Pilota

Ezkurdiaren garaipen estua, Zabaletaren aurka

Arbizukoa 22-21 gailendu da, eta final-laurdenetako lehen puntua eskuratu du. Partida asko gogortu da azken txanpan, eta bi pilotariek oso nekatuta amaitu dute.

Ezkurdia eta Zabaleta nor baino nor gehiago. IDOIA ZABETA / FOKU
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 23a
21:50
Entzun

Gogortasuna eta tentsioa dira Buruz Buruko Txapelketaren ezaugarri nagusiak, eta horren isla argia izan da Jose Javier Zabaletak etaJoseba Ezkurdiak Labriten jokatutako partida. Arbizukoak poltsikoratu du final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua, 22-21 irabazi baitu. Baina gailendu direnak gogortasuna eta tentsioa izan dira. Emozioa ere izan da azkenerako.

Zabaletak ondo ekin dio neurketari. Sakatzaile ona da, eta hala egin ditu partidako lehen bi tantoak. Etxarrengoa jakitun zen irabazteko arriskatu egin behar zuela, eta horrek ezinbestean presaka aritzea dakar askotan. Behartu gabeko pare bat akats egin ditu horren erruz, eta launako berdinketa ekarri du horrek. Hala ere, hasieratik lotuta ikusi zaio Ezkurdiari, jakitun baitzen multzoko aurrelari bakarraren kontra irabazi egin behar zuela, eta faborito zela. Ez du asmatu, ordea, Zabaleta mugitzen, zuzenegi jokatu du, eta partida aurreko koadroetara eraman beharrean, tantoak luzatzearen alde egin du.

Buruz buruko horretan, Zabaleta jotzaile aparta da. Ikusgarria izan da pilota errebotera bidalita egin duen 5-4koa. Tantoak aurrera joan ahala, gainera, gero eta hobeto ikusi zaio pilotara jartzen. Partida nahi zuen lekuan zeukan Etxarrengoak. Baina ia segidan bi saketan falta egin du, eta hor galdu du lehen zuloa egiteko aukera. Ezkurdia 7-8koarekin jarri daestreinakoz aurretik. Horrek patxada apur bat eman dio hurrengo tantoetan, eta maizago jokatu dio Zabaletari zabalera. Hala jokatuta, bost tanto egin ditu segidan, bat sakez: 7-12.

Norgehiagokaren norabidea aldatzen ari zela zirudien, eta Zabaleta partidatik irtengo zela. Haatik, abantaila izan arren (10-15), Ezkurdiak partida ona egin gabe segitzen zuen, aurrean arriskatu gabe. Horrek Zabaletari mesede egin dio. Izan ere, oso nekatuta zegoen. Gainera, Ezkurdiaren akatsek eta bere pare bat sakek partidan mantendu dute: 15-16. Dena zegoen airean. Hortik aurrera are gehiago gogortu da lehia.

Ezkurdia 15-18 aurreratu da Hemezortzigarren tantoa pilota eskura ondo sartu zaion aldi bakarrenetako batean lortu du. Baina Zabaletak ez du amore eman. Alderantziz. Hor erakutsi du bere benetako joa, eta20-19 aurreratu da sake oso on bat eta gero. Norgehiagokazenbat eta gehiago gogortu, aukera gehiago zituen Zabaletak irabazteko. Gogortasun horren adibide izan da Ezkurdiaren hogeigarren tantoa. 32 pilotakada jo dituzte. 21.a biparetaz egin du Arbizukoak. Baina gora joan zaio partida erabakitzeko pilotakada. 21-21koarekin, eta sakea izanda, Zabaletak zuen orduan irabazteko aukera handiena. Ez da horrela izan, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.