Lan gatazkak

Douglas kateko langileak greba mugagabean hasi dira, Bizkaian

Hego Euskal Herrian, 23 denda itxi nahi ditu Douglasek, eta 132 lanpostu kolokan daude.

Douglaseko langieen protesta, gaur. ELA
xabier martin
2022ko martxoaren 17a
15:31
Entzun

Bizkaiko Douglas dendetako langileak kalera atera dira, ELA sindikatuak deitutako greba mugagabearen lehen egunean, eta elkarretaratzea egin dute Bilboko Ercilla kaleko dendaren parean. Bizkaiko hemeretzi saltokitik 11 ixteko asmoa du konpainiak. 132 beharginek egiten dute saltoki horietan lan, ia guztiak emakumeak. Murrizketa horiek, ordea, ez dira Bizkaira mugatuko, ELAk salatu duenez. Hego Euskal Herriko zenbait dendaitxi nahi ditu Douglasek, zehazki, Nafarroan zazpi denda, Araban bat eta Gipuzkoan lau; denda bakoitzean sei-zazpi behargin aritzen dira, batez beste.

Sindikatuak esan du langileen lan baldintzak okertu nahi dituela zuzendaritzak, eta greba beste lurraldeetara ere hedatuko dela. Astelehenean, esaterako, Nafarroan hasiko da. «Gogoratu dezagun, joan den astelehenean adiskidetze prozesua egin zutela Douglaseko zuzendaritzak eta sindikatuek bitartekaritza zerbitzuetan». Aurreko akordioa ez bete izana deitoratu zuten sindikatuek, eta ELAk enplegu erregulazio espediente hori bertan behera uzteko eskatu zuen. «Zuzendaritza, ordea, ez dago prest, eta uko egin dio beste negoziazio bide batzuk aztertzeari».

Era berean, ELAk eskatu du Douglaseko langileen lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzeko, eta ez Madrilen. Hori lortzeko ere grebara deitzea erabaki du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.