Energiaren garestitzea

Auto ilararik ez, baina arazoak fakturekin

Gasolindegietan hasi dira deskontuak aplikatzen; Hego Euskal Herriko batzuetan auto ilara txikiak izan dira goizean goiz, baina kobratze sistemak huts egin dielako.

Gasteizko gasolindegi bateko langile bat. RAUL BOGAJO (FOKU)
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2022ko apirilaren 1a
13:29
Entzun

Aurreko egunetan baino mugimendu handiagoa izan da gaur goizean Hego Euskal Herriko gasolindegietan; gutxi batzuetan auto ilara txikiak sortu dira, baina oro har «lasai» aritu dira lanean. Hori bai, zerbitzugune batzuetan arazoak izan dituzte fakturak egiteko orduan, sistema informatikoa blokeatu egin baitzaie, lehen orduan bereziki. Repsolen zerbitzugune batzuetan gertatu da hori, baina ez guztietan, eta arazoa konpontzen ari direla zabaldu du enpresak. Dena den, gasolindegi batzuk tarte batez itxita egon dira.

Sestaoko (Bizkaia) Repsolen gasolindegian, adibidez, «inbutua» sortu da lehen orduetan, hango arduradunak azaldu duenez. «Bereziki txartel bidezko ordainketekin izan dugu arazoa, eta eskudirutan egin behar izan dute. Lehen orduan bezero ugari etorri dira, eta badirudi beste zerbitzugune batzuetan gauza bera gertatu dela, eta sistema blokeatu egin dela. Orain, ondo doa. Komunikabide batzuetan aipatu den kaosa hori izan da, ez besterik». Aitortu du ohi baino bezero gehiago izan dituztela gaur, azken asteetan eta egunetan baino gehiago. «Jendea deskontuaren zain zegoen». Dena den, gogoratu du hileko lehen egunetan mugimendu gehiago izan ohi dela gasolindegietan.

Repsolen sareko Nafarroako gasolindegietan ere arazoak izan dituzte sistema informatikoarekin, eta batzuk eguerdian itxi dituzte, arazoa konpondu arte. «Sistemak faktura batzuetan aplikatzen du deskontua, baina beste batzuetan ez», azaldu du Araitz-Betelu inguruko zerbitzugune bateko langileak. «Bezero batek 140 euro sartu ditu, eta deskontua egin gabe joan da, billeteekin pagatuta. Baina Tuterara zihoan pasaitar bat txartela hemen utzita joan da; gero arratsaldean itzuliko da bila». Gaur goizean lanez gainezka aritu dira gasolindegi horretan. Batetik, elurrak A-15a itxi duelako, eta ezohiko bezeroak erakarri dituelako. Eta, bestetik, depositua betetzeko deskontuaren zain zeuden batzuk joan direlako. «Azken egunotan konfinamenduaren hasieran bezala izan da: oso jende gutxi eta gehienak 20 euro-edo sartzen, prezioa jaitsi arte aguantatzen».

Deskontua tiketean

Sistema informatikoarekin arazorik izan ez dutenik ere badago: Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) zerbitzugunean, esaterako. N-1 errepidean dago, eta bezero ugari izaten ditu. Gaur, ohi baino gehiago joan dira, baina ez da auto ilararik sortu. Sistema informatikoak ere ez du huts egin, hango arduradunak azaldu duenez. Aitortu du, hori bai, jendea «despistatu samar» zebilela, galdezka, sarreretako paneletan eta hornigailuetako prezioa deskontuekin ala gabe azaltzen zen. «Hobe zen karteletan eta makinetan benetan kobratuko den prezioa jarri izan balute, baina hori ez dago gure esku», azpimarratu du.

Espainiako Estatuak hala egitea erabaki du konpainia batzuek gobernuak ezarritako deskontuei beste batzuk gehitu ahal dizkietelako; Ipar Euskal Herrian, aldiz, paneletan azaltzen den prezioa da azkenean bezeroak ordainduko duena, konpainiek gero deskontu gehigarriak eskaini zein ez.

Dena den, bezeroak oro har «oso ongi informatuta» joan dira gasolindegietara. Hala dio, behintzat, Barakaldoko (Bizkaia) Eroskiko zerbitzuguneko arduradunak. Han, espero zuten moduan joan da goiza: bezero gehiago, bai, baina «uholderik» ez, eta sistema informatikoan ere arazorik ez. Gauza bera Zurbaoko (Araba) Aviaren gasolindegian. Horko langileak, dena den, aitortu du bezeroei azalpen ugari eman behar izan dizkiela. NI-1 errepidean dago zerbitzugunea, eta goiz lasaia izan dutela azaldu du, «elurrarengatik ziurrenik». Uste du arratsaldean nabarituko dutela mugimendu gehiago, atertzen duenean eta asteburuko bidaiarien joan-etorriak hasten direnean.

Irungo (Gipuzkoa) Zaisa zerbitzugunean, berriz, kamioiak dira nagusi. Hango langileen arabera, goizean kosta egin zaie sistemara egokitzea, baina arazorik ez dute izan, ohiko bezero kopurua izan baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.