Reala 1-0 Espanyol

Txuri-urdinek azken unean irabazi dute, penaltiz

Partida osoan nagusi izan arren, partidako azken jokaldian sartu du gola Isakek, eta seigarren postuan sendotu da Reala. Europarako sailkatzea gertuago du Imanol Alguacilen taldeak.

Isask Espanyoleko bi jokalariz inguratuta. JUAN HERRERO / EFE
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 4a
23:16
Entzun

Sufritutako eta gozatutako garaipena lortu du Realak Europarako sailkatzeko borrokan, astelehen gauean, Anoetan. Txuri-urdinek 1-0 irabazi diote Espanyoli. Partidako ia azken jokaldian iritsi da gola, eta Isakek sartu du, penaltiz. Festa piztu da orduan Anoetan, txuri-urdinak seigarren postuan sendotu baitira, 51 punturekin, eta sei puntura du orain Vila-real zazpigarrena. Merezitako garaipena izan da, txuri-urdinak nagusi izan baitira. Baina denboraldi honetan maiz gertatu zaion moduan, ez du aurkariaren atean asmatu, eta hutsegite hori ordaintzeko zorian egon da.

Erasora irten da Imanol Alguacil. Zelai erdian jokoa sortzeko Rafael eta Silva atera ditu hasieratik, eta aurrean Isak eta Sorloth aritu dira. Ondo ekin dio partidari talde txuri-urdinak. Harena izan da baloi jabetza eta jokoaren ekimena. Gainera, estu hartu du Espanyol, baloia ateratzen zuenean, ondo presio eginez. Baina gero erasoan argitasuna izatea. Denboraldi honetan horixe da Realaren joera. Lehen zati horretan, bi aukera bi garbi izan ditu. Lehena, 7. minutuan, Zubimendik eduki du, eta ia area txikitik errematea egin du, baina baloia kanpora joan da, langa apur bat jo ostean. Beste abagunea 32.ean ailegatu da, eta SIlvarentzat izan da; Diego Ricok erdiraketa on bat egin du, eta erdilariak boleaz egin du errematea, baina Oier Olazabalek gelditu egin dio ia ustekabean. Lehen zatiko azken txanpan Espanyolek estutu du, eta aurretik jartzear izan da, Puadok buruz egindako erremate batean, baina ez du asmatu, eta hala amaitu dira lehen 45 minutuak.

Bigarren zatia bide beretik joan da. Realari baliorik gabe utzi diote gol bat, 51. minutuan. Sorlothek sartu du, baina Espanyoleko jokalariek esan dute Sorlothek Cabrerari falta egin diola, eta, VAR bidez begiratu ostean, Jaime Latrek baliorik gabe utzi du. Realak agintzen jarraitu du, baina berriz ere ez du asmatu, eta partida nahasiz joan da. Espanyolentzat ona zen puntua, eta patxadaz jokatu du. Hori bai, Remiroren atera gerturatzen zen aldiro amaitu egiten zuen jokaldia. Nahiz eta golik ez sartu. Azken txanpan Imanolek Merino. zelairatu du, ea hark jokaldiren bat sortzen zuen. Azken minutuetan, ordea, pazientzia apur bat galdu du talde txuri-urdinak. Azkenerako, 92. minutuan iritsi da garaipena eman dion penaltia. Cabrerak egin dio Merinori. Penalti inozoa izan da, baina argia. Oiartzabal ez zegoenez, Isakek jaurti du, eta ligako bosgarren gola sartu du. Garaipena, eta Europa gertuago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.