Pilota

Altuna-Martija nagusi, partida ikusgarri batean

22-21 irabazi diete Irribarria-Rezustari, eta ondo bideratuta dute finalerako sailkapena. Lau pilotariek partida bikaina jokatuko dute.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 12a
22:22
Entzun

Binakako txapelketa honetan hainbat partida ikusgarri jokatu dira Labriten, pilotazaleek ederki gozatu dituzten horietakoak. Bada, zerrendara gehitu behar da gaur Altuna III.a-Martijak Irribarria-Rezustaren aurka jokatutakoa. Kalitatea, tentsioa, bizitasuna, emozioa... Partida on baten osagai guztiak izan ditu Bi bikoteek merezi izan dute garaipena. Baina azkenean Altuna III.a-Martijarentzat izan da: 22-21. Horrenbestez, ondo bideratuta dute finalerako sailkapena. Gaur Elezkano III.a-Zabaletak irabaziz gero, bertan izango dira. 21 tanto eginda, Irribarria-Rezustak ere aukera asko dituzten horretarako, hurrengo asteburuan irabaziz gero.

Bizi  joan dira lehen tantoak, aparteko gogortasunik gabe. Ikusgarri ekin dio lehiari Altuna III.ak, eta horri esker 6-1 aurreratu dira hura eta Martija. Estu ziren Irribarria-Rezusta. Jokoa lasaitu, eta partidaren ekimena hartzeko beharra zuten. Hurrengo tantoak gehiago landu zituzten, eta Altuna III.a defentsan eta atzeragotik aritzera behartu dute. Hala, 6-4 gerturatu dira. Bazirudien partidaren norabidea aldatzeko moduan zirela urdinak. Baina sakean falta egin zuen Irribarriak. Pilotak ez zuen laugarren koadroko arrastoa pasatu, eta berriro ere beste hiru tanto egin zituzten gorriek, Altuna III.aren erremate bikainei esker.

Baina ez dute partida haustea lortu, eta  Irribarria-Rezusta tanto batera jarri dira: 9-8. Luzea eta gogorra izan da haien zortzigarrena. Irribarriak ez zuen tantoa nahastu nahi, eta berehala saiatu da erabakitzen, atzetik aurrera sartuta pilotari indarra eta bizitasuna emanda. Lan erdietan hiru tantoren aldea zuten Altuna III.a-Martijak: 11-8. Partida gogortzen eta luzatzen joan da, tentsioa handitzen. Hori komeni zitzaien Irribarria-Rezustari, ahalmen fisiko eta jo handiagoa baitute.

Aurrean bai Irribarriak, baita Altuna III.ak ere tanto ederrak egin dituzte. Biak, gainera, ondo aritu dira defentsan jardun behar izan dutenean. Atzean ere ondo eutsi diote Martijak eta Rezustak, lan nekeza eta isila eginez.14-11koarekin partida zati erabakigarrian sartu zen. Ikusteko zegoen zein bikotek eusten zion ondoen erritmoari. 6-1koaren ostean, partidaren alde handiena lortu dute Altuna III.a-Martijak: 16-12. Erabakigarria izan da tanto horietan gorriek atera duten pilota, sake-errematea oinarri zuen jokoa egitea ahalbidetu baitio Altuna III.ari.
Baina beste behin ez zuten zuloa egitea lortu. Irribarria eta Rezusta ez zeuden amore emateko prest. Ederra izan zen Irribarriak pilotari boleaz jota, zabalera egindako tantoa.  Gainera, Altuna III.a ez zen hainbeste agertzen ari.  Irribarriak atzeragotik jotzera behartu du Amezketakoa, eta hor min gutxiago egin du. Bazirudien plana ondo ateratzen ari zitzaiela urdinei.

Emozioa azken txanpan
Pilotazaleak gozatzen ari ziren. Ez hainbeste pilotariak, gorputzari tratu handia eman baitiote. Azken tanto horietan Martijari ikusi zitzaion estuen fisikoki. Rezusta, berriz, fresko zegoen. Aurrelariek berean jarraitzen zuten, tanto ikusgarriak eginez. 21-21ekoarekin dena airean zegoen. Baina azkenean, garaipena Altuna III.a-Martijarentzat izan zen. Amaieran oso pozik zen Altuna III.a. «Hauei irabaztea ez da erraza, eta oso gustura gaude. Garaipen handia izan da. Partida apurtzeko aukera izan dugunean, nik ez dut aurreko norgehiagoketan bezainbeste asmatu, eta gero tanto bakoitza egiteko asko sufritu dugu». Pena handia» zuen Rezustak. «Gertu izan dugu une askotan aurretik jartzea, baina ez dugu lortu. Pena izan da. Beharbada, hasiera horren ona egin  ez izana ordaindu dugu. Baina tanto asko egin ditugu, eta datorren asteburuan gauzak ondo eginez gero, ziurrenik finalean izango gara».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.