Etxebizitzarako eskubidea

Etxe ttipia, aldaketa handia

AEBetan asmatu zuten ‘tiny house’ izena, krisiak karrikan utzi jendea atoi gainean etxetxoak eraikitzen hasi zelarik. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian, alde nomadak, txikitasunak edo prezioak erakarririk, badira bizileku horren hautua egin dutenak.

Mathieu Lhullierren tiny housea Irisarrin.
Joanes Etxebarria.
2022ko martxoaren 18a
11:47
Entzun

Bada moda fenomenoa, baina bada bizimodua ere; tiny house edo etxetxoetan batez bestean hamabost bat metro koadro badirenez, nahi ala ez, oinarrizkora murriztu behar da dena. Ipar Euskal Herrian ere geroz eta gehiago dira, AEBetako subprime-en krisi ondoko aroan etxeak galdu zituztenek asmatu zuten bizileku mota hautatzen dutenak. Beren etxetxoa eraikitzen ari diren partikularrak, lan horretan laguntza eskaintzen duen artisaua eta etxetxo horien eraikuntzan berezitu den enpresa bat ezagutu ditu Hitza-k.

Atoi homologatu baten gainean zurezko eraikuntza izan ohi da tiny house delakoa, roulotte zaharraren garapena dena, batzuen arabera. Batzuek berena egiten dute, 20.000 euroz azpiko aitzinkontuarekin, besteek osoki eginarazten dute gutxienez 70.000 euro pagatuz. Bizileku nomada izanik, bideko arauak errespetatu behar ditu: 2,5 metro zabal gehienik, 3,5 tonako pisua haboroenik, eta zubi guztien petik pasatu ahal izateko 4,30 metroz azpiko goratasuna.

Donaixtiko Kusku enpresak 'tiny house'-ak egiten ditu.

Bizilekuari lotu arau juridikoak, berriz, ez dira argi. Hutsune juridiko batean dira etxetxo horiek, arau bakarra delarik herriko etxearen baimena eskatzea lur batean plantatzeko. Mathieu Lhuilier zurgina, autoeraikuntzan ari nahi duena laguntzen aritzen da, eta hura ere halako batean bizi da, Irisarrin. “Bizitegi motak badira andana bat munduan, eta Frantziak ezin du dena legeztatu. Ondorioz, amalgamak egiten dira, eta tiny house-ak karabanen saldo berean kokatzen dira. Atoi bat delako, bizitegia delako”, erran du Lhuilierrek.

Oinarrizkoaren neurrian

Zuberoan bi lagun ari dira etxetxo mugikorra eraikitzen, kilometro gutiko distantzian: Sacha Disten Irurin —bertakoa da— eta Laurent Pribat Zalgizen —aloztarra da—. Lehenak emaztearekin erretretarako hautu hori egin du; bigarrenak ez zuen beste aterabiderik ikusten Zuberoan bizileku bat ukaiteko. “Badakit brikolatzen, eta etxe bat erosteko sosa ukan artean edo zerbait handiagoa egin artean, tiny-a zen neurri perfektua”, dio Pribatek. Disten, “ideiaren soiltasunak erakarri” zuen, baita nonahi instalatzeko posibilitateak ere.

Biek ezaugarri komun bat dute: oinarrizkora jo nahia, baita autonomiaren ideia bat ere, Distenek dioenez: “Beti ukan dut zerbait goiti-beheiti autonomoa izateko ideia. Aldiz, geroz eta jende gehiago ikusten dugu tiny-etako bizimodua hautatzen bestelako ibilbide bat eginez, baina autonomia nahi duenak, xerkatu lezake”. Eguzki panelak ezarriko dituzte biek teilatuetan, adibidez. “Ideia da norbere kontsumo maila apalaraztea. Botatzen duguna ere bai. Leku gutiago hartzea; nik ez nuen lurra hunki nahi etxe bat egiteko”, gehitu du Pribatek.

Lhuilierrek pertsona batzuk lagundu ditu beren egoitza fabrikatzen, eta, haren ustez, argi da “gehienak desazkuntza izpirituan” bizi direla. “Gutirekin bizi dira, baina luxuzko gauzak ere izan daitezke. Bada errealitate hori, gauza anitz ukaitearen ahala murrizten baitu, nahi ala ez. Espazio tipi orotan konplikatua da ukaitea 50 pare zapata, hiru bizikleta, lau auto…”.

