Ondorio ekonomikoak

Nekazariek ohartarazi dute hornidura faltak «arazo handiak» sortuko dituela

Behatokia sortuko du Jaurlaritzak, ekoizpen kostuak kalkulatzeko, eta elikagaien katearen oreka eta lehia bermatzeko.

Bilera izan dute goizean Jaurlaritzako eta lehen sektoreko ordezkariek. IREKIA
aitor biain
2022ko martxoaren 16a
13:08
Entzun

Energiaren eta zenbait lehengairen neurri gabeko prezioaren igoerak ataka estuan jarri du lehenengo sektorea ere. Garraiolarien grebak arrantzaleak portuan geldi utzi ditu, esaterako, baina nekazariak eta abeltzainak ere kezkatuta daude, lehengaien garestitzeak arriskuan jarri duelako beren ekoizpena. Sektoreko ordezkariek ohartarazi dutenez, egoera are gehiago zaildu daiteke datozen asteetan. Izan ere, uste dute oinarrizko elikagaien ekoizpenerako hornidura faltak «arazo handiak» sortuko dituela, eta prezioak «nabarmen» igoko direla.

Kezka hori helarazi diote goizean Eusko Jaurlaritzari. Bilera izan dute eragile batzuek Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuarekin, sektorearen egoera zertan den eta zein neurri hartu behar diren aztertzeko. Arratsaldean Madrilen egingo duten erkidegoen arteko bileraren atarian egin dute bilkura. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basogintza sektoreko ordezkariak izan dira bertan.

Eragileek adierazi dutenez, faktore guztiek «ekaitz perfektua» sortu dute. Nekazaritza eta abeltzaintzaren kasuan, esaterako, hornidura eskasia nabaritzen hasi dira pentsuan, eta prezioak ere «izugarri» garestitu zaizkie. Euskadiko Nekazaritza Kooperatiben Konfederazioaren arabera, pentsu fabrikak eta abeltzainak izango dira gehien kaltetutako azpisektoreak, gastuak %25 eta %40 artean igoko baitzaizkie.

Arrantzaren kasuan, berriz, izoztaile handien ordezkariek eta alturako nahiz baxurako arrantzako ordezkariek esan dute erregaiaren garestitzeak egoera «kritiko» bilakatu duela, «jasanezina» bihurtzeraino. Hori dela eta, egoera arintzeko hainbat neurri proposatu dituzte: hala nola kuoten urtetik urterako malgutasuna areagotzea, portuko tasak arintzea, edota BEZa murriztea.

Behatokia

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Elikaduraren Kateko Behatokia sortuko duela. Tresna berri horren helburua izango da, hain zuzen, ekoizpen kostuak kalkulatzea, eta elikagaien katearen oreka eta lehia bermatzea.

Jaurlaritzak nabarmendu du kostuen adierazleak kontuan hartuko dituela prezioak ezartzerakoan eta «objektiboak, gardenak eta egiaztagarriak» izango direla, eta ez dela «manipulatzeko» aukerarik izango. Lehiaren Euskal Agintzaritza arduratuko da hori zaintzeaz.

Bestelako neurri batzuk ere proposatu ditu Gasteizko gobernuak. Hala, kontserba industriarako erabiltzen den ekilore olioaren hornitzaile berriak bilatzen lagunduko du, adibidez, eta Madrili oliba olioaren prezioa kontrola dezan eskatuko dio. Gainera, stocka gordetzeko jardunak saihesteko ere galdegingo du.

EH Bilduren proposamenak
EH Bilduk neurri sorta bat proposatu du Ukrainako gatazkaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko. Horien artean daude, besteak beste, likidezia arazoak dituzten enpresei laguntzeko kreditu lerro bat sortzea, eta energiaren garestitzearen ondoriorik larrienak pairatzen ari diren sektoreentzat itzuli beharrik izango ez den diru laguntza bat eratzea. Horrez gain, eskatu du «berreskuratu eta hobetu» daitezela ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea eta jarduera eteteagatik autonomoentzako laguntzak.

Eusko Legebiltzarrean jakinarazi dituzte neurri horiek. Koalizioak uste du Ukrainako gatazkaren ondorioz «larritasun handiko» krisi bat sortu dela, eta egoera horri «herri gisa» erantzun beharraz ohartarazi du, «baliabide eta eskuen propio guztiak» erabilita eta «ezohiko» neurriak premiaz hartuta. Eragile politikoen, sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza jo du ardatz gisa.

Hain zuzen ere, EH Bilduk gogorarazi du legebiltzarrean batzorde bat eratzeko proposamena erregistratu zuela aurreko astean, egoerari «erantzun bateratua» emateko helburuarekin. Ostegunean eztabaidatuko dute proposamena, osoko bilkuran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.