Xi Jinping: «Gatazkak eta konfrontazioak ez diote inori mesederik egiten»

AEBek Txinari eskatu diote «ardura hartu» dezala Errusiak beste bide bat hartzeko. Putinek Kievi egotzi dio «errealistak ez diren proposamenak» eramatea negoziaziora, Errusiaren «operazio militarra» zapuzteko.  

Joe Bide AEBetako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, iazko azaroan eginda bilera telematikoan. SARAH SILBIGER / POOL
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 18a
13:17
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek eta Xi Jinping Txinakoak duela minutu gutxi amaitu dute telematikoki egindako batzarra, Ukrainan gerra hasi zenetik egindako lehendabizikoa. Xiren esanetan, «gatazkak eta konfrontazioak ez diote inori mesederik egiten», Global Times Txinako egunkariak aurreratu duenez. Nabarmendu du herrialdeek ezin dutela parte hartu inoren interesei mesede egiten ez dieten liskar armatuetan, eta gogorarazi du nazioarteak bakea eta segurtasuna bermatu beharko lituzkeela. Bideni esan dio AEBek eta Txinak bide onetik aldebiko harremanak garatzeaz gain nazioartean erantzukizuna hartu beharko luketela munduan bakeari eusteko, «NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko kide eta munduko bi herrialderik handienak diren heinean».

Bileraren aurretik, Etxe Zuriak prentsa ohar batean azaldu duenez, bi presidente horien arteko elkarrizketaren xedea izango da Washingtonen eta Pekinen arteko komunikazio lerroak «irekita» mantentzea. Ukrainako gerraz gain, biei kezka eragiten dieten beste gaiei buruz hitz egingo dute bi presidenteek.

Bestalde, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinari eskatu dio «ardura hartu» dezala Errusiak beste bide bat hartzeko eta Ukrainako egungo gerra krisia iraultzeko. «Herrialde guztiak deitzen ditugu berriz ere, bereziki Errusian eragin zuzena dutenak, beren boterea erabil dezaten Moskuk hasitako gerra amaitzeko», esan du Blinkenek. AEBetako Estatu idazkariak, gainera, gogor jo du Pekinen aurka, Moskuren erasoa gaitzesteari «uko egin» diolako, eta egotzi dio Errusiako militarrei «zuzenean laguntzea». «Ez dugu baztertzen Txinaren aurka neurriak ezartzea», zehaztu du.

Global Times egunkariaren arabera, Txinak ez du inoiz AEBen «mehatxu edo hertsapenik onartuko», eta, Washingtonek Pekingo enpresen edo pertsonen interes legitimoen aurkako neurriak hartzen baditu, Asiako erraldoiak «irmo» erantzungo dio. Halaber, AEBetako Gobernuko arduradunen «iruzkin arduragabe» batzuk salatu ditu, Washingtonen «praktika komun» bihurtu direla dirudiela eta. Xik, berriz, atzo esan zuen Ukrainako egoera «kezkagarria» dela, eta aldeen arteko elkarrizketa eskatu zuen.

Txinako kazeta horretan jasotakoaren arabera, Pekinek ebaluazio «independentea» eta ahalegin «eraikitzaileak» egin ditu Ukrainako gatazkaren inguruan, herrialde guztien «subiranotasuna eta lurralde osotasuna» errespetatuz. Halere, Txina kezkatuta azaldu da bere segurtasun bermeen alorrean; besteak beste, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedapenari dagokionez. Global Timesegunkariak adierazi duenez, AEBak «Ukrainako krisiaren abiarazle» dira, eta Washingtoni eskatu diote «betetzen ari den zereginari buruz hausnartzeko, erantzukizun historikoa bere gain hartzeko, krisia konpontzeko neurri zehatzak hartzeko, eta nazioarteko komunitatearen konfiantza irabazteko».

Putinek gezia Mendebaldeari

Putinek, bestalde, Kievi egotzi dio «errealistak ez diren proposamenak» egitea negoziazioan. Errusiaren «operazio militarra» zapuzteko, Alemaniako Olaf Sholzekin izandako elkarrizketa telematiko batean. Kremlinek ohar batean jasotakoaren arabera, Errusiako estatuburuak Alemaniako gobernuburuari gogorarazi dio Ukrainako militarrak misilak jaurtitzen ari direla Donetsk eta Makeivka hirietara, eta zibil «ugari» hil dituztela, eta «gerra krimen» horiek Mendebaldeak ez dituela «aintzat hartu». Zera ere gehitu du: «Ukrainako operazio militarraren helburu nagusia da jendea sufrimendutik eta genozidiotik askatzea». Aitzitik, Putinek gogorarazi du Errusiako ordezkaritza prest dagoela konponbideak bilatzen jarraitzeko, «printzipiozko ikuspegien esparruan».

Bide beretik, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek Russia Today hedabideari emandako elkarrizketa batean esan duenez, Errusiak ez dio uko egiten Mendebaldearekin lankidetzan aritzeari. «Zehazki, fidatzekoa ez den bazkidetzat hartzen dugu», zehaztu du Lavrovek. «Ez gara Mendebaldeari atea ixten ari; haiek itxi digute guri».

Erasoak, bi aldeetan

Gerra hotsek ez dute etenik. Donetskeko Herri Errepublikako agintariek salatu dutenez, azken orduetan lau zibil hil dituzte Ukrainako armadak Donetsk hiriari egindako erasoetan. Gertakari horren aurretik, Donetskeko alkate Oleksi Kulezminek adierazi du «zenbait» pertsona hil direla Ukrainako armadaren erasoen ondorioz. TASS Errusiako berri agentziaren arabera, hemezortzi lagun hil dira hiri horretan azken egunetan. Halaber, Ukrainako nazionalistek Totxka-U misilak jaurti dituzte bart Melitopolgo etxebizitza eraikinen aurka, Errusiako Defentsa Ministerioko eledun Igor Konaxenkovek hedabideei adierazi dienez. Bestalde, Moskuk NBEko Segurtasun Kontseiluari ohartarazi dio Ukrainak eta AEBek arma biologikoei buruko konbentzioa urratu dutela. «Egunetik egunera, gero eta ageriagoa da urraketa», esan du Vasili Nebenzia Kremlinek NBEn duen enbaxadoreak.

Errusiako tropek, berriz, gutxienez pertsona bat hil eta hogei bat zauritu dituzte Kiev Ukrainako hiriburuaren aurka misilekin egindako erasoan, Vitali Klitxko hiriko alkateak iragarri duenez. Gerra piztu zenetik gutxienez 222 pertsona hil dira Kieven, horietatik 60 zibilak, Nikolai Povoroznik hiriko administrazio nazionaleko zuzendariordeak jakinarazi duenez. Horrez gain, Ukrainako mendebaldeko Leopolis hiriaren inguruak ere bonbardatu dituzte, Itsaso Beltzean dagoen itsaspeko batetik sei misil jaurtita, Interfax Ukrainako berri agentziak jaso duen txosten militar baten arabera. Lviven (Ukraina mendebaldean), bestalde, Errusiak hiri horretako aireportuari eraso dio, hildakorik eragin gabe, hango agintarien arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.