Eduki babestua

Goiener Taldea, Korrikari argi egiten

Goiener Taldea herri kooperatiba izango da aurtengo Korrikaren babesle ofizialetako bat. Beste pauso garrantzitsu bat emango du energia berriztagarrien mundua euskalduntzeko duen asmo sendoan.

Goiener Taldea da Korrikaren babesle ofizialetako bat. GOIENER
2022ko martxoaren 31
12:13
Entzun

Urte berezia da aurtengoa Goiener Taldearentzat, 10 urte beteko baitira 2012. urtean irabazi asmorik gabeko kooperatiba hori martxan jarri zenetik. Hamarkada bakarrean, Goiener Taldeak herritar, enpresa eta entitate publiko askorengana iristea lortu du, eta pauso sendoak eman ditu eredu energetikoa eraldatzeko bidean. Besteak beste, %100 berriztagarria den argindarra merkaturatzen du, sorkuntza proiektuak sustatzen ditu, aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu, eta lankidetzan dihardu helburu berberak dituzten erakundeekin.

Ingurumena zaintzeko lanean, ordea, hizkuntza ezin da alde batera utzi, eta Goiener Taldearen beste helburu nagusietako bat daenergia berriztagarrien sektorea euskalduntzea, eta horretan ari da lanean. Euskararen alde hartua duen konpromiso sendoan, beste urrats bat egin du aurten herri kooperatibak: 2022ko Korrika egitasmoaren babesle ofizial izatea. Goiener Taldeak bere ekarpena egingo dio euskararen aldeko ekinbide erraldoiari, eta horren lekuko da 11 egunez korrikalarien petoan izango duen ohorezko lekua. Era berean, bazkide guztiak gonbidatu nahi ditu Korrikan parte hartzera.

ZERBITZUAK ETA FAKTURAK, EUSKARAZ

Gertu gaude, gertukoak gara dio Goiener Taldeak gehien errepikatzen duen leloak. Kooperatiban ezinbestekotzat jotzen dute hizkuntza eskubideak bermatzea eta langileek zein bazkideek euskaraz aritzeko eskubidea izatea. Horretarako, adibidez, euskara menderatzea ezinbestekoa da bazkideekiko harreman zuzena eskatzen duten Goienerreko lanpostuetan. Hori bai, euskara zerbitzu hizkuntza gisa baino, irizpide ekologiko modura ulertuta.

Gertutasuna lortzeko ahaleginean, telefonozko edo aurrez aurreko harremanetan, lehen hitza beti euskaraz egiteko konpromisoa du Goienerrek. Horrek, kontsumitzaileentzat balio erantsi bat du; are gehiago, tramite guztiak euskaraz egiteko aukera eskaintzea izan da askorentzat Goienerreko bazkide egiteko arrazoi nagusietako bat. Agerikoa da argindarraren faktura gaztelaniaz ulertzea ez bada erraza euskaraz are zailagoa suertatu dakiokeela zenbaiti. Baina datuek diote behin euskaraz jasotzera ohituta oso gutxi direla gaztelaniara itzultzeko erabakia hartzen duten kontsumitzaileak.

ARGINDARRARI BURUZKOAK, EUSKARAZ

Goienerren hasieratik erabaki zuten derrigorrezkoa zela fakturak eta azalpenak euskaraz ematea, baina hizkuntzarekiko engaiamendua ez dute horretara mugatu. Kooperatiba abian jarri aurretik, adibidez, ez ziren batere ohikoak argindarraren merkatuari buruzko euskarazko hitzaldiak, besteak beste, aparteko lana eskatzen zuelako terminologia euskalduntzeak. Ahalegin handiak eginda, herri edo auzoetako eskariari erantzuten hasi zen Goiener, interesa zegoen leku bakoitzean hizlari euskaldun bat egon zedin ziurtatuz.

Hamar urteotan, batzar, aurkezpen, hitzaldi eta jarduera publiko ia gehienetan euskararen presentzia bermatzea lortu du kooperatiba herritarrak, hizlariez gain, laguntzarako euskarri eta baliabideak ere egokituz: aurkezpenak, bideoak, eskuorriak… eta, hala behar den kasuetan, aldibereko itzulpen edo interpretazio zerbitzuak ere eskainiz.

Hizkuntza eskubideen inguruan urrats sendoagoak egitekolanean, Goiener Taldean mugarri bilakatu zen 2020. urtean martxan jarritako Hizkuntza Plana. Horrela, kooperatibaren inguruko hizkuntza ohituren argazki osoago bat egin zen, datuak bildu, aztertu eta ondorioak ateraz.

EUSKARA BERMATZEAREN GARRANTZIA

Hizkuntza Planak erakutsi zuen, bazkideek Goienerrekin komunikatzeko aukeratzen duten hizkuntzari erreparatuta, %54ak euskara lehenesten duela. Bulegoetan ematen den arreta-presentzialetan, berriz, %51a egiten dela euskaraz.

Kontuak horrela, Goienerrentzat ezinbestekoa izan da euskara hobestea lan-eskaintzak egiterako orduan. Hizkuntza eskubideak bermatu daitezen, kooperatibako langileen ia %80ak menderatzen du euskara ahoz, irakurriz zein idatziz.

HAMAR URTE, ERRONKA BERRIAK

Hamargarren urteurreneko ospakizunak ate joka dituztela, bazkide zein langileen hizkuntza aukerak bermatzen jarraitzea da Goiener Taldearen etorkizuneko erronka nagusietako bat, euskararen hautua, komunikazio zein fakturazio mailan, ziurtatuta egon dadin.

Kooperatiba barrura begira ere, ezinbestekotzat jotzen dute maila tekniko handiko lan gehiago euskaraz sortzea eta langileen arteko dinamikak euskalduntzen jarraitzea, lanik nekezena ohitura horiek aldatzea baita. Kooperatiban, ilusioz eta baikortasunez bizi dute zeregin hori, eta horren adibide da bazkide eta langileen %7 euskaltegiren batean izena emanda daudela.

Korrika egitasmoa baliatuz, Goienerrek bereziki zoriondu nahi ditu bazkide eta langile horiek; diotenez, «euskararen erabilpena indartzea etorkizuneko inbertsio bat da, langileak ahaldundu eta zerbitzu hobea eskaintzeko».

GOIENER TALDEAREN KILOMETROAK

Gasteiz: Apirilak 1, 18:57an, 319. km.
Iruñea: Apirilak 2, 12:19an, 533. km.
Bilbo: Apirilak 6, 21:45ean, 1609. km.
Ordizia: Apirilak 8, 20:00etan, Urdaneta.
Donostia: Apirilak 10, 7:00etan, Añorga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.