Koronabirusa

Jaurlaritzak datorren astean jakinaraziko dizkie ikastetxeei maskara erabiltzeko irizpideak

Asteartean onartuko du Espainiako Ministroen Kontseiluak maskara barrualdeetan kentzea ahalbidetzen duen neurria, eta hurrengo egunetik aurrera ez da nahitaezkoa izango Hego Euskal Herriko toki itxi gehienetan. Hezkuntza Sailak ez du jarraibiderik zehaztuko arauaren berri izan arte.

Haur batzuk maskara jantzita eskola bateko patioan. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain - Irati Urdalleta Lete
2022ko apirilaren 13a
12:58
Entzun

Datorren asteazkenetik aurrera Hego Euskal Herriko toki itxi gehienetan ez da nahitaezkoa izango maskara janztea. Espainiako Ministroen Kontseiluak asteartean hartuko du erabakia, eta biharamunean sartuko da indarrean. Garraio publikoetan, eta zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan derrigorrezkoa izango da oraindik ere, baina ez gainerako toki itxietan. Nolanahi ere, maskara «arduraz» erabiltzea gomendatuko zaie talde zaurgarrietako herritarrei, eta «aholkatuko» da metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean eta aireztapen ona ez dagoen lekuetan ere erabiltzea.

Hezkuntza zentroetan neurria nola aplikatuko den ez dago argi oraindik. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Hezkuntza Sailak arau berriaren xehetasunen berri izan nahi du aurrena, eta ostean jakinaraziko dizkiete irizpideak ikastetxeei, saileko iturriek BERRIAri esan diotenez.

Lantokietan ere ikusteko dago nola eragiten duen neurriak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari horri buruz galdetu diote Bizkaia irratian, eta esan du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren erabakiaren xehetasunen berri izan nahi duela aurrena, baina arauak arau «zentzuz eta zuhurtziaz» jokatu behako dela enpresetan.

Zirkularra ikastetxeetan
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zirkular bat bidali du hezkuntza zentroetara, zehaztuz langileek, ikasleek eta familiek nola jokatu behar duten egoera epidemiologiko berrian. Agiri hori eskuratu du BERRIAk, eta horretan esaten da egoera epidemiologikoa «trantsizio fase» batean sartu dela, herritarren artean lortutako «immunitate maila altuak» ahalbidetuta. Fase berrian talde zaurgarrienen eta COVID-19 kasu larrienen arta lehenetsiko dela zehaztu du Osasun Sailak. Ikastetxeak, ordea, ez ditu eremu kalteberatzat hartzen, eta, beraz, horietan ez du probarik egingo, ez neurri berezirik hartuko, agiriak dioenez. Gogoratu du pertsona batek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero edo proba diagnostiko batean positibo emanez gero ez duela bakartze zorrotzik egin behar. Hala ere, azpimarratu du ikasleek ez dutela ikastetxera joan behar sintomak dituzten bitartean.

Maskararen erabilerari dagokionez, berriz, eta neurri berria indarrean sartu arte, 6 urtetik beherako haurren kasuan maskara erabiltzea gomendatu du Osasun Sailak, betiere ikaslearen adina eta ezaugarriak aintzat hartuta. Haatik, erantsi du 3 urtetik beherako haurren kasuan ez dela gomendagarria maskara erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.