Esnearen alorra

Gainezka egiteko azken tanta, gertu

EHNEk eta Enbak esan dute ekoizpen kostuen gorakadak lehendik ere larria zen egoera okertu baino ez duela egin. Egungo baldintzetan irautea «ezinezkoa» dela diote.

Miren Garate.
2022ko apirilaren 1a
15:07
Entzun

COVID-19aren pandemiarekin, komuneko papera izan zen; eta, garraiolarien greba ikusita, badaezpada esnea erosteari eman dio jendeak, dendetako apalategiak husteraino. Irudi horiek ikusita burura zer datorkien galdetuta, antzeko analisia egin dute nekazaritza sindikatuetako ordezkariek. “Falta direnean estimatzen dira gauzak. Zer pentsatu handia eman behar liguke ia produktu guztietan mendekoak izan, eta, hala ere, bertako ekoizleak desagertzen ari direla ikusteak”, esan du Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak. Antzeko zerbait dio Mikel Arteaga Enbako kideak ere. “Jeneroa falta ez den bitartean, ez gara kezkatzen, berdin digu nondik datorren. Baina larritzen bagara, prezioak ere ez digu axola izaten, bestela luparekin begiratzen diogun arren”. Biek azaldu dute jendeak ohi baino gehiago erosi duelako egon dela esne falta, ez beste ezerengatik. Baina ohartarazi dute esnea ateratzen duten baserritarrak jarduera uzten ari direla, eta berehalako neurriak eskatu dituzte: “Baldintza hauetan ezin dugu iraun. Jasanezina da egoera”.

Bizi dutena azaltzeko, agonia hitza erabili du Nazabalek. “Urte asko daramatzagu dendetan esnea low cost produktu gisa saltzen; amu moduan erabili izan da; harekin irabazirik ez izanda ere, saltokiek bazekitelako beste produktu batzuekin lortuko zutela etekina”. Horri, bestelako zailtasun batzuk gehitu zaizkio azken boladan. Urte eta erdi bat egin du atzera Arteagak; haren hitzetan, 2020ko udan hasi ziren garestitzen ganaduarentzat behar izaten dituzten pentsuak. “Orduan, arrazoia izan zen burtsan zerealekin jolasten hasi zirela. Zeinen eskuetan geunden ikusita, larritzen hasi ginen gu, ez genekielako zer bilakaera izango zuen kontu hark. Animaliei jaten eman behar zaie, eta, premia dugunez, ordaintzea beste erremediorik ez zaigu geratzen guri”.

Arteagak uste du azken asteetan gertatzen ari dena, berriz, “zoroaldi hutsa” dela, “ikaragarri” ari baitzaizkie igotzen kostuak. Duela gutxi ordaindu dituen fakturetako batzuk jarri ditu adibidetzat. Nekazaritzako gasolinaren prezioa —merkeagoa izaten da, zerga txikiagoak dituelako— urtebetean hirukoiztu egin dela kontatu du. Argindarra eta eguneroko jardueran behar izaten dituzten burdina, plastiko, bilgarri eta abarrak ere %20-%30 garestitu direla dio. Pentsua izaten da abeltzainen gastu nagusietako bat: “2020an, tonako 279 euro pagatzen nuen nik erabiltzen nuen pentsua, eta orain, 369 euro. 90 behi jezten ditugu gure etxean, eta egunean 1.400 kilo jaten dituzte; beraz, eguneko ehun euro handiagoa da kostua”. Enbako kideak uste du zentzurik gabeko gauzak ari direla gertatzen. “Erregaia ekoiztea orain dela urtebete baino hiru aldiz gehiago kostatzen da, seguru? Pentsua ekoiztea ere %10 garestituko zitzaien, agian, baina %40 garestitu behar da? Kontua da eskura duenak momentua aprobetxatzen duela, espekulatzeko”.

Igoera txikiak prezioetan

Eta ordaindu beharreko fakturetan gorakada agerikoa den arren, Nazabalek nabarmendu du hazkunde hori ez dela kobratu beharreko fakturetan ere aplikatzen. “Merkatuak bere gain hartu behar luke igoera hori, eta gure produktuagatik kostatzen dena ordaindu, marjinak ere araututa; baina ez du egiten”. Gogoratu du esnea ekoizteak “kostu handia” duela: urteko 365 egunetan lan egin beharra, ordu asko, inbertsio handiak, animalien ongizateari buruzko araudi gero eta zorrotzagoa… “Eta dendara joaten zara, eta marka batzuetako ura esnea baino garestiago dago. Normalizatu egin da kate guztia ezer ez irabaztera bideratzea, baina hori ez da posible”.

Ondorioak ere igartzen direla azaldu du Nazabalek, gero eta gutxiago ari baitira sektorean. Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako Sailaren datuek erakusten dute ganadua ere gutxitzen ari dela. Behi azienden kopuruari buruzko estatistikan, iaz 47.392 buru zenbatu zituzten Gipuzkoan —esnetakoak ez ezik, bestelakoak ere kontuan hartuta—, duela hogei urte baino %36 gutxiago. “Ikusten ari gara zeinen ahulak garen kanpoko produktuen aurrean; esparru guztietan, gainera. Zilegitasun osoz egiten ari diren garraiolarien greba bat nahikoa da kirioak dantzan jartzeko. Bien bitartean, ordea, bertakoa zaindu ordez, ia jarduera uzteko bidea ematen dizute”, esan du ENHEko presidenteak.

