Garraiolarien greba

Tapia: «Madrilen erantzuna berandu etor daiteke»

Energien prezioak «berehala» jaitsi behar direla esan du Ekonomiaren Garapeneko sailburuak. Garraiolarien protestak «ekoizpen kate osoari» eragin diezaiokeela azpimarratu du. Bilboko Portuko Agintaritzak ohartarazi du «inbutu bat» sortzeko arriskua dagoela.

Arantx Tapia sailburua eta Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea, ostegun honetan, Gasteizen. IREKIA
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 17a
12:38
Entzun

Garraiolariak egunotan egiten ari diren greba «zilegi» dela adierazi du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, baina ohartarazi du banaketen etenak «ekoizpen kate osoari» eragin diezaiokeela eta «okerragotu» egin dezakeela enpresa askoren egoera, «elikaduraren sektoretik hasi eta industria elektrointentsiboraino». Sailburuak gogoratu du duenez, une zail batetik datoz enpresa asko, azken bi urteetan egon diren hornidura arazoengatik, eta, orain, Ukrainako gerra dela eta, fenomeno hori «larriagotu» egin dela azpimarratu du, energien prezioetan izan den gorakada handiagatik.

Hala, Tapiak Espainiako Gobernuari eskatu dio gasolinaren prezioa baina baita argindarrarena eta gasarena ere «ahalik eta lasterren» jaisteko, egoera «nahiko kritikoa» delako. Espainiako Gobernuak martxoaren 29an egingo duen Ministroen Kontseilurako iragarri ditu neurriak, baina Jaurlaritzaren iritzian «berandu» izango da horretarako.

Pedro Sanchezen gobernuak elkarrizketak hasi ditu Kongresuan ordezkaritza duten taldeekin, baina datorren astean Europar Kontseiluan hartuko diren erabakien zain dago. Gasolinari dagokionez, baliteke hidrokarburoen zerga berezia jaistea eta diru laguntza zuzenak ematea, beste herrialde batzuek egin duten moduan. Baina Bruselaren babesa beharko luke gasolinaren BEZa aldatu nahiko balu. Madrilek, halaber, eskatuko du elektrizitatearen fakturan gasaren prezioa bereiztea eta argindarraren megawatt-orduaren prezioa 180 eurokoa izatea gehienez. Herrialde batzuk ez daude gasa eta elektrizitatea bereiztearen alde, Alemania esaterako; beste batzuek, Frantziak adibidez, ez lukete gaizki ikusiko.

Gero eta sektore gehiago

Energien prezioen igoera sektore guztietan ari da eragiten, eta gasolinaren garestitzeagatik garraiolariek aste honetan abiatu duten greba mugagabeak zaildu egin du egoera. Espainiako esne industriaren federazioak, adibidez, iragarri du gaurtik aurrera jarduera etengo duela, garraiolarien grebarengatik. Hala, esnekiak ekoizteko beharrezkoak diren produktuak banatzeari, ontziratzeari eta gordetzeari utziko diote. Dena den, Hego Euskal Herrian plantak dituzten enpesa nagusiek (Kaikuk eta Lacturalek) ez dute eten jarduna. Lehen sektorean ere ari dira nabaritzen garraiolarien grebaren ondorioak. Inguraketa arrantza egiten duten baxurako ontziak ez dira itsasoratuko datorren astera arte. Industria kimikoak ere azaldu du kezka, eta metalgintzan ere nozitu dute lehengaien gabezia.

«Ez dut ezer aurpegiratzeko greba egitea erabaki duten garraiolariei», esan du Tapiak; protesta egiteko arrazoiak dituztela onartu du, baina lan egin nahi dutenen eskubidea errespetatu behar dela gaineratu. Pedro Sanchezen gobernuari, berriz, garraiolariekin negoziatzeko eskatu dio, grebari amaiera emateko. Onartu du aldarrikapen batzuei buruzko elkarrizketak agian luzatu egingo direla, baina uste du erregaia merkatzeko eskakizunak «dagoeneko» indarrean egon beharko lukeela.

Sailburuak logistikako foro batean parte hartu du goizean, eta bilera bat izan du eguerdian sektore horretako eta garraioko ordezkariekin, «arazoak aztertu eta neurriak proposatzeko». Atzo, lehen sektorearekin bildu zen. Jaurlaritza prest azaldu zen zuzeneko laguntzak emateko, izurri garaian egin zen moduan, baina Bruselaren baimena beharko du horretarako.

Logistikako foroan Ricardo Barkala Bilboko Portu Agintaritzako presidentea ere izan da, eta aitortu du Bilboko portuan «inbutu» bat sortzeko arriskua dagoela, kamioilarien protestengatik merkantzia ugari daudelako handik atera ezinik. Egoera hori lehenbailehen konpondu behar dela ohartarazi du. Halaber, nabarmendu du banaketa kateei buruz sakon hausnartu behar dela, Euskal Herrian eta nazioartean. Haren ustez, osasun krisian izan diren hornidura arazoek erakusten dute beste modu batera antolatu behar direla sare horiek. Euskal Herrian, Bilboko portuak Arabarekin dituen trenbide loturak indartu behar direla adierazi du, trenen bidez egun egiten diren garraio «ratio barregarriak» areagotzeko.

«Larrialdi energetikoa»

Tapia, berriz, garraioaz ez ezik, egungo «larrialdi energetikoaz» mintzatu da. Azpimarratu duenez, beharrezkoa da «mendekotasuna murriztea», bi norabidetan: herritarrek, industriak eta administrazioek kontsumo «eraginkorragoak» eginez eta «berriztagarrien aldeko apustuan» sakonduz.

Autokontsumorako instalazioak ugaritzearen alde agertu da, baita kontsumo handiagoko lekuetan ere, hala nola enpresetan. Berriztagarrien inguruan, Tapiak eskatu du «traba eta oztoporik ez jartzeko» proposatzen diren egitasmoei: «Burujabeak izateko modu bakarra hemendik ahal duguna egitea da, eta, horretarako, beharrezkoak dira energia eolikoaren, geotermikoaren eta biomasaren ekimen guztiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.