EUSKARA

Herritarrek aurkeztutako 1.200 salaketa erregistratu ditu Behatokiak Nafarroako Gobernuan

Nafarroako Gobernua tramitatzen ari den dekretuak «hizkuntz eskubideen urraketak betikotuko dituela» salatu du Agurne Gaubekak. Maiatzaren 7ko manifestaziora joateko deia egin du.

Behatokiko kideak eta salaketa aurkeztu duten herritarrak, gaur, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 21a
18:39
Entzun

Osasun etxean edo ospitalean, errenta aitorpena egiteko bulegoetan, Foruzaingoaren eta bestelako larrialdi zerbitzuen arreta telefonoetan, administrazioko edozein sailetan eta egoitza digitalean... Nafarroako Gobernuaren eta herritarren arteko harreman bide ia guztietan urratzen dira hizkuntza eskubideak. Gehienetan, traba handiak daude zerbitzuak edo informazioa euskaraz jasotzeko, eta errealitate horren isla dira Nafarroa osoko 1.200 herritarrek aurkeztutako salaketak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak erregistratu ditu, Iruñean, gobernuaren egoitza nagusian.

Horietan, gainera, Nafarroako Gobernua tramitatzen ari den merezimenduen dekretuarekin kexu azaldu dira herritarrak. Izan ere, arau berriak arazoa «betikotu» eta, are, «okertuko duela» salatu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Horregatik, Maria Txibiteren kabineteari eskatu diote atzera bota dezala dekretuaren tramitazioa. «Garaiz dabiltza oraindik», azaldu du Behatokiko buruak. Gaubekarekin batera, agerraldian izan dira Ainara Iparragirre, Ainhoa Jauregi, Juanja Iturralde, Itxaso Telleria, Ander Loiola eta Aimar Jusue, «Nafarroako iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldeko herritar askoren izenean».

Behatokiak salatu duenez, merezimenduen dekretua onartuz gero, «eremu euskaldunean eta eremu mistoko lanpostu publiko gutxi batzuetan soilik baloratuko da euskararen ezagutza». Horrez gain, eremu euskalduneko deialdietako merezimenduen atalean, «euskarak %20 arteko pisua izatetik, gehienez, %10 inguruko puntuazioa izatera pasako da».

Gaubekaren esanetan, aldaketa horien ondorioak nabarituko dira datozen urte eta hamarkadetan ere: «Milaka eta milaka izan daitezke euskarazko inongo ezagutzarik izanen ez duten langile publikoak». Administrazio publikoan lanpostu elebidunak ez sortzeak eragiten dituen eskubide urraketen lagina aurkeztu du Behatokiak erregistroan: «Kasu gehienetan, herritarrak kexu dira ezin dituztelako zerbitzuak euskaraz jaso, baina badira, euskara jakin ez arren, zerbitzu elebiduna aldarrikatzen dutenak ere, egungo eredua diskriminatzailea dela ulertzen dutelako».

Manifestazioa maiatzaren 7an, Iruñean

Azkenik, Behatokiak babesa adierazi dio Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako antolatu duen manifestazioari, eta parte hartzeko deia egin du, «hizkuntza eskubideen alde». Protesta 17:30ean abiatuko da Iruñeko Antoniutti parketik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.