Maiatzaren Lehena

Zaintza, ondasunak eta enpleguak banatzeko eskatuko du LABek Maiatzaren Lehenean

Hamahiru mobilizaziotara deitu ditu, eta, azken urteetan bezala, Baionakoa bateratua izango da. Sindikatuak ohartarazi du ez duela inolako errenta pakturik onartuko «erosahalmena berreskuratzeko ez bada».

Maider Jauregi LABeko komunikazio idazkaria eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusia. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko apirilaren 4a
13:48
Entzun

LAB sindikatua Egin dezagun posible lelopean irtengo da kalera aurtengo Maiatzaren Lehenean. Eta «banaketa hirukoitza» delakoa da posible egin beharreko asmo hori: «Zaintzaren, enpleguaren eta ondasunen banaketa bidezkoago bat aldarrikatuko dugu», iragarri du Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak. Aldarri hori hamahiru manifestaziotan zabalduko dute: bana Hego Euskal herriko hiriburuetan; beste bat Baionan, gainerako sindikatuekin batera; eta hainbat herritan, batez ere Nafarroakoak. Aurten aldarria manifestaziotik harago irits dadin nahi du LABek, eta hainbat espazio ludiko antolatuko ditu: «Langileen arteko elkargune izan daitezen».

LABen ustez, langileek urteak daramatzate krisian, eta argi du «kapitalismoa» dela horren eragilea, eta horren azpian ez dagoela etorkizunik langileentzat. Pandemiatik eta Ukrainako gerratik harago doan fenomeno bat da, baina azken horren atzean ere ikusten du kapitalismoaren itzala. «Interes geopolitikoek eragindako batek eragin du, oligarken mesedetan. Bizitza eta kapitalaren talka gordinena da». Energia krisiaren atzean ere ageri da kapitalismoa. Aranbururen ustez, «iraingarria» da energia enpresak aberastea oraindik ere, eta, horregatik, exijitu du mugak ezartzea «oligopolio energetikoak duen xantaiako botereari».

Horien eta beste arazo batzuen aurrean, banaketa hirukoitza da LABen formula. Baina zertan datza eskaera hori? Lan guztiak aitortu, duindu eta banatu behar dira, eta lanaldia murriztuz. «LABen 30 orduko lan astea aldarrikatzen dugu», azaldu du. Aberastasunaren banaketa egiteko moduak azalpen luzeagoa du, eta hiru dira ardatzak: erreforma fiskala, kapitalaren errentei eta irabaziei zergak igota; zerbitzu publikoen hobetzea, adibidez gastu militarretik dirua bideratuz; eta soldatak hobetzea.

Soldaten hobekuntza hori KPIaren araberako igoerekin edota 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin lortu behar dela uste du LABek. Era berean, sindikatuak bere burua kokatu du Hego Euskal Herrian bultza daitekeen balizko «errenta pakturen» baten aurrean: «Ez dugu inolako errenta pakturik onartuko langileok galdu dugun erosahalmena berreskuratzeko ez bada», aurreratu du Aranburuk.

LABen mobilizazioak Maiatzaren Lehenean.
Araba: Gasteiz (12:00).
Bizkaia: Bilbo (11:00).
Gipuzkoa: Donostia (12:00) eta Eibar (12:00).
Ipar Euskal Herria: Baiona (11:00).
Nafarroa: Iruñea (12:00), Azkoien (12:00), Lizarra (12:30), Tafalla (13:00), Tutera (12:30), Doneztebe (12:00), Altsasu (12:30) eta Leitza (12:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.