Nafarroako Gobernuak datorren astean itzuli nahi du gasolindegiek aurreratutako dirua

Apirilaren 15a baino lehen itzulketa eskatzeko orria eskuragarri dute Nafarroako 240 gasolindegiek Foru Ogasunaren webgunean.

Gasolindegi bat-. TONI GALAN / EFE
joxerra senar
2022ko apirilaren 1a
13:03
Entzun

«Ia berehalakoa izango da». Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, «datorren astean errealitate izan liteke» gasolindegiek aurreratutako hamabost zentimoak itzultzea. Kontseilariaren hitzetan, helburu nagusia da «ahalik eta azkarren» erantzutea egoerari, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan die gasolindegiei, asko kexu baitira aurreratu behar duten diruak likidezia arazo larriak eragiten dizkiela.

Iruñean egindako agerraldian, Saizek azpimarratu du gasolindegiek dirua eskatzeko eskaera orria jada eskura dagoela Ogasunaren webgunean. Dena den, gasolindegietako enpresei zuzenean helaraziko diete eskaera orria datozen orduetan. Apirilaren 15era arteko epea dute eskatzeko, eta ziurtagiri digital bidez, NAN elektronikoz edo @Clave erremintaren bidez egin daiteke telematikoki. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak gaineratu du zalantzak argitzeko galdera eta erantzunez osatutako agiri bat egiten ari direla, eta edukia datozen orduetan jakinaraziko dutela.

Eskaera orria lehen pausoa baino ez da, eta, juridikoki prozesua borobiltzeko asmoz, foru agindua prestatzen ari dira. Dena den, gasolindegiei lasai egoteko adierazi die. Erantzukizuna ere eskatu die, halaber, «laguntza gidariengana irits dadin, bere osotasunean». Kontseilariaren arabera, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordea prezioak ikuskatzen ari da, eta Nafarroako Gobernuak, bere ahalmenen barruan, Kontsumo Zerbitzuko ikuskatzaileak «aktibatu» ditu, martxoaren 29an dekretua argitaratu zenetik. Azken egunetan prezio igoerarik nabaritu duten galdetuta, Irujok erantzun du orain arte ikuskatzaileek ez dutela atzeman irregulartasunik.

Hamar milioi

Lehen hilabetean neurriak hamar milioi euroko kostua izango duela aurreratu du Saizek. 2021eko gasolindegien hilabeteko salmenten datuak hartu dituzte oinarri horretarako. Dekretuaren arabera, administrazio publikoek hamabost zentimo aurreratuko dituzte, eta beste bost gasolindegiek. Haatik, bost zentimo horiek finantzatu ezin dituzten gasolindegi txikien kasuan, gobernuak berak jarriko ditu litroko hogei zentimoak. Saizek ez daki Nafarroan zenbat gasolindegi txikiri eragingo dien salbuespen neurri horrek.

Lehen hilabeteaz harago, orotara neurriek 35 milioi euroko kostua izango dutela nabarmendu du Saizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.