Euskal Herriko Itzulia

Roglicek erantzi, eta Evenepoelek jantzi

Lider aldaketa izan da azken-aurreko etapan, Mallabian, eta faboritoen artean Esloveniakoa izan da aukera asko galdu dituena Itzulia irabazteko. Ion Izagirre hirugarren jarri da. Etapa Carlos Rodriguezek (Ineos) irabazi du.

jarraia211989.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 8a
17:49
Entzun

Iraultza bat, baina handia izan da gaur Euskal Herriko Itzuliko azken-aurreko etapan. Mallabiako San Pedro ermitako aldapa pikoan, Primoz Roglic (Jumbo) orain arteko liderra ez da onenen artean sartu, eta maillot horiak jabe berria dauka: Remco Evenepoel (Quick-Step). Bigarren Daniel Felipe Martinez (Ineos) jarri da, bi segundora, eta hirugarrenera jauzia Ion Izagirrek (Cofidis) egin du, 21era.

163 kilometroko etapa izan da laugarrena, Zamudio eta Mallabia artekoa. Aurreikusten zen gogorra izango zela, ibilbideagatik, eta aurreko egunetan ziklistek pilatutako nekearengatik. Ihesaldia osatzea kosta egin da, baina jira eta buelta, azkenean batu dira buruan Marc Soler (UAE) eta Carlos Rodriguez. Lehenago, Pello Bilbaok (Bahrain) ere egin du saialdia, eta minutua baino atzerago izan du liderra eta gainerako faborito multzoa. Beste batzuekin batera egin du aurrera Gernika-Lumokoak. Baina geratzeko agindu dio taldeak, edota geratzea erabaki dute denen artean.

Bi iheslariak aurretik zirela, atzean faboritoen tropela elkartuta zetorren. Baina Karabietan gora Evenepoelek hautsi du batasuna, eta atzetik batu zaizkio Roglic ez beste faborito guztiak: Martinez, Jona Vingegaard (Jumbo), Izagirre, Aleksandr Vlasov (Bora) eta Enric Mas (Movistar). Pello Bilbao geroxeago batu zaie. Baita lasterketa burutik atzera geratu den Soler ere, ihes egin baitio Rodriguezek.

Faboritoen taldetxoak azkar batean sartu dio tartea Roglici, eta azkenean minututik gorako atzerapena izan du gaur arteko liderrak. Rodriguezek bakarrik igo du San Pedrorako aldapa pikoa, %16ko desnibela duena tarte gogorrenean. Atzetik, Martinez zazpi segundora sartu da, Evenepoel bederatzira, Izagirre eta Mas 11ra, eta azken aldapan erori egin direnez, Vlasov eta Vingegaard 18 eta 20 segundora sartu dira.

Bihar, azkeneko etapan, Eibar eta Arrate batuko ditu ibilbideak. 135 kilometro, eta mendia nahi beste: Elkorrrieta (3. mailakoa), Endoia (2), Azurki (1), Gorla (2), Krabelin (1), Urkaregi (3) eta Usartzako gaina (Arrate, 1). Dena dago erabaki gabe. Hautagai asko, bakoitza talde batekoa. Galdera asko, eta erantzun gutxi orain. Bihar emango dituzte guztiak txirrindulariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.