Errusiak Lviveko instalazio militar bati eraso dio

Ukrainako Gobernuaren arabera, 35 pertsona hil dituzte eta 134 zauritu, denak militarrak. Moskuren arabera, berriz, 180 mertzenario atzerritar hil dituzte erasoan. Poloniako mugatik 25 kilometrora dago Lviv.

Ukrainako soldaduak Lviveko (Ukraina) kaleetan patruilatzen, herenegun. VITALIY HRABAR / EFE
Ander Perez Zala - Paulo Ostolaza
2022ko martxoaren 13a
20:42
Entzun

Errusiaren erasoa Europako Batasunetik gero eta gertuagoa dago. Moskuk gidatutako tropek gaur egin dute lehen erasoa Ukraina mendebaldean, zehazki, Lviveko instalazio militar batean, Poloniako mugatik 25 kilometrora. Kieven arabera, 30 suziri jaurti dituzte errusiarrek, eta 35 pertsona hil eta 134 zauritu dituzte. Ukrainako Defentsa ministroak, gainera, gehitu du irakasle militar atzerritarrak zeudela han.

Errusiako Atzerri ministerioaren arabera, ordea, atzerriko 180 mertzenario hil dituzte erasoan, baita atzerriko arma asko suntsitu ere. Abisua ere eman du: helburu horien aurkako bonbardaketak egiten jarraituko dute.

Suziriak Lviveko instalazio militarra jo dute (Ukrainako handienetako bat), baina ez dira hirira iritsi. Gerra hasi zenetik leku gakoa da hura: herrialde askok hara lekualdatu zituzten euren enbaxadak, eta, Poloniatik horren gertu egonda, logistika zentro erraldoi gisa ere funtzionatzen du gaur egun.

Eraso horren bidez, erasoak gogortu ditu Moskuk, eta litekeena da Europako Batasunari eta NATOri mezu bat helarazi nahi izatea: NATOko aliatuak armak Ukrainara bidaltzen ari dira oraindik ere, eta Errusiak esan du Mendebaldearen arma konboi horiek jomugan izango dituela. Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak atzo adierazi zuenez, Ukrainari armak ematea «ez da soilik mugimendu arriskutsu bat», konboi horiek «helburu zilegiak ere bilakatu» ditu: «Errusiak [Ameriketako] Estatu Batuei ohartarazi die Ukrainara armak bidaltzearen ondorioez».

Mendebaldea

Inbasioaren hasiera-hasieratik, Mendebaldeko aliatuek uko egin diote Ukrainan sartzeari, baina lehen egunetik armak bidali dizkiete hango soldaduei; azken sorta atzo bertan onartu zuen Joe Biden AEBetako presidenteak, beste 200 milioi euro Ukrainaren defentsarako bideratzeko agindu baitzuen.

Europako Batasunak ere zeregin horretan jarraitzen du, eta joan diren ostegunean eta ostiralean Versaillesen (Frantzia) egindako ezohiko goi bileran jakinarazi zuen 70.000 milioi euroan handitu nahi duela bere gastu militarra.

Hori bai, Errusiako Atzerri ministrordeak aipaturiko gaiaz, Josep Borrell EBren diplomaziaburuak atzo El Pais egunkariari azaldu zion «armak bidaltzen» jarraituko dutela, baita «Errusiaren kontrako zigor ekonomikoak» agintzen ere.

Horrek, ordea, ez dirudi Vladimir Putin Errusiako presidentearen jarrera aldatzea eragingo duenik. Eliseoaren arabera, Emmanuel Macron Frantziako estatuburua eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra harekin mintzatu ziren atzo, eta Errusiako agintariak ez zien gerra gelditzeko asmorik helarazi.

Errusiako armadak ez du aurrerapauso nabarmenik eman azken astean —oraindik ez du hiri handirik hartu—, eta badirudi erasoaldiaren fase berri baterako prestatzen aritu dela. Ukraina hegoaldean, Transnistria eta Donbass elkartzea du helburu, tarteko hiriak lotuta; Kieven, berriz, orain arteko lorpenak egonkortzen saiatu da, batez ere hiriburuaren ipar-ekialdean. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren arabera, Kievetik 25 bat kilometrora zeuden atzo.

Ekialdean, berriz, Luhansk oblasteko gobernadore Serhi Haidaik azaldu zuen eremuaren gehiengoa —«%70»— Errusiako armadaren kontrolpean dagoela, eta ez dela korridore humanitariorik egongo.

579 zibil hil dituzte

Ukrainan 579 zibil hil eta mila inguru zauritu dituzte asteotan, NBE Nazio Batuen Erakundeak eguneraturiko datuen arabera: «Biktima zibil gehienak lehertzen diren armengatik izan dira. Kasurako, artilleria, suziriak eta aireko erasoak».

Hori bai, orain arte egin duen modura, NBEk zehaztu zuen egiazko kopurua handiagoa dela, «zaila» baita gatazka guneetan informazio hori egiaztatzea.

Ukrainako armadaren kasuan, Volodimir Zelenski herrialdeko presidenteak atzo adierazi zuen 1.300 soldadu hil direla iragan otsailaren 24az geroztik —lehen aldiz eman zuen hildakoen kopuruaren berri—. «Gerra honek, gerra zail honek, egiazki elkartu du gure herrialdea. Galdetzen didate nolakoa den egoera frontean... Frontearen linea edonon dago», esan zien Ukrainako presidenteak kazetariei.

Zelenskik hiriburuaren egoeraz mintzatzeko ere baliatu zuen atzoko agerraldia, eta horretan ohartarazpen bat egin zion Errusiako armadari: «Errusiarrek Kieven sartzea lortuko dute soilik denok suntsitzen bagaituzte».

Ukrainako presidenteak su eten bat nahi du, baina beste aldeak ezezkoarekin erantzun dio. Hori bai, Zelenskik azaldu zuen aldaketa bat izan dela Moskuren jarreran: «Negoziazioetan gauzez hitz egiten hasi da, eta ez soilik ultimatumez». Putinek esana du meniarako baldintzak direla Ukrainaren neutraltasuna, Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzea eta Krimea Errusiaren parte dela onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.