Espetxeak

ELAk salatu du espetxeetako beharginen lan baldintzek okerrera egin dutela

Behin-behinekotasuna txertatu nahi izatealeporatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari, eta negoziatzera deitu du.

Martuteneko espetxearen aurrean egindako protesta, gaur goizean. ELA SINDIKATUA
2022ko martxoaren 21a
13:37
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako langileek elkarretaratzea egin dute Martuteneko kartzelaren aurrean. ELA sindikatuak deituta, salatu dute beharginen «lan baldintzak eta espetxeratutakoei eskainitako zerbitzua asko prekarizatu» direla espetxe eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zenetik, eta beharginen baldintza horiek okertuko dituzten neurri gehiago ezarri nahi dituela administrazioak. Hori ikusirik, «benetako negoziazio bat» hasteko exijitu dio erakundeari.

ELAk kritikatu du beharginen txandak bikoiztu eta aparteko orduak «izugarri handitu» izana azken hilabeteetan, eta Jaurlaritzaren «arduragabekeria» salatu. Gehitu du, gainera, Jaurlaritzak berak eta ACAIP-UGT sindikatuak irailean sinatutako akordioaren «hutsune larrien» ondorio dela baldintzak okerrera egin izana, eta hutsune horiek «langileen eta zerbitzuaren kalterako» diren «neurri onartezinekin» estali nahi izatea egotzi dio administrazio publikoari: «Eusko Jaurlaritzak berak sortu duen prekaritatea aprobetxatuz, bi mailatako langileak sortuko dituen proposamen bat egin du orain negoziazio mahaian».

ELAren arabera, Jaurlaritzaren proposamenarekin, eskumena aldatu aurreko lan baldintzak baino okerragoak izango dituzte lekualdatze lehiaketetatik eta lan poltsatik iritsitako 65 beharginek: hainbat kasutan, 32 lanegun gehiago egingo lituzkete urtean, eta 1.200 euro gutxiago kobratuko. Sindikatuaren arabera, «behin-behinekotasun gutxi zegoen eremu publiko bakarrean» hura areagotzeko neurri bat da hartutakoa: «Argi dago azken helburua langile guztien baldintzak okertzea dela».

Horrez gain, langileen zein presoen osotasun fisikoa eta psikologikoa «arriskuan» jarriko dela salatu du ELAk. Langile berrientzako jarduera praktikoak martxan jarriko diren arren, sindikatuak uste du horiek ez dutela ematen espetxeetan lan egiteko kualifikaziorik. Era berean, kritikatu dute lan horietarako euskara eskakizunik ez eskatu izana, «espetxe sistema euskalduntzeko prozesua zailduz».

Euskal Espetxe Sistemaren antolaketa egiturak finkatzea izan behar du Jaurlaritzak helburu, ELAren aburuz. Horretarako, espetxeen euskal eredu batekin bat egingo duen lanpostu zerrenda bat negoziatzeko eskatu dio administrazioari, eta zerbitzuaren beharrei behar bezala erantzungo dion enplegu publikoaren eskaintza bat egiteko bidea jorratzeko exijitu.

Aldaketa

Espetxe eskumena eskuz aldatzear zela adostu zuten Jaurlaritzak eta ACAIP-UGTk kartzeletako langileen lan baldintzak zehazteko akordioa. Jaurlaritzaren arabera, akordio hark «esparru juridiko egonkor eta argi bat» eskaini zion espetxe eskumenen transferentziari, 2023a amaitu bitarteko lan baldintzak ezartzeko; hau da, ordura arte zituztenak mantentzeko eta administrazio berrikoekin parekatzeko.

ELA eta CCOO sindikatuek, baina, uko egin zioten akordioa sinatzeari, eta sektoreko ia 700 langileen baldintzak hobetzeko akordio baten alde egiteko asmoa azaldu zuten. ELAk, gainera, «euskal espetxe sistema propioaren» alde egin zuen, akordio hark Jaurlaritzak «behin eta berriz aldarrikatu duen eredu aldaketa hipotekatzen» duelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.