Ikasle greba

Milaka lagun atera dira kalera ikasleen greban, eta 34 gazte atxilotu dituzte

Ikasle Abertzaleak mugimenduak egin du grebarako deia. «LOSU, LOMLOE eta LHko planaren aurrean mobilizatzeko» asmoz egin dute deialdia. Arratsaldean, elkarretaratzea egin dute goizean atxilotutakoak aska ditzatela eskatzeko.

Arratsaldean, atxilotuak askatzeko Gasteizen eginiko manifestazioa. IKASLE ABERTZALEAK
2022ko martxoaren 24a
12:01
Entzun

Ikasle Abertzaleak mugimenduak egindako greba deialdiarekin bat egin dute gaur milaka ikaslek. Mugimendu horretako kideen arabera, hezkuntzan ezartzen ari diren erreforma askotarikoek «zuzenean eragiten diote ikasleria langileari». Eta, horregatik, «LOSU, LOMLOE eta LHko planaren aurrean mobilizatzeko» deia egin dute. Eguerdian manifestazioak egin dituzte herri eta hiriburuetan, eta milaka lagun atera dira kalera.

Eguna bero doa Gasteizen gaurko greba dela eta. Izan ere, hainbat lekukoren arabera, kalte «material larriekin» esnatu da gaur goiza EHUko Gasteizko letren fakultatean. «Bankuak eta zakarrontzi guztiak lurrean, asko apurtuta, irakasleen bulegoetako ateak ostikoz jota, buzoiak aterata...». EHUko errektoretza taldeak komunikabideetara igorritako oharraren arabera, «petardoak eta bengalak» jaurti dituzte, gainera.

Ertzaintza ere joan da campusera, eta 34 gaztetik gora atxilotu ditu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Arratsaldean elkarretaratze bat egingo dute atxiloketak salatzeko, 19:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

EHUko errektoretzak salatu du erakundearen hiru campusetan eraikinetan sartu direla piketeak, eta «bereziki larritzat» jo ditu Arabako campusean eginiko ekintzak. Han, erakundearen arabera, «petardoak eta bengalak jaurti, hormetan pintadak egin eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu dituzte». Ekintza horiek «aringarririk gabe» gaitzetsi ditu, eta adierazi kalteen balorazio bat egiteari ekin diola erakundeak. Hala, «salaketa jartzeko eta erantzukizunak eskatzeko» prest agertu da.

Oharrean, errektoretzak gehitu du «gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka eginiko atentatuak» izan direla, eta egileek ez dituztela EHUko ikasleak ordezkatzen, ezta erakundearen «balio etiko eta akademikoak» ulertzen ere: «Inork ez du eskubiderik unibertsitateko bizitza indarkeriaz nahasteko, ezta ondasun publikoei kalte egiteko ere; eta are gutxiago unibertsitateko kideen osotasun fisikoa arriskuan jartzeko».

Goizean goizetik egin dituzte mobilizazioak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako campusetan. 12:30ean hasi behar zuen Gasteizko manifestazio nagusiak. Atxiloketen ondorioz, baina, berandu hasi da, eta ikasleak bi taldetan banatu dira: batzuk manifestaziora joan dira, eta beste asko campusean gelditu dira atxilotuei eta identifikaturiko gazteei babesa adierazteko. Azkenean, jendetza bildu da Andre Maria Zuriaren plazan, eta Hezkuntza sistema sozialista eraiki lelopean abiatu dira.

Atxilotuez gain, 25etik gora lagun ere identifikatu dituzte Ertzaintzako agenteek Gasteizen. Jende andana joan da atxilotuei eta identifikatuei babesa adieraztera. «Atxilotuak askatu» eta antzeko oihuak entzun dira.

Arratsaldean dozenaka gazte bildu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, goizean atxiloturikoak aska ditzatela eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.