Imanol Legarda

«Gure mugetan ere hiltzen da jendea»

Aurten, 25. urteurrena du Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxak; Irun eta Hendaia arteko migrazio politikak salatuko dituzte, gaur, Pasaia eta Donostia artean. Migratzaile bat desagertu berri da Bidasoan.

Maria Ortega Zubiate
2022ko martxoaren 18a
12:27
Entzun

Martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta, egun hori gertu dagoen aldiro, Gipuzkoako herritarrak Pasaia eta Donostia artean elkartu ohi dira Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa egiteko. Gaur aterako dira kalera. Gipuzkoako Medicus Mundi, SOS Arrazakeria eta GKEen Koordinakundearen eskutik, Irun eta Hendaia (Lapurdi) artean Poliziak egiten dituen kontrolak salatuko dituzte. Imanol Legarda (Donostia, 1989) da SOS Arrazakeriako komunikazio arduraduna.

Gaur 25. aldiz egingo duzue Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa. Aurtengoa zertan datza?

Urtero antolatzen dugu Pasa martxa. Batzuetan, orokorra izaten da, eta, beste batzuetan, arazo jakin baten aurkakoa. Aurten, Irun eta Hendaia arteko mugan egiten dituzten kontroletan jarri dugu arreta. Gure ustez, erakundeen arrazakeriaren adibide argia da hori: ni, euskalduna eta zuria izanda, Hendaiara banoa, ziurrenik inork ez nau geldituko. Aldiz, hainbat pertsonari kontrol selektiboak egiten dizkiete Irun eta Hendaia artean; ausazkoak berez, baina ez dira halakoak izaten.

Aurten, beraz, Poliziaren kontrol horiek salatu nahi dituzue…

Bai. Uste dut denok ikusten dugula arrazakeria gizartearen parte dela, baina ez dakit konturatzen garen zenbateraino dagoen txertatuta erakundeetan, eta erakundeen arrazismoak zelako mina ematen duen. Ikusarazi nahi genuen guregandik oso gertu pertsona batek bizia galtzen duenean, orduan ematen digula atentzioa, baina eguneroko arazoa dela muga horretan dagoena. Aurrerapausoak ematen ari direla dirudi, baina hor dago arazoa.

Azken egunotan, gainera, pertsona bat desagertu da muga gurutzatzen ari zela.

Zubitik normal pasatu ezin zelako desagertu da, beste bide batzuk aurkitu behar izaten dituztelako. Egia da aurtengo martxa ez dela heriotzetan zentratzen, baina denok dakigu hor pertsonak hiltzen direla. Askotan inpresioa dugu Europako Batasuneko kanpoko mugak argiago ikusten ditugula, baina ez dauzkagula hain presente geuregandik hurbilago daudenak, Europako Batasunaren barruan daudenak. Gure mugetan ere hiltzen da jendea.

Irun eta Hendaia arteko mugan dago kokatuta aurtengo kanpaina, baina ohiko ibilbidea izango du martxak. Zergatik?

Donostiako Usandizagako institutuko ikasleek diseinatu dute kanpaina. Hasieran pentsatu genuen Irunen egin genezakeela martxa, baina azkenean erabaki genuen Pasaia eta Donostia artean egitea, ohiko tokian; beste batzuetan ere ibilbidea aldatu izan dugunean ez dugu jaso izan hain erantzun onik. Gainera, Pasaiak historikoki badu esanahi sinboliko bat; izan ere, 1995ean egin zuten martxa lehen aldiz, bertara iritsi zen itsasontzi bateko polizoiei babesa adierazteko.

Herenegun egin zenuten aurkezpena, Irun eta Hendaia artean, ekintza sinboliko batekin.

Argazki batzuk atera genituen, bai, obretako zintekin, handik pasatzea debekatuta dagoela adierazteko. Horrekin salatu nahi genuen horixe gertatzen zaiela migratzaile askori, nahiz eta guri ez gertatu halakorik.

Erakundeekin baduzue lankidetzarik migrazio politikei dagokienez?

Elkarte mordoa bildu gara martxa honetan, baina SOS Arrazakeriaren izenean esan dezaket politikan eragitea dela gure helburua. Batzuetan errazagoa izaten da hori, eta proiektu askotan erakundeen babesa izaten dugu, udal, probintzia zein erkidego mailan. Baina arazo handiagoak izaten ditugu legeak aldatzeko orduan, eskuduntza kontuak sartzen direlako tartean, esaterako; kasu hau da horren adibide argia, bi erakundek baitauzkate eskuduntzak Irun eta Hendaia arteko mugan [Frantziak eta Espainiak].

Zer-nolako erantzuna izan ohi duzue?

Nahiko ondo erantzuten du jendeak. Zenbaitek urtero gogoratzen dute ekintza hau, eta guk ez dugu ezer egin behar izaten eurak konbentzitzeko. Komunikazio aldetik, erdi konbentzituta joaten diren horiei azken bultzada ematea izaten da gure lana. Egia da gertakariren bat izan denean jendea gehiago animatzen dela: kasu honetan, Irunen desagertu den migratzailearekin, jendeak presenteago izango du arazoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.