Hondakinak

Bergarako Udalak errekurtsoa jarriko du Eusko Jaurlaritzak paper hondakinen lantegiari emandako baimenaren aurka

Bergarako Udala lantegia jartzea aztertzen ibili da azken hilabeteetan, baina ebatzi du ez datorrela bat hirigintza planarekin, eta, gainera, zenbait irregulartasun izan dira prozesuan. Udalak salatu du Jaurlaritzak ez diela erantzun bere alegazioei.

Aitor Aranzabal, Ainhoa Lete, Gorka Artola eta Kristina Markina, abenduan emandako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 12a
13:06
Entzun

Valogreen Paper BC SM enpresari Bergaran Paper Hondakinen Lantegia martxan jartzeko ingurumen baimen bateratua eman dio Eusko Jaurlaritzak. Horren berri eman du Bergarako Udalak, eta iragarri du errekurtsoa jarriko duela. Era berean, azaldu du Jaurlaritzak ez diela erantzun udalak lantegiaren inguruan bidalitako alegazioei. Alegazio horietan, udalak Jaurlaritzari adierazi zion lantegi hori ez zela bateragarria Bergarako Plan Orokorrarekin eta, beraz, ez zuela onartzen lantegi hori Bergarako Larramendi industrialdean jartzerik. Horrez gain, adierazi du «hondakinen kudeaketaren erabilera» ere ez dela bateragarria, «erabilera osagarri bezala» bakarrik onartzen duelako udalak, ez erabilera nagusi bezala.

Horrez gain, udalak salatu du enpresari baimen hori eman zaiola «kare materialaren ekoizpenerako». Hain zuzen, enpresak hirigintza txostena lortzeko eskaera egin zuenean ez zuen zehaztu proiektuaren benetako asmoa, eta kare ekoizpenerako enpresa bat izango zela esan zuen. Azaroan, berriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jarduera hori «Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen baimen integratu» gisa definitu zuten —enpresak Jaurlaritzari ingurumen baimen bateratuaren tramitazioa hasteko egindako eskaera aurkeztu zionean, «hondakin ez-arriskutsuetarako jarduera» gisa deskribatu zuen enpresak egiten zuen lana—.

Aipatutako enpresak paper industriak sortzen dituen hondakinak kudeatzen ditu. Proiektu berriak zerikusi zuzena dauka Zaldibarko zabortegia amiltzearekin. Izan ere, 2020ko otsailean zabortegia malkartu arte, papera ekoizten duten enpresek hara eramaten zituzten hondakinak. Orain ez daukate hondakin horiek kudeatuko dituen lekurik, eta horregatik egin zuen Valogreene Paper SM enpresak bere lantegia Bergaran zabaltzeko proposamena, paper industriak bultzatuta.

Abenduaren hasieran onartu zen Ingurumen Administrazioaren Legeari egindako zuzenketa, eta zuzenketa horrek ahalmena ematen dio Eusko Jaurlaritzari, interes orokorraren izenean, udalek onartzen ez dituzten proiektuei ere bide emateko. Lege hori baliatu du oraingoan Jaurlaritzak Valogreene enpresari baimena emateko. Bergarako Udalak ere duela hilabete batzuk gaitzetsi zuen lege berria: «Horren bitartez, herriaren beharren kontra egiteko bidea zabaltzen zaio Eusko Jaurlaritzari, goi mailako interes publikoko proiektuak izendatzen dituzten horiei proiektuak inposatuz». Bergarako Udalak azaroaren 29an onartu zuen lege horren kontrako mozioa, udalen autonomia urratuko zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.