energia garestitzeak nabarmen ilundu duelako egoera. CENek uste du gerraren ondorioak zabalduz joango direla aurrerantzean, KPIaren igoeraren bidez, eta finantza esparruko arazoak iritsiko direla, esportazioak eta turismoa ere ukituta daudela. Are, inbertsio planetan aldaketak egon daitezkeela nabarmendu du patronalak, eta Europako Batasunaren Susperraldi Plana bera ere jokoan dagoela idatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.