Enplegua

Langabezia igo egin da martxoan Hegoaldean

Hirugarren hilabetez jarraian langabeen kopurua igo egin da Hego Euskal Herrian, 1.975 langabe gehiagorekin. Joan den hilean egindako hamar kontratu berrietatik bi mugagabeak izan dira.

Ostalaritzako langile bat, bezeroekin, Iruñeko taberna batean. IñIGO URIZ / FOKU
Irune Lasa.
2022ko apirilaren 4a
10:58
Entzun

Martxoa eskasa izan da Hego Euskal Herrian langabezia datuei begira. Enplegu bulego publikoetan erregistratutako langabeen kopurua handitu egin da, urtarrilean eta otsailean gertatu zen moduan: martxoak 1.975 langabe gehiago ekarri ditu Hegoaldera, eta guztirako kopurua 151.483 langabekoa izan da. Edonola ere, iazko hilabete berean baino 21.025 langabe gutxiago dira.

Kontratuetan gertatu da, ziurrenez, albiste deigarriena. Joan den hilabetean 100.844 lan kontratu lotu dira Hego Euskal Herrian, eta %20,22 izan dira mugagabeak. Otsailean jada hasia zen igartzen kontratu mugagabeak bultzatzen dituen lan erreformaren eragina, baina argi dago martxoko kontratazioetan arau berriek aldaketa ekarri dutela: azken urteetan mugagabeko kontratu berriek nekez gainditzen zuten %8ko zatia kontratazio berrietan. Baina orain, martxoan, sinatutako hamar lan kontratuetatik bi mugagabeak izan dira Hego Euskal Herrian.

Martxoan beherantz egin zuen ABEE aldi baterako erregulazioan zeuden langileen kopuruak. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, 4.731 langile zeuden egoera horretan Hego Euskal Herrian. Hilabete lehenago 5.802 ziren, eta urtebete lehenago, berriz, 34.996. Urrun geratzen dira, beraz, 2020ko apirileko kopuruak, bost langiletik bat baitzegoen egoera horretan, 230.000 lagun.

ABEE berriak

Martxoa amaitzearekin batera agortu dira pandemia dela-eta Espainiako Gobernuak indarrean jarritako ABEEi buruzko legedi berezia. Berez, otsailaren 28an ziren agertzekoak, baina hilabeteko luzapena eman zuen Madrilek, enpresek denbora izan zezaten araudi batetik bestera egokitzeko. Aurrerantzean hiru ABEE mota izango dira.

Batetik, gazteleraz ETOP laburduraz ezagutzen direnak daude, hau da, arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, eta antolaketa eta produkzio arazoengatik eskatutakoak izango dira. Erregulazio horiek ez dute administrazioen onespenik izango, baina langileen ordezkariekin negoziatu beharko dituzte. Negoziazioek ez dute derrigorrez akordio batekin bukatu beharko. Aldi baterako espediente horien bidez, enpresek erregulazioan dituzten langileen Gizarte Segurantzako kotizazioen %20 aurreztuko dituzte, baina formakuntza eman beharko diete.

Bigarrenik, aldi baterako premiazko arrazoiengatik eskatutako ABEEak izango dira. Kasu horretan, enpresek administrazioen baimena eskatu beharko du, eta justifikatu beharko du zeintzuk diren premiazko arrazoi horiek. Bost eguneko epea izango dute administrazioek erantzuteko, baina, hala egiten ez badute, automatikoki onartua izango da. Langileen ordezkariei ere jakinarazi beharko zaie, baina ez da derrigorrez negoziatu behar. Gizarte Segurantzaren kotizazioen %90 aurreztuko dituzte enpresek —estatuak hartuko ditu bere gain—.

Aldi baterako erregulazio bat zein bestea eskatzen duen enpresak ezingo ditu langileak kaleratu sei hilabeteko epean. Erregulazioa indarrean dagoen bitartean, enpresek langileak egoera horretatik sartu edo atera ahal izango dituzte, beren beharren arabera. Erregulazioetan kontratuak eten ahal izango dira, baina lanaldia %10 eta %70 artean murrizten dutenak hobesten ditu legeak. Erregulazio bat onartua duen enpresak ezingo ditu aparteko orduak eskaini, ezingo ditu lanak azpikontratatu, eta ezingo du beste kontraturik egin.

Hirugarren ABEE mota bat ere izango da, Mecanismo Red deitutakoa. Sektore oso batek arazoak dituenean erabiliko da, eta Espainiako Gobernuak erabakiko du zer sektorek duen horretarako eskubidea. Iragarria du bidaia agentziei dagokien Mecanismo Red bat indarrean jarri duela, uste baitu arlo horrek ez diola artean buelta eman pandemiak sortutako beheraldiari, eta egiturazko arazoak dituela —herritar askok Internet bidez egiten dituztelako erreserbak, zuzenean ala webgune berezien bidez—. Hasieran, urtebeterako indarrean jarriko da tresna hori, sektoreak denbora izan dezan berregituratzeko, baina sei hilabeteko bi luzapen eduki ahal izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.