Binakako finala

Ez dute aitzakiarik

Binakako finala jokatzeko pilotak hautatu dituzte bi bikoteek. Gustura geratu diren arren, Baikokoek material «bizixeagoa» nahi zuten.

Lau finalistak aukeratutako pilotekin, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2022ko martxoaren 30a
14:38
Entzun

Garai batean ez bezala, aspaldiko pilota hautaketetan bakea nagusitu izan da, eta gaur ere ez da protesta handirik izan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Besteak beste, igandean jokatuko duten binakako finalari begira pilotak hautatzen izan dira Altuna III.a-Martija eta Laso-Imaz, eta ez dute aitzakia handirik jarri. Aspeko bikotea aritu da lehenbizi zeregin horretan, eta uso demonio hautatu dituzte hiru pilotak: 105,1, 104,8 eta 104,3 gramokoak, zehazki. «Txapelketa osoan oso material ona topatu dugu, eta gaur ere pozik gelditu gara. Jokatzeko pilota bikainak dira guztiak», adierazi du Jokin Altunak. Dezente denbora gehiagoz aritu behar izan dute lanean Baikokoek, kosta egin baitzaie hiru pilotak apartatzea. «Material biziagoa nahi genuen, baina ez dugu aurkitu. Pilota denak oso antzekoak ziren. Halere, gustura gelditu gara. Euren bi pilota baxuagoak dira», esan du Unai Lasok. Baikokoek 104,6ko pilota bat eta 104,1eko bi aukeratu dituzte.

Finaleko bi bikoteek lasaitasuna agertu badute ere, finala gero eta gertuago dagoela eta, aitortu dute litekeena dela tentsioa azalduz joatea. Altuna III.ak eta Martijak eskarmentu handiagoa dute finaletan, eta hori lagungarri izan dezakete. Dena den, amezketarrak ez du txapelik binaka, eta helburu horrexekin kantxaratuko da: «Ilusio handia egingo lidake txapel hau irabazteak. Egia da banaka final asko jokatu ditudala, baina binaka ere nahi nuke podiumaren gorenera igo». Hiru modalitatetan txapeldun izatera iritsi nahi luke, besteak beste, izen handiekin elkartzeko: Retegi II.a, Arretxe, Olaizola II.a, Irujo, Barriola, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a. «Latza litzateke zerrenda horretara gehitzea, baina tanto bat bera ere ez dut jokatuko horretan pentsatzen. Nire lana ongi egiten saiatuko naiz eta etorriko da etorri beharrekoa».

Martijari dagokionez, bigarren finala izango du, orain bi urte txapeldun izan baitzen, Ezkurdiarekin batera. Dena den, zerbait berezia izango du igandekoak: «Orduan publikorik gabe jokatu genuen, eta orain harmailak gainezka direla jokatuko dugu. Espero dut urduritasunari eustea». Finalerdietako ligaxkan 22 eta 6 galdu zuten Aspekoek Laso eta Imazen aurka, baina nafarrak uste du oraingo neurketa ezberdina izango dela. «Uste dut finala gogorra izango dela, eta indarrak neurtzen asmatu beharko dugu».

Baikoko bikoteak, bere aldetik, presio gehigarri bat izan dezake, euri asko egin baitu euren enpresak azken titulua lortu zuenetik. Horri begira egoterik ez dutela adierazi du Ander Imazek. «Irabazten badugu, datu txar hori ere apurtuko dugu, baina gure helburua ez dago horri lotuta. Partidaren hasiera gakoa izango da, eta horretan saiatu beharko dugu. Ongi hasten denak asko izango du irabazita». Bide horretan, bere lehen finala izaki, presioari eutsi beharko dio oiartzuarrak. «Eskarmentu ezak ez nau asko kezkatzen. Lasai nago». Ezbairik gabe, bikotearen laguntza badu horretan. Bilbora gozatzera joan behar dutela esan du Lasok. «Final bat jokatzea saria da, eta ezin dugu beldurtuta kantxaratu. Aurkariak jatera atera behar dugu. Ez da sekreturik egongo: gehien jotzen duenak eta aurrean gehien asmatzen duenak irabaziko du».

Finalari begira, ikusmina apartekoa izaten ari da, eta soilik 86 sarrera gelditzen dira saltzeko, guztiak kantxakoak. Diruari dagokionez, badirudi Altuna eta Martijaren alde aterako dela, nahiko garbi: 100-75i.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.