Latinoamerika

Fujimori aske uztea onartu du Peruko Auzitegi Konstituzionalak

Epaileek onartu egin dute presidente ohiaren defentsak indultuaren baliogabetzearen ondoren eskatu zuen habeas corpus-a. 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, gizateriaren aurkako krimenak leporatuta.

Alberto Fujimori Limako auzitegi batean, 2016an. ERNESTO ARIAS / EFE
2022ko martxoaren 17a
22:25
Entzun

Peruko Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Alberto Fujimoriri 2017an emandako indultua bertan behera utzi zuen ebazpen judiziala baliogabetzeko habeas corpus eskaera. Horrek esan nahi du 1990 eta 2000 artean herrialdeko presidentea izandakoa aske utziko dutela. Gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Fujimori.

Ebazpenaren berri izan eta berehala, Peruko lehen ministro Anibal Torresek nabarmendu du Auzitegi Konstituzionalak «desagertu» egin behar duela.

Pedro Pablo Kuczynski presidenteak eman zion indultua Fujimoriri 2017ko Gabonetan, baina Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi zuen hurrengo urtean, argudiatuta ezin dela "indultu humanitarioa" eman gizateriaren aurkako krimenen zigorren kasuan, eta gobernuak prozeduran irregulartasunak egin zituela.

Fujimorik 1990ean irabazi zituen hauteskundeak, eta 2000. urtera arte egon zen boterean. Autoritarismo gogorra ezarri zuen agintean —Kongresua bolada batean deseginda eduki zuen, eta konstituzioa aldatu zuen presidenteari botere handiagoa emateko—, eta, ekonomian, AEBen eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren errezeta neoliberalak aplikatu zituen. Ezkerreko talde armatuen aurkako gerran, ezkerraren eta oposizioaren aurka zabaldu zuen errepresioa. 2009an, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, armadaren ezkutuko talde batek Barrios Altosen (1991) eta La Cantutan (1992) egindako 25 hilketen erantzule nagusitzat jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.