Sindikatuan, sektorean jarraitzeko motibazio urriarekin ikusten dituzte gazteak ere. Nazabalek uste du kate osoak duela ardura, baita kontsumitzaileek ere. “Elikatzea jatea baino gehiago da, eta balio eskalan oso atzean dago. Bakoitzak pentsatu behar du zertan ari den kolaboratzen”. INE Espainiako estatistika erakundeak, KPIaren datuak ematen dituenean, produktu jakin batzuen bilakaerari buruzko informazioa ere ematen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatistikei erreparatuz gero, ikusten da esnea ez dela askorik garestitu dendan. 2016an, %3,3 merkatu zen; 2017an, %1,7; 2018an, %0,3; eta 2019an eta 2020an, garestitu egin zen, %0,9 batean zein bestean. Azken datuak iazko abendukoak dira, eta igoerarik handiena hor ikusten da: urte hasieran baino %4,7 garestiago zegoen abenduan; esnekiak, berriz, %5,1 garestiago.

Arteagaren esanetan, litro esnea dendan 10 zentimo inguru igo dela kalkulatu dute. Baina adierazi du baserritarrei iritsi zaien igoera ez dela hainbestekoa izan. “Gure egoera salatzeko, aurrena 2021eko udan atera ginen kalera, egoera jasanezina zela eta merkatuko prezioa litroko hamar zentimo igo behar zela esanez. Udan, bi zentimoko igoera egin ziguten, eta abenduan, zentimo eta erdikoa. Hau da, banaketa enpresek hamar zentimo igo diote prezioa erosten duenari, eta 3,5 eman baserritarrari”. Galdetu du non geratzen den gainerako zatia. “Txoferrei galdetzen diezu, eta esaten dizute haiek ere ez dutela igoerarik izan. Baten bat ari da geratzen diruarekin, baina baserritarroi ez zaigu iristen”.

Ekoizpen kostuek izandako gorakadaren ondorioz, Arteagak esan du oraingo egoeran ezinbestekoa dela prezioak beste hainbeste eta gehiago igotzea ere. Nazabalek ere bai: “Esaten digute kontsumitzaileari bat-batean hamar zentimo igotzea astakeria dela, baina 30 urtean, aldiro-aldiro zentimo bat edo bi igo izan balituzte, marka zuriko esnea gutxienez euro batean egongo zen orain, eta jendearentzat ez zen hain arraroa izango, baina geldirik izan dituztenez prezioak…”.

Nazabalek zehaztu du esnea garestitzeak kontsumitzaileengan izango lukeen eragina urte amaieran euro batzuetakoa bakarrik izango litzatekeela. Esate baterako, egunero basokada bat edaten duen batek —litro laurden—, litroa euroan dagoen esnearen ordez euro eta hamar zentimoan dagoena erosiko balu, urte osoan bederatzi euro gehiago gastatuko lituzke. “Iseka bat da esatea prezioak ezin direla igo, are gehiago sektorearen iraupena igoera horren mende dagoenean. Aspaldi iritsi zen erabaki serio batzuk hartzeko garaia, baina orain zirt edo zart egin behar dugu, ez dago beste aukerarik. Edo ekoizleari ordaintzen zaio ordaindu behar dena, edo dirua galtzen aritzeko, uztea hobeto”.

Arteagak ere uste du oraingo baldintzetan ezin dutela jarraitu. “Badakigu datorren hilean pentsua garestiago izango dugula, bazka garestiago, argindarra garestiago… Gasolioa espero dugu ezetz, baina ez dugu espero kostuak jaisterik. Eta ezin ditugu behiak belarrarekin bakarrik eduki”. Ziurgabetasun horrekin, esne litroarentzat prezio duina zein izango litzatekeen jakitea ere zaila dela dio. “Gaur egun, gastuak ordaindu eta soldata txiki bat jaso ahal izateko, litroa, gutxien-gutxienez, 45 zentimoan saldu beharko genuke, edo, seguru asko, gehiagoan, baina 38 zentimoan ari gara saltzen”.

Ardoa da Hego Euskal Herrian kontsumitzen den adina ekoizten den elikagai bakarretakoa. Esnean eta esnekietan ere ez da burujabea; horregatik, Galiziatik, Frantziatik eta beste herrialde batzuetatik ekartzen dute. “Behar baino gutxiago egiten badugu eta gehiago saltzen bada, erraza izan behar luke egoerak ekoizleontzat, baina…”, esan du Arteagak. “Eta, gainera, ematen du baserritarrok lotsaz esan behar dugula guk ere irabaziak behar ditugula, baina inor ez da joaten lanera musu truk”, gaineratu du Nazabalek.

Protesta gisa, haragi banaketa

COVID-19aren pandemia ere aipatu dute bi sindikatuetako kideek. Funtsezko jardueratzat hartu zuten nekazaritza, baina ordutik hilabete batzuk igaro direnean, ez dute igartzen aldaketa handirik. Horregatik, Ukrainako gerrak mendekotasunen gaia lehen lerroan jarri izanak ere ez die itxaropen handirik eragin; ez dute uste jendea bertako produktuak gehiago estimatzen hasiko denik.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EHNE eta Enba sindikatuetako ordezkarien agerraldia antolatzeko eskatuko du gaur EH Bilduk, esne sektorearen krisiaz hitz egin dezaten, bai eta Kaiku eta Biolurren agerraldia antolatzeko ere. Hala ere, esne sektorea bezala, haragitarako behiak dituztenak ere ez daudela askoz hobeto diote bi sindikatuek. Horregatik, protesta bat egitekoak dira gaur, elkarrekin. Donostian izango da, 11:00etatik aurrera, Haragia sutan leloarekin. Bretxa merkataritza gunearen inguruan elkartuko dira, eta haragia banatzeko asmoa dute. Baserritarrei elkarri laguntzeko eta elkar babesteko ere eskatuko diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.