Oinarrizkoa ez da bortxaz merkearen sinonimo. Disten eta Pribat, bakoitza bere manerako eraikuntzan abiaturik ere, 20.000 eurorekin helduko dira “gehien-gehienik” etxeak egitera. Donaixtin instalatua den Kusku enpresako Etienne Boissier zurginak tiny house horien prezioak aipatzen ditu: 20.000 euro inguru oinarrizko eraikuntza, eta barnekoa oro egitea bezeroaren esku gelditzen da, eta 70.000 euroz goiti bizitzera joateko prest. Haren arabera, “etxe baten erosotasuna” du hamabost metro koadroko zurezko etxetxoak.

Boissier duela bi urte, Angelun formatzaile zelarik, lagun batentzat tiny house bat egiten hasi zen kanpoan, bide bazterrean. Jendeak ikusi, interesa piztu, eta, orain, sei langilez osatua den Kusku enpresa sortu zuten. Badituzte lau eginak, beste bi bidean, eta kabanak ere egiten dituzte. “Egia da auto-eraikuntzan denen esku izan daitekeela egitea, baina denek ez dute horretan denbora pasatu nahi”, zehaztu du. Barneko antolaketak alda

tzen dira etxetxo batetik bestera, baina egitura berdinarekin baliatuak dira metro guztiak: paretarik ez, komuna bereizteko ez bada, eta mezanina bat ohea goratasunean ezartzeko, azpiko partea hobeki baliatzeko gisan.

Karabana edo mobile home deritzenetatik diferentziarik handiena, tiny house bat nagusiki zurez egina dela. Argumentu ekologista agerian uzten du horrek, Lhuilierren ustez: “Zurez egitearekin erran nahi du lehengai lokalak baliatzen ahal direla —zura denetan baita—; beraz, garraio logistika gutiago lehengaiak ekartzeko”. Baina zailtasun bat ere agerian dute eraikuntzan ari direnek, zurak pisu handia izaten baitu, eta 3,5 tonaren muga inposatua baitzaie.

Sacha Disten laborari eta musikariak bere tiny house etxetxoa egiten du

Sacha Disten laborari eta musikariaren etxetxoa.

Kanadako zedro gorria baliatu izan dute zurginek, kalitate onekoa izateaz gain arina baita, baina Kusku enpresan aldatu dute baliatzen duten zur mota: “Zedro Gorria izugarri kario zen. AEB eta Kanada arteko gerra ekonomikoaren ondorioz, prezioak lehertu ziren; ondorioz, Bretainian tuia garatzen hasi dira. Ez da hain ederra,

baina berdin arina da”. Disten, berriz, lekuan lekuko zuhaitzetako zurarekin ari da, taulak erre ondotik kanpoan iraun dezaten; horregatik tiny anitz beltzak dira kanpotik. Pribat errekuperazioan atzeman lehengai desberdinekin, eta Lhuilier zur desberdinekin, aldikoan aldi. Isolatzeko, denek lehengai naturalak hobesten dituzte. Burdina bada usu atoian, egitura batzuetan ere, baina plastikorik ez.

Prekarioentzat aterabide

Moda fenomenoak ezagutarazirik, eraikuntza horiei interesatzen hasiak dira zenbait instituzio ere. SOLIHA egitura, Abbe Pierre fundazioa eta langile gazteen bizilekua abiatu ziren gogoeta baten parte izan da Lhuilier: “Hutsune juridikoa badenez, politikariei egokitzen zaie hautuak egitea, eta, hautu oro bezala, asumitu behar da. Ez da beti aise asumitzea, potentzialki herritarren parte bat kontra izan daitekeelako, faktore ezezagunak badirelako halako bizitegietan eta ez dakigulako jendeek zer erreakzio ukanen duten”.

Gogoetak fruituak eman ditu: hamabost tiny house eraikiko dituzte Angelun, Senperen eta San Martiko Harrian (Okzitania) sasoilariak aterpetuko dituzten herrixkak sortzeko. Udan itsasbazterrean eta neguan mendian ezarriko dira. Kanboko Lanteia gune partekatuan aspalditik halako gogoetak badituzte Lhuilierrek eta haren lagunek: “Iñaki Noblia [arkitektoa] eta SOLIHArekin muntatu dugun proiektu hori hastapen bat izan daiteke. Bizitegi sozial gisa, presondegi ondoko gizarteratze prozesu bat izan daiteke, etxebizitzak eraikitzen ikasteko adibidez”. Ttipia ez dutenez handien esku utzi nahi, tiny house horien fabrikazioa enpresa ttipien esku izanen da. Bakoitzak bi egiten ahalko ditu, gehienez.

Laurent Pribat aloztarraren etxetxoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.