Teknologia

Elon Muskek Twitter erosi nahi du

Munduko pertsona aberatsenak 43.000 milioi dolar eskaini ditu sare sozial horrengatik. Haren asmoa da «adierazpen askatasunaren plataforma pribatizatzea».

Elon Musk, Teslaren sortzailea eta munduko pertsonarik aberatsena. ALEXANDER BECHER (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 14a
17:10
Entzun

Munduko pertsonarik aberatsenak Twitter erosi nahi du. Elon Muskek eskaintza publiko bat egin du 430 milioi erabiltzaile dituen sare sozial horren jabe bakarra bihurtzeko, 43.400 milioi dolarren (39.803 milioi euroren) truke. Hala adierazi dio Estatu Batuetako Balore Merkatuaren Batzordeari, Twitterren bitartez helarazitako ohar batean azaldu duenez.

Hil honen hasieratik Twitterren lehen akzioduna da Musk: %9 ditu. Orain, osorik nahi du beretzat, edo hori iradoki du behintzat. 54,20 dolar eskaini ditu akzio bakoitzeko. Horrek %54ko hobaria ekarriko luke urtarrilaren 28an akzioek zuten balioarekiko; orduan hasi zen Musk akzioak erosten. Apirilaren 1ean jakinarazi zuen %9 erosia zuela, eta orduan baino %38 gehiago eskaini du orain. Akordioa ixten ez bada atzera egin dezakeela iradoki du: «Nire eskaintza nire azken eskaintzarik onena da, eta, onartzen ez bada, akziodun gisa dudan posizioa berriz aztertu beharko nuke».

Administrazio kontseiluak ontzat emanez gero eta akziodunek onartuz gero, Twitter Musken eskuetan geratuko litzateke oso-osorik. Administrazio kontseiluari bidalitako gutunean, enpresaburuak esan du Twitterren inbertitu duela sinisten duelako «mundu osoko adierazpen askatasunaren plataforma» izateko gaitasuna duela. Hala ere, ohartarazi du «egungo formari eutsiz gero» ez duela aurrera egingo eta ez duela helburu horretarako balioko. «Twitterrek enpresa pribatu bihurtu behar du». «Twitterrek aparteko potentziala du. Nik desblokeatuko dut», azpimarratu du.

Twitter munduan gehien erabiltzen diren sare sozialetan hamabosgarrena da, eguneko 217 milioi erabiltzailerekin, baina ez da garairik onena harentzat: 2019tik ez du irabazi ekonomikorik lortzen.

Ezohiko pertsonaia, ezohiko eskaintza

Muskek Twitterren sartzea erabaki zuenetik plataformaren akzioek gora egin dute etengabe, eta, gaurko iragarpenaren ondoren, %11 baino gehiago balio dute, 51 dolarren bueltan. Twitterreko administrazio kontseiluak esan du arretaz aztertuko duela proposamena, konpainiarentzat eta akziodun guztientzat onena den ala ez argitzeko.

Musken benetako asmoak zein diren jakitea ez baita erraza. Akzioak erosi zituela jakinarazi zuen astean, Twitterreko zuzendari exekutiboak, Parag Agrawalek, iragarri zuen Musk administrazio kontseiluan sartuko zela, baina enpresaburuak ez zuen nahi izan, eta Twitterren egunak eman zituen mezuak bidaltzen, plataforma kritikatzen, ezabatuak izan diren txio batzuetan.

Ez da lehenengo aldia Muskek sare sozial hori erabiltzen duena beste enpresa batzuetan dituen interes ekonomikoekin jokatzeko —munduan jarraitzaile gehien duten kontuetan zortzigarrena da: 82 milioik segitzen dute— . Hala egin zuen Teslarekin, 2018an. Gainerako inbestitzaileekin adostu gabe, bere kabuz iragarri zuen enpresaren akzio guztiak erosteko asmoa, eta izugarri igo zen horien prezioa: isuna jarri zioten gezurra esateagatik. Duela aste batzuk kriptodiruaren inguruan zabaldutako mezuek eragin nabaria izan zuten dibisa horien balioan.

Musk ezohiko enpresaburua da: ameslaria batzuentzat, eta ero arriskutsu eta harroputza beste askorentzat. Paypal Interneteko ordainketa sistema asmatu zuen, eta horren salmentarekin Tesla eta SpaceX sortu zituen, gidaririk gabeko auto elektrikoak ekoizteko eta espaziora bidaiak eskaintzeko. Horrekin batera, satelite bidezko sare bat du, Starlink, eta, berriki jakin denez, Ukrainako gobernuari hori erabiltzeko aukera eskaini dio, Errusiaren aurkako gerran aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.