Gasteizko familia bat argindarrik gabe utzi dutela salatu dute

Gasteizko Auzoan Bizi etxebizitza sareak argindarra «berehala» itzultzeko exijitu dio parrokien Berakah elkarteari.

Gasteizko familia bat argindarrik gabe utzi dutela salatu dute. AUZOAN BIZI
unai etxenausia
2022ko apirilaren 1a
13:18
Entzun

Gasteizko Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu du auzoko parrokien Berakah elkarteak kudeatutako etxebizitza batean argindarra eten dutela. Chanilak, Robensonek eta haien bi seme-alaba adingabeek hamar egun daramatzate argindarrik gabe, eta kandelak erabiltzera behartuta daude. Auzoan Bizik salatu duenez, Berakah elkarteak «urratu egin du indarrean dagoen moratoria», zeinaren arabera ezin den hornidurarik moztu: «Berakah elkartearen arduragabekeria horren ondorioz, asteartetik asteazkenerako goizaldean sute bat piztu zen; zorionez, ez zen ezer larririk gertatu». Auzoan Bizik argindarra «berehala» itzultzeko exijitu dio, eta Gasteizko Udalari exijitu diote ere familiari beste etxebizitza aukera bat emateko, «legez kanpoko baldintzek irauten duten bitartean».

Familiak urtebete darama Berakah elkarteak kudeatzen duen Alde Zaharreko etxebizitza batean bizitzen. Urtarrilean Berakah elkarteak aldatu egin zituen aurretik ezarriak zituen baldintzak. Etxebizitza sareak esplikatu duenez, ordutik aurrera familiei eskatzen zieten argindarraren «hileroko gastua prozedura irregularren bidez ordaintzeko». Horrez gain, ordaindu beharreko kopurua mezu bidez jakinarazten zieten, «faktura ofizialik gabe eta familiari informazioa ezkutatuz».

Familiak uko egin zuen baldintza irregular horiek onartzeari, ez bazieten agiri ofizialak edo fakturak erakusten. Auzoak Bizik esan du familiaren erantzunaren ondorioz eta azken hilabeteetan «hainbatetan mehatxatu ondoren» etxeko argindarra moztu zietela.

«Ez da kasu bakan bat; Auzoan Bizik antzeko jarrerak ikusi dizkio Berakah elkarteari, eta ohikoak dira oinarrizko eskubideen aurka dituzten praktikak», ohartarazi du Auzoak Bizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.