Enplegua

Jaurlaritzak «kalitatezko» 80.000 lanpostu sustatu nahi ditu hiru urtean

Gobernuak 2.071 milioi euro jarriko ditu 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoaren bidez. Mendiak dio «talentuari eutsi» nahi zaiola, «lehiakortasuna bermatzeko».

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua eta Idoia Mendia Lan sailburua, Eusko Legebiltzarreko saio batean. ADRIAN RUIS DE HIERRO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 12a
13:18
Entzun

Datozen hiru urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 80.000 lanpostu sortzeko helburua jarri du Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, 2.071 milioi euro bideratuko ditu 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoaren bidez. Aurten, 463 milioi erabiliko ditu. Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak onartutako planaren helburua ez da soilik enplegu gehiago sortzea: horiek «kalitatezkoak» izatea ere bultzatu nahi da. Horrekin lotuta, murriztu egin nahi dira behin-behinekotasuna, partzialtasuna, soldata arrakala eta lan istripuak.

Mendiak azaldu duenez, COVID-19aren ostean «enpleguaren susperraldi bizia» espero da; hala ere, aitortu du Ukrainako gerrak eragina izango duela aurreikuspen horietan. Sailburuaren arabera, osasun krisiaren testuinguruan «euskal ekonomiak enpleguari eusteko gaitasun handia erakutsi du». «Arrakastaz atera gara, erakundeen eta eragileen elkarlanari esker». Azpimarratu du aurrera begira erronka nagusia langabezia murriztea eta enpresen «lehiakortasunari eustea» izango dela. «Epe ertainean, arrisku nagusia talentua aprobetxatzen ez jakitea izango da, eta gure enpresek lehiakortasuna galtzea datozen erronkei aurre egin ezin dietelako. Horrek lan baldintzak hobetzeko aukera galtzea ekar dezake».

Oro har, hauek dira planaren asmo nagusiak: 80.000 enplegu sortzearekin batera, 23.000 enpresari laguntzea, 48.000 profesionalen lan kualifikazioak hobetzea, 20.000 gazteri lan aukerak eskaintzea, 5.000 profesional zaintza sektorerako gaitzea, eta 16.000 pertsona gaitasun digitaletan trebatzea. Horrekin guztiarekin langabezia tasa %10etik behera mantentzea da asmoa (2021aren amaieran %8,4koa zen).

Behin-behinekotasuna eta sexu arrakala

Lanpostu berrietan, behin-behinekotasun tasa murriztea izango da helburu nagusietako bat, lan erreformak ireki duen bidea baliatuta: 2020an, lan merkatu orokorrean %29,4 zen behin-behinekotasuna, eta hori %20ra gutxitu nahi da; sektore publikoan %38,2tik %30era jaitsi nahi da. Lanaldi partzialak, berriz, %10etik behera kokatu nahi dira (2020an %16,1 ziren); lan istripuak %10 murriztu nahi dira; eta hitzarmen kolektiboak dituzten langileen kopurua, %56,8tik %65era handitu.

Berdintasunaren alorrean, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala %19,5etik %10era jaitsi nahi da, emakumeen behin-behinekotasun tasa %33,8tik %25era murriztu, eta partzialtasuna %26,4tik %17ra jaitsi. Gazteen kasuan, langabezia tasa %15ean kokatzeko helburua ezarri du Jaurlaritzak, hau da, 2020an baino 10 puntu beherago, eta langabezia luzearen tasa ia erdira jaisteko erronka, %4,8tik %2,5era, besteak beste formakuntza programen bitartez.

2024ra arte 2.071 milioiko aurrekontua izango du planak, baina hori handitzeko aukera jasotzen du, oraindik kuantifikatu eta adjudikatu gabe dauden Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsetatik irits daitekeen dirua sartzea espero baita.

CCOOrentzat, «eskasa» da

CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak esan du plana «asmo gutxikoa» dela; uste du Mendiak zera besterik ez duela egin, Jaurlaritzako sailek eta beste euskal erakundeek hartu dituzten neurriak «batu». Kritikatu du aurkeztutako planaren inguruan ez dela «negoziaziorik» egon, eta elkarrizketa sozialeko mahaian aurkezpen bakarra egin duela. Azpimarratu du ez dituela baliatu lan erreformak eta negoziazio kolektiboak eskaintzen dituzten tresna guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.