Musika

Ptazeta, Maren, Dupla eta Ezpalak batu dira 'Zeinen ederra izango den' jaialdira

Motxila 21, Bengo eta Lildami ere izango dira apirilaren 2an Barakaldoko (Bizkaia) BECen egingo den festibal handian. Antolatzaileek itxitzat eman dute programazioa

Dupla taldea izango da jaialdian. DUPLA
Berria
2022ko martxoaren 11
16:06
Entzun

Gaur jakinarazitako zazpi bakarlari eta taldeak aurretik iragarritako beste hamaikari gehituko zaizkie: Tanxugueiras, Zetak, Zoo, Gatibu, Iseo & Dodosound, Los Chikos del Maiz, Maria Arnal & Marcel Bages, Sua, Luna Ki, Adrianna Gaultier, Ene Kantak, Anne Lukin eta ETS.

Jaialdira batu direnen artean, antolatzaileek nabarmendu dute musika urbanoaren esparruan mugitzen direla Euskal Herriko bi proposamen (Dupla eta Bengo), eta baita Herrialde Katalanetatik datorren beste bat ere (Lildami). Ptzaeta, bestalde, Kanaria uharteetatik datorren rap kantari bat da, eta azkenaldian oihartzun handia lortu du Mami eta Trakata abestiei esker.

Denontzako jaialdia

Zeinen ederra izango den-en antolatzaileek azaldu dutenez, «familia osoarentzako jaialdia» izango da. «Baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratu eta kolektibitatea, osotasuna, pasioa, baikortasuna, dibertsioa eta aniztasuna bezalako balioak sustatu nahi ditu».

Ekitaldia urteroko topaketa bihurtzea nahi dute jaialdiaren arduradunek. «Jendea ohitu dadila apirileko lehen larunbat guztietan lagunekin topaketa bat izatera».

Bestalde, jaialdira joateko autobus zerbitzua jarriko dute antolatzaileek. Gipuzkoan, Donostiatik, Irundik, Eibartik, Zarauztik, Errenteriatik, Azpeititik, Tolosatik, Beasaindik eta Arrasatetik irtengo dira autobusak. Bizkaian, Durangotik, Gernikatik eta Zornotzatik; Araban, Gasteiztik; Nafarroan, Iruñetik, Altsasutik, Lizarratik eta Tafallatik; eta Lapurdin, Baionatik, Miarritzetik eta Hendaiatik.

Musika kontzertuez gain, egun osoan Gaztea irratiko DJek girotutako gune bat izango da BEC kanpoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.