Zinema

Dock Of The Bay jaialdiak 23 musika dokumental erakutsiko ditu

Maiatzaren 2tik 7ra bitartean egingo dute Donostiako Musika Dokumentalen jaialdia. Courtney Barnett, Lydia Lunch, Connie Connie eta Ainara LeGardon izango dira protagonistetako batzuk. Proiekzioak, kontzertuak, solasaldiak eta beste izango dira.

Danny Cohenen 'Anonymous Club. Courtney Barnett' dokumentaleko irudi bat. DOCK OF THE BAY
itziar ugarte irizar
2022ko apirilaren 12a
13:10
Entzun

Dataz eta lekuz mudatuta itzuliko da Dock of The Bay Donostiako Musika Dokumentalen jaialdia aurten. Udaberrira ekarri dute —maiatzaren 2tik 7ra— eta Principe zinema aretoak eta Antzoki Zaharra izango ditu kokaleku —nahiz eta hiriko espazio gehiagotara ere zabalduko diren ekitaldiak—. Hamabosgarren aldia dute aurtengoa, eta 23 dokumentalen proiekzioek osatuko dute jaialdiaren bizkarrezurra: sail ofizialetan, zazpi film luze eta zortzi film labur izango dira lehian, eta lehiaz kanpoko Perfect Day atalak nazioartean musika dokumentalen generoan nabarmendu diren azken lanen aukeraketa bat erakutsiko du.

Eva Rivera jaialdiko zuzendariak gogora ekarri du Make it Funky! izan zela 2007ko azaroan Dock of the Bay jaialdian proiektatu zuten lehenbiziko filma. Ordutik hamabost urte igarota, estreinako aldi haren emozioa «zirraraz» oroitzen duela aipatu du —«zerbait handiagoa izango zen enbrioia garatzen hastera zihoala ikusten baikenuen»—, eta ilusioari eusten diotela nabarmendu: «Ilusioak bere horretan jarraitu du edizioz edizio, eta orain ekingo diogun aldi honetan ere bete-betean sentitzen dugu».

Donostia Kulturako Zinema arduradun Josemi Beltran eta Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari Patxi Presa ere izan dira gaur goizean jaialdiaren aurkezpenean, eta hura babesten duten gainontzeko eragileen zerrenda ere izan du gogoan Riverak: Kutxa Kultur, Dabadaba aretoa, Tobacco Days liburu denda, Gehitu elkartea, Reggae Got to Soul kolektiboa eta Deustuko Unibertsitatea.

Jaialdiko sarrerak eskuragai daude jada, jaialdiaren webgunean.

Film luzeen Sail Ofiziala

Bi arlotan adarkatzen da jaialdiko Sail Ofiziala: lan luzeak hartzen ditu lehenak, eta laburrak bigarrenak. Luzeen kasuan, zazpi dokumental izango dira lehian aurten, eta, Riverak esan duenez, nazioartean generoa modu zabalean nondik lantzen ari den erakustea bilatu dute. Azpimarratu du, halaber, emakumezkoen istorioen eta emakume zuzendarien lanen aldeko apustu berezia egin dutela.

Hala, Irlandako pop abeslari Sinead O'Connorprotagonista duen Nothing Compares. Sinéad O'Connor (Kathryn Ferguson) filmarekin abiatuko da saila, maiatzaren 2an; Lydia Lunch estatubatuarraren inguruko My Lover the Killer. Lydia Lunch (March Hurtado) erakutsiko dute maiatzaren 3an; Doris Muñoz musika managerrari buruzko Mija (Isabel Castro), maiatzaren 4an; 1950eko hamarkadako aitzindari Connie Connieren inguruko Talking Like Her (Natacha Giler, Adam Briscoe), maiatzaren 5ean; eta 6an, ostiralez, Courtney Barnett rock musikari aupatuan ardaztutako Anonymous Club. Courtney Barnett (Danny Cohen).

Horiez gain, lehian izango dira Alessandro Melanizzik zuzendutako Italo Disco. The Sparkling Sound of the 80s, hamarraldi hartan loratu zen disco musikaren historia kontatzen duena; eta baita New Yorkeko punk rockaren hasiera aztertzen duen Nightclubbing. The Birth of Punk Rock in NYC ere. Aurrez ere jaialdian egon izan den Danny Garciak zuzendu du azken hori, eta dokumentalaren nazioarteko estreinaldia izango da Donostiakoa.

Dokumental luze onenaren saria hautatzeko epaimahaia honako kide hauek osatuko dute aurten: Amanda Villavieja, Joan Porcel eta Jorge Tur.

Film laburren Sail Ofiziala

Saio bateratu batean erakutsiko dituzte Sail Ofizialaren barruko film labur guztiak, maiatzaren 6an, Principe zinemetan. Bertan izango da jaialdiko euskarazko lan bakarra: Hannot Mintegiaren Ignora, zeina Irunen (Gipuzkoa), Kopenhagen eta Donostian filmatu duten eta bi soinu artista erretratatzen dituen: Ainara LeGardon eta Ignacio Cordoba.

Adar horretan ere, musika dokumentalei begiratzeko nazioarteko modu askotarikoak barnebiltzen eta emakumezkoen lana sustatzen ahalegindu direla adierazi du Riverak, eta, Ignora-rekin batera, ondokoek osatuko dute zerrenda: Dopo Yumemories (Jordan Galland), Dreams (Miguel Ariza), He aquí un cuerpo que cae (Samuel Fuentes, Richard Mascherin), Hit Like a Woman (Tamarzee Nooze), Son Chant (Vivian Ostrovsky), Stormskater (Guen Murroni) eta Turning Man - 81RPM (Robin Trouillet).

Film labur onenaren saria Maider Oleagak, Miren Izak (Tulsa) eta Pela del Alamok erabakiko dute.

Perfect Day eta ekintza paraleloak

Lehiaz kanpo, nazioartean nabarmendutako beste zortzi musika dokumental hartuko ditu Perfect Day atalak. Askotarikoak eta generoaren mugak auzitan jar ditzaketenak direla aurreratu du jaialdiko zuzendariak. Honako hau da aukeraketa: Atlantide (Yuri Ancarani), Freakscene. The Story of Dinosaur JR (Philipp Virus), All the Streets are Silent: The Convengece of Hip Hop and Skateboarding (1987-1997) (Jeremy Elkin), Magaluf Ghost Town (Miguel Angel Blanca), Nueve Sevillas (Gonzalo Garcia Pelayo, Pedro G. Romero), The Spark Brothers (Edgar Wright), Bixa Travesti (Claudia Priscilla, Kiko Goifman) eta The Ballad of Genesis and Lady Jane (Marie Losier).

Urterik urtera, ugarituz doa jaialdiaren egunetan antolatu ohi dituzte jarduera paraleloen multzoa. Hainbat eragilerekin elkarlanean prestatzen dituzte, eta, berrikuntza modura, Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, hiru musika libururen aurkezpenak egingo dituzte aurten, Eduardo Guillotek gidatuta: En presencia de Battiato, Doña Concha: La rosa y la espina eta Canción de Amor definitiva.

Proiekzio bereziak —Ivan Castellen The Rise of The Synths erakutsiko dute Trueban, maiatzaren 5ean eta 6an—, kontzertuak—Verde Prato izango da hilaren 4an, Kutxa Kultur Klubean; eta Ainara LeGardon 7an—, irratsaio bereziak eta solasaldiak ere izango dira, besteak beste. Azken horri lotuta, Elkarrizketak deituriko atalean, bi mahai inguru izango dira Koldo Mitxelena kulturunean: maiatzaren 4an, Jara Yanez, Joan Porcel, Jorge Tur eta Mariona Borrull ariko dira hizketan; eta hurrengo egunean, berriz, Miquel Marti Freixaz, Miren Iza eta Pela del Alamo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.