Europako Batasuna

Suediak, Poloniak eta Maltak oztopatu egin dute %15eko sozietate zerga gutxienekoa

Diru sarrera handiko multinazionalei ezartzeko gutxieneko tasa hori aho batez onartu behar da Europako Batasunean, eta hiru herrialde horiek ezezkora jo dute

Ecofinen parte hartuuten zenbait odezkari, gaur. OLIVIER HOSLET / EFE
xabier martin
2022ko martxoaren 15a
14:58
Entzun

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak bultzatutako ekinaldi batek munduko 136 herrialderen konpromisoa lortu zuen iazko urrian, 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresei sozietate zergan gutxieneko tasa %15ekoa ezartzeko 2023tik aurrera. Akordio hori Europako Batasunean gauzatzeko saio bat izan dute gaur estatu kideek, baina ez dute lortu. Suediak, Poloniak eta Maltak ezezkora jo dute, eta, itun hori aho batez onartu behar denez, bertan behera geratu da, oraingoz.

Akordioa oztopatu dutenek argudiatu dutena da OCDEn hitzartutako akordioaren bi ardatzetako bat alde batera utzi dela. Hain zuzen, %15eko tasa minimoa da ardatzetako bat, baina bada beste bat, eta horrek erreparatzen die erraldoi digitalen zergapetzearen ezaugarriei, letra txikiari alegia. Zutabe hori gaurko bozketan sartu ez denez, ezezkora egin dute Stockholmek, Varsoviak eta Valetak.

Ecofinen bileran aho batez egindako akordioa lortzea ez zen erraza gaur, azken finean politika fiskalari buruzko eduki garrantzitsu bat baitago jokoan. 2023ko urtarrilaren 1ean sartzekoa zen %15eko sozietate zerga gutxienekoa, eta data hori bazen arazo bat kide batzuentzat. Frantziak dauka Batasunaren presidentzia orain, eta Parisek 2024ko urtarrilaren 1era atzeratzeko proposamena egin du, adostasuna bilatu nahian, baina hori ere ez da nahikoa izan.

Apirilean, beste saio bat

Hungariak eta Estoniak, ordea, baiezkora aldatu dute botoa, errenten inklusioaren araua (RIR) borondatezkoa izatea proposatu baitu Parisek, bost urteko epean behintzat. Hala, hiru herrialde baino ez dira geratu ezezkoan, baina nahikoa izan da OCDEren ituna Europako Batasunean lege ez egiteko. OCDEren ituna lortu ondoren, ematen zuen Irlanda eta Herbehereak izan zitezkeela oztopo handienak itun fiskal hori Batasunera ekartzeko, baina Irlandak baiezkoa iragarri zuen iaz.

Esan beharrik ez dago: saio gehiago egongo dira %15eko sozietate zerga gutxienekoa legea izan dadin Europako Batasunean, eta lehena hiru aste barru izan daiteke. «Hiru asteko epea hartu behar badugu, hartuko dugu", esan du Frantziako Finantza ministro Bruno Le Mairek. Apirilerako aho bateko akordioa erdietsi ahalko dutela uste du Le Mairek, hil horren hasieran Ecofinek egingo duen bileran.

Helburua da ziurtatzea munduko ehun multinazional handienek bidezko tasa bat ordaintzen dutela, eta, oro har, urtero 125.000 milioi dolar biltzea espero da. Akordioa izenpetu duten herrialdeek munduko ekonomiaren %90 ordezkatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.