Madrilek ez die azkar erantzungo garraiolarien eskakizunei

Martxoaren 29rako agindu ditu argindarra eta erregaia merkatzeko neurriak. Grebalariek ez dute protesta utziko, eta hasi dira arazoak

Kamioi ilara luzea Gasteizen sartzen, atzo goizean. L. RICO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi - Aitor Biain - Iker Aranburu
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko biztanleek gutxienez beste bi astez itxaron beharko dute energia garestiaren aurkako neurriak ikusteko. Espainiako Gobernuak martxoaren 29ko ministroen kontseiluan hartuko ditu zenbait neurri, Felix Bolaños Lehendakaritza ministroak oposizioko alderdiekin bildu ondoren azaldu duenez. Besteak beste, aurreratu du argindarra eta erregaiak merkatzeko neurriak onartuko dituztela. Hori da greba egiten ari diren garraiolarien eskaeretako bat, baina oraingoz ez ditu ase, eta protestarekin jarraituko dute.

Bolañosek ez du askorik zehaztu, soilik «estatu laguntzak, zerga jaitsierak eta gehienezko prezioak finkatzea» izango direla. Zehaztapenik ezaren arrazoietako bat da neurri horietako batzuek Europako Batasunaren onespena behar dutela, eta hark oraindik ez dituela irizpideak argitu. Datorren astean Europar Kontseiluan bilduko dira EBko gobernuburuak, eta hor eztabaidatuko dituzte.

Litekeena da gaur zehaztapen gehiago ematea garraiolariei. Haien patronalen ordezkariekin bilduko dira arratsaldean. Goizean, Eusko Jaurlaritzak gauza bera egingo du.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen sailburuak Gasteizen hartuko ditu logistika eta garraioaren sektoreko ordezkariak. Atzo ere dei zezakeen bilera, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak protestaldi ikusgarria egin baitzuen Gasteizko kaleetan barrena. Herenegun Iruñean gertatu bezala, bozina hotsa izan zen soinu banda. Zortzi kilometroko kamioi ilara batek Iruña Oka eta Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren arteko bidea egin zuen.

Aurreko egunetan bezala, Bilboko portua izan zen protestako arreta gune nagusietako bat. Bilbao Transport elkarteko garraiolariek hirugarren greba eguna zuten. Gehienak autonomoak dira, eta kexu dira negoziazio gehienak patronal handiekin egiten direlako. Lehen egunetan ez bezala, eguna lasai joan zen. Garraiolariek ez zuten piketerik egin atean, eta ia ez zen mugimendurik egon. Hala ere, Ertzaintzak salatu zuen grebalariek eraso egin zietela hainbat kamioiri Larrabetzun, Zornotzan eta Galdakaon (Bizkaia). Atoien estalkietan pitzadurak egin zituzten, eta gurpilak zulatu ere bai.

Bilboko portuan diharduten enpresek diote litekeena dela aurki toki arazoak izatea, biltegiak betetzen ari baitzaizkie. Hornidurari dagokionez, jaki batzuen gabezia sumatzen hasi da, baina ez da larria. Batez ere arraina falta da, baxurako arrantzaleak ez direlako itsasoratu. Industrian, berriz, gabeziak larriagoak dira. AVEC industria kimikoaren patronalaren arabera, garraioaren «blokeoak» arazo handiak eragin dizkie. Bizkaiko metalgintzan ere nozitu dute lehengaien gabezia.

Lehen sektorea ere itota

Energiaren, erregaien eta lehengaien prezioen garestitzeak itota dauka lehenengo sektorea ere. Nekazariak eta abeltzainak kezkatuta daude ekoizpen kostuak igo zaizkielako, eta arriskuan ikusten dute jarduera bera. Uste dute oinarrizko elikagaien ekoizpenerako hornidura faltak «arazo handiak» sortuko dituela, eta lehengaien prezioak «nabarmen» igoko zaizkiela.

Jaurlaritzarekin bilera izan zuten atzo zenbait eragilek, sektorearen egoera zertan den eta zer neurri hartu behar diren aztertzeko. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basogintza sektoreko ordezkariak bildu ziren Tapia sailburuarekin. Salatu zuten lehendik ere egoera zailean zegoela sektorea, pandemiak eragindako krisitik ezin suspertu ari zelako. Baina orain are gehiago okertu da egoera, haien ustetan, eta litekeena da nabarmen zailtzea datozen asteetan neurririk hartu ezean.

Jaurlaritza prest azaldu da laguntza zuzenak emateko, izurri garaian egin moduan, baina Bruselaren baimena beharko du horretarako. Bien bitartean, Madrili proposamen zehatzak igorri zizkioten arratsaldean, erkidegoen arteko bileran. Besteak beste, izurri garaian onartu ziren laguntzak onartzeko eskatu zuen.

Erabakien zain egon artean, Jaurlaritzak Elikaduraren Kateko Behatokia sortuko du. Tresna horren helburua izango da ekoizpen kostuak kalkulatzea, eta elikadura katearen oreka eta lehia bermatzea, besteak beste. Modu horretan, produktu bakoitzaren prezioa finkatuko luke, inork ez dezan kostuen azpitik saldu.

Tapiak nabarmendu du prezioak ezartzean aintzat hartuko direla kostuen adierazleak; «objektiboak, gardenak eta egiaztagarriak» izango direla ziurtatu du, eta ez dela «manipulatzeko» aukerarik izango. Lehiaren Euskal Agintzaritza arduratuko da hori zaintzeaz. Sektorearen oniritzia beharko du proposamenak, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.