Energia

Madrilek leporatu die konpainia elektrikoei gasaren prezioa mugatzeko saioa oztopatzea

Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak uste du konpainia elektrikoek ez dutela izan erreakzio bat «errealitate sozialarekin bat datorrena», eta salatu du gasa argindarraren preziotik banatzeko proposamena zapuzten saiatzen ari direla.

Teresa Ribera Espainiako Trantsizioa Ekologikorako ministroa. MARISCAL / EFE
xabier martin
2022ko apirilaren 7a
11:08
Entzun

Salaketa gogorra egin die Espainiako Trantsizio Ekologikoko ministro Teresa Riberak Iberdrola eta Endesa konpainia elektrikoei, haien izenak esan gabe. Riberak oso garbi esplikatu du argindarraren oligopolioak erreakzio bat izan duela «errealitate sozialarekin bat ez datorrena», eta Espainiak eta Portugalek gasaren prezioari muga jartzeko proposamenari «porrot eginarazten» saiatzen ari direla.

Madrilek eta Lisboak Europako Batzordeari proposamen bat egin diote gasaren prezioa gehienez 30 euro izan dadin MWh, argindarraren ekoizpenerako erabiltzen denean; neurri horren bidez argindarraren prezioa nabarmen jaitsiko delakoan da Espainiako Gobernua, konpainia elektrikoek zerutik eroritako irabaziak esan zaizkien horien zati handi bat galduko lituzketelako. Europako Batasuneko agintariak ez ziren ados jarri argindarraren prezioa jaisteko neurriei buruz, aurreko hileko hondarrean, baina onartu egin zuten Espainiako eta Portugalgo gobernuek beren kasa erabakiak hartu ahal izatea. Salbuespen horretarako argudioa da Iberiar penintsula «uharte energetiko» bat dela, eta oso konexio txikiak dituela EBko gainontzeko herrialdeekin, Frantziako sarearen bitartez.

Bada, Riberak esan dio Efe agentziari «batzuek» uste dutela mekanismo horrekin «diru sarrera zoragarriak» galduko dituztela: «Dagoeneko saiatzen ari dira proposamen horri porrot eginarazten».

«Badute tartea arduratsuago jokatzeko»

Ministroak dio «zenbat eta irabazi marjina handiagoa lortu egungo prezioekin, orduan eta protesta gehiago» egiten dutela konpainia elektrikoek. «Dezepzio handia» hartu du Riberak konpainia horien jarrera ikusita, «badutelako tartea arduratsuago jokatzeko».

Iberdrolak eta Endesak, izen horiek aipatu gabe betiere, «ezingo lukete esan irabazi jakin batzuk espero zituztela egungo prezioekin», jarraitu du ministroak. Espainiako Gobernuaren interesa izan behar du «kontsumitzaileak defendatzea, eta ez enpresa handienak». Eta atsekabeturik azaldu da konpainia handi horiek «ez dituztelako tarifak merkatu edo ez dituztelako eskaintzak egin arrazoizko prezioekin».

Gainera, gogoratu du sistema energetikoan argindarrak gero eta pisu handiagoa izango duela aurrerantzean, eta enpresa handi horien negozioa etengabe haziko dela. «Beren irabaziak zertxobait murrizteko aukera dute, beren bezeroek ere aukera izan dezaten eskaintzak edukitzeko, energia berriztagarrien erabilera handia dela eta. Pena da hori egin beharrean ezbaian jartzea aldi baterako diren aldaketa jakin batzuk, merkatu elektrikoan dugun emergentzia egoerarekin bat».

Azalpen didaktiko horiekin jarraituz, Ribera ministroak egoera argitu du gasa mugatzeko proposamena dela eta: «Gasa ordaindu, ordaindu egingo da. Nahi duguna da beste teknologiak gasaren prezioaren arabera ez ordaintzen jarraitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.