Artiumen 20. urtemuga ospatzeko egitarau zabala prestatu dute

Apirilaren 26an beteko ditu hogei urte museoak. Horren harira, hiru erakusketa prestatu dituzte, Bilduma_Ikusgai izenburupean. Apirilaren 1ean hasiko da erakusketa zikloa.

Artium museoaren 20. urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu dute. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
unai etxenausia
2022ko martxoaren 25a
16:18
Entzun

Hogei urte beteko ditu apirilaren 26an Gasteizko Arte Garaikidearen Artium museoak. Horren harira, Bilduma_ikusgai izenburupean hiru erakusketa aurkeztuko dituzte datozen hilabeteetan: Bilduma_Horman: 20 urte 22 artista, Bilduma_Gordailuan eta Bilduma_Plazaratu. Gehienbat, museoaren nortasunarekin lotura zuzena duten artisten obrak erakutsiko dituzte hiru erakusketetan. Hain zuzen, museoaren ondarea osatzen duen obra multzoa izango da 20. urteurrenerako antolatu dituzten jarduera berezi askoren protagonista. Apirilaren 1ean hasiko dira urteurrenarekin zerikusia duten egitasmo guztiak.

Museoak beste gela bat berritu eta atondu du, bertan obrak txandaka erakusteko. Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak azaldu duenez, museoak kontserbatzen duen «ondare publiko bikaina» ezagutaraztea da urteurrenaren funtsa. Urte hauetan guztietan, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat artista ospetsuk beren lanak erakutsi dituzte museoan. «Aurrerantzean ere Euskal Herriko arte garaikidearen erreferentziazko museoa izatea nahi dugu. Bisitariek pentsatzeko eta kritiko izateko gune bat izan behar du museoak aurrerantzean ere», nabarmendu du Herraezek.

Hiru bilduma

Bilduma_Horman: 20 urte, 22 artista jarriko dute lehenbizi ikusgai. Doako sarbidea duten geletan erakutsiko dira lanak, «museoaren ezagutza zabaltzeko», Herraezek azaldu duenez. 22 artistak eginiko beste horrenbeste obra erakutsiko dituzte, eta 2002an Artiumek ateak zabaldu aurretik sortutako piezak izango dira gehienak. Horrez gain, azken urteetan museoaren funtsetan sartu diren eskulturak erakutsiko dituzte. Besteak beste, June Crespo, Txomin Badiola eta Cristina Iglesiasen obrak bilduko ditu erakusketak.

Bilduma_Gordailuan bilduman, museoko gordailuan dauden eta «maileguan gehien ematen diren obrak» erakutsiko dira. «Artiumeko obra asko jarri dituzte ikusgai mundu osoko hainbat lekutan. Gure ondareak duen ospea erakusten du horrek», azaldu du zuzendariak. Urtean ia ehun pieza utzi ohi ditu Artiumek beste zentro, erakusketa, areto eta museo batzuen proiektu eta erakusketetarako. Eta lehen aldiz «obra multzo garrantzitsu hori» museoko gordailuan ikusi ahalko da. «Harremanak eraikitzeko eta museoko profesionalen eta publikoaren arreta erakartzeko ahalmena nabarmentzen dute pieza horiek», gaineratu du zuzendariak. Pablo Picasso eta Soledad Sevillaren obrak erakutsiko dituzte, besteak beste. Apirilaren 2an zabalduko dute.

Erakusketa horiekin batera, museoak hainbat jarduera antolatu ditu eraikinaren kanpoko plazan. Bilduma_Plazaratu egitasmoarekin, obra berriak erakutsi eta zenbait jarduera antolatu nahi dituzte museoaren kanpoaldean. Apirilaren 26an hasiko da egitaraua, Nestor Basterretxea artistaren zenbait lanen inauguratuta.

Artiumeko komunitatearentzat

Zuzendariak nabarmendu duenez, «Artiumeko komunitatea osatzen duen jendearentzat bereziki berezia» izango da 20. urteurrena. Zehazki, museoaren adiskideentzat, hezkuntza komunitatearentzat eta lankidetza sareentzat: «Proiektua finkatzeko ekarpen zinez eraginkorra egin du museoaren adiskideen elkarteak, bere leialtasunarekin eta hurbiltasunarekin». Horregatik, «laguntza isil hori azaleratzeko» deialdia egingo du museoak apirilaren 26an, urteurrenaren egunean, elkarteko kideek ikus-entzunezko batean parte har dezaten. Azaldu du museoak 800 lagun dituela gaur egun.

«Museoak Euskal Herriko hezkuntza komunitatearekin duen lotura ere funtsezkoa izan da proiektuak garatzeko». Herraezek azaldu duenez, «hezkuntza proiektu asko» garatu ditu museoak EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta beste erakunde publiko batzuekin. Izan ere, hogei urtean, 200.000 ikaslek parte hartu dute museoaren hezkuntza arautura zuzenduta dauden programetan.

Azkenik, Herraezek gogorarazi du Artium ireki zenean zer entzun zuen komunikabideetan: «Euskal Herriko arte garaikidearentzat erreferentziazko gune izan behar zuela esaten zuten. Museoaren garrantzia berresteko balio dezala 20. urteurrenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.