Gerra Ukrainan

EBk zigor gehiago ezarriko dizkio Errusiari, Kiev inguruan egindako ustezko «sarraskiengatik»

Butxa herriko kaleetan 340 zibilen gorpuak aurkitu eta lurperatu dituzte. Kremlinek akusazioak ukatu ditu.

jarraia211768.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 4a
16:54
Entzun

Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak iragarri du EBk Errusiaren aurka «premiazko» zigor gehiago ezartzeko asmoa duela, Errusiako tropek Kiev oblastan eta azken egunotan erretiratu diren beste eremu batzuetan ustez egin dituzten «sarraskien» biharamunean. Azken datuen arabera, ehorzketako zerbitzuetako langileek Butxa herriko kaleetan 340 zibilen gorpuak aurkitu eta lurperatu dituzte, Ukrainako hiriburutik gertu, baina oraindik etxe partikularretako lur sailetan edo inguruetako zelaietan lurperatu dituztenak aurkitzen ari dira, apurka-apurka. «Erantzuleak zigortuko ditugu. Errusia genozidioa egiten ari da», salatu du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, haserre, Butxara egindako bisitan. Kievek NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan aurkeztuko du Butxako kasua, bihar.

Moskuk, berriz, akusazioak ukatu zituen atzo. «Erabat baztertzen ditugu», esan zuen Kremlineko eledun Dmitri Peskovek, zabaldutako irudi horiek Ukrainako zerbitzu sekretuek antolatutako «probokazio» ekintza bat direla argudiatuta. Gaineratu zuen Errusiak gertakari horiek NBEren Segurtasun Kontseiluan eztabaidatzeko galdegin duela.

Nolanahi ere, EBk Errusiari beste zigor sorta bat ezartzeko eskaerak gero eta ozenagoak dira. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea, esaterako, argi mintzatu da: «Europak Errusiako energia horniduretatik bereizi eta bonba horiek zeharka finantzatzeari utzi behar dio». EBko 27ek, Ukrainari «elkartasuna» adierazteaz gain, gogorarazi dute Kievi frogak biltzen lagunduko diotela, «sarraski horien egileak Nazioarteko Justizia Auzitegira eramateko», Borrellek esan duenez, EBren izenean egindako adierazpen batean. Horrez gain, nabarmendu du EBk «erabat» babesten duela Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak gerra krimenei eta gizateriaren aurkako krimenei buruz hasitako ikerketa, baita OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren Ikerketa Batzordearen lana ere. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, berriz, adierazi du EBk ikerketa talde bat eratu duela Ukrainarekin lankidetzan jarduteko, gerra krimen posibleen eta gizadiaren aurkako krimenen frogak biltzeko.

Frantziako presidente Emmanuel Macronek ere gogor jo du Errusiaren aurka, France Inter irratian emandako elkarrizketa batean. Macronek «gerra krimentzat» jo du Butxan gertatutakoa, eta Errusiaren aurkako zigor gehiago hartzeko eskatu du, «ikatzaren eta petrolioaren sektorea kolpatzeko». Hain zuzen ere, Europako Batzordeak Errusiaren aurkako zigorren inguruan eztabaidatuko du datozen egunetan.

Zigorrei erantzunez, Errusiako presidente Vladimir Putinek dekretu bat sinatu du, zeinak EBko herrialdeei, Norvegiari, Suitzari, Islandiari eta Liechtensteini bisa emakida mugatzen dien, Errusiaren aurkako «adiskidetasunik gabeko ekintzengatik», Kremlinek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Dekretu horrek ordezkaritza ofizialei eta kazetariei eragingo die.

Erasoak, etenik gabe

Gerra frontean, Errusiak iragarri du bere soldaduek Ukrainako hamalau helburu militar suntsitu dituztela bart gauean: besteak beste, bi aginte postu, aireko misilen bi anezka, bi artilleria armategi, hiru erregai biltegi eta sei gotorleku. Halaber, Igor Konaxenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi du sei drone bota dituztela Mikolaiv, Kherson, Komarivka (Lviv eskualdea) eta Velika Novosilka (Donetsk eskualdea) hirien ondoan. Errusiako tropak berrantolatu egin dira, erasoaldia Donbass eskualdean zentratzeko.

Gaur goizaldean ere bonbardaketak izan dira Odesan eta Mikolaiven. Bestalde, Txernihiv hiriaren %70 guztiz suntsituta dagoela adierazi du bertako alkateak.

Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek egindako agerraldian jakinarazi duenez, bederatzi korridore humanitario ireki dituzte gehien jota dauden hirietatik zibilak ateratzeko. Horietako bi Luhanskeko Herri Errepublikan eta Mariupol hirian (hegoaldea) – Errusiako tropek setiatuta dute– zabaldu dituzte, bertako herritarrak Zaporizhiara lekualdatzeko. Halere, Verextxukek salatu du Mariupolgo zibilak erreskatatzeko autobusak ezin izan direla Ukraina hegoaldeko hirira heldu, Errusiako tropek Nazioarteko Gurutze Gorriaren ebakuazio ahaleginak «blokeatu» dituztela eta. 100.000 egoiliar baino gehiago daude urik, janaririk eta gasik gabe, Gurutze Gorriaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.