Sindikatuak

Mitxel Lakuntza: «Talka batera goaz; ez digute beste biderik uzten»

ELA sindikatuak manifestazioak antolatu ditu Hegoaldeko hiriburu guztietan Maiatzaren Lehenerako, eta «beste pobretze fase bati aurre egitea» izango da protesta horien ardatza. Enpresa handien irabaziei gutxienez %25eko zergapetzea ezartzea proposatu du.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2022ko apirilaren 25a
12:58
Entzun

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak egungo jokaleku soziopolitikoaren inguruan sindikatuak egiten duen diagnosiarekin lotu du Maiatzaren Lehena. Ukatu egin du Ukraina izatea inflazio handiaren eragile bakarra, «gerra hasi aurretik ere» energia oso garesti zegoelako. «Eredua da arazoa, eta konponbidea ere bai», esplikatu du. Eta erantsi du langileek erosteko ahalmen gehiago ez galtzea izango dela ordezkaritza gehien duen euskal sindikatuaren zeregin nagusia. «Aurrerantzean ere grebak beharrezkoak izango digutu; ikusi dugu grebaren bidez baditugula lorpenak». Lakuntzaren sindikatuak Maiatzaren Lehenean erdigunean jarriko du soldatak behintzat KPIa bezainbeste igotzeko borroka.

ELAko idazkari nagusiak salatu du iruzur energetikoa egiten ari direla enpresa handiak, eta gobernuek beste alde batera begiratzen dutela. «Urkulluk, Txibitek eta Sanchezek ez dute ezer egiten enpresa handi horien etekinak ukitzeko, egiten dutena egiten dutela ere». Hori ikusirik, ELAk proposamen zehatz bat dauka: energiaren prezioei muga bat jartzea. Argindarra eta erregaia «herritarren eskubide gisa» hartu beharko lirateke, haren ustez. «Egingarria da», gaineratu du, prezioei mugak ezartzeari erreparatuta betiere.

Inflazioari eusteko eta aberastasuna hobeto banatzeko, langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten berriro, erreforma fiskal baten beharra aipatu du Lakuntzak. Enpresen gaineko irabaziak gutxieneko %25eko tasa batekin zergapetu behar direla adierazi du. Europako Batasunean gutxieneko %15ekoa adosten saiatzen ari dira azken hilabeteetan, baina ELAko buruak uste du gutxienez %25 izan behar duela tasa horrek, «baliabide gehiago behar direlako egoera honetan». Trantsizio ekologikoak ere bere kostuak izango dituela azaldu du, gutxieneko tasa horri oinarria ematean.

Antolaketa, «inoiz baino gehiago»

Edonola ere, ELAk argi ikusten du «pobretze fase batean» daudela euskal langileak, «azken hamarkadan %10 galdu ostean erosahalmenean». Horregatik, esan du «langileak antolatuko» dituztela «inoiz baino gehiago», soldatak igo daitezen KPIaren arabera. «Uzten diguten bide bakarra da grebaren balioa. Gure esku dago borrokarako antolatzea. Sinatuta dauden itunetan, iazko inflazioa aplikatzen ari dira; esaten digute ezin dela, baina gertatzen ari da dagoeneko».

Lakuntzarentzat «lotsagarria da» agintariek KPIa ez ordaintzeko beste formula batzuk helaraztea, «enpresa handiek inoiz baino irabazi gehiago izan dituzten honetan». Hori dela eta, «hain zuzen, alderantzizkoa» egingo du ELAk; hau da, inflazioa bezainbesteko soldata igoerak eskatuko ditu. Greba deialdi batzuk egin dituzte sindikatuek, Arabako metalean eta zahar etxeetan, esaterako. «Talka batera goaz; ez digute beste biderik uzten», esan du Lakuntzak, epe laburrean egon daitezkeen lan gatazka gogorrei erreparatuz.

Manifestazioak

Beraz, soldata igoeren eta erosteko ahalmenaren arteko auzia ardatz jarrita egingo du Maiatzaren Lehena ELA sindikatuak. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatu ditu manifestazioak, 11:30ean, Gasteizen salbu, 12:00etan izango baita Arabako hiriburuko martxa. Borrokan ari gara, prekaritatea buka dezagun izango da manifestazio horien leloa. Izan ere, ELAk kalkulatu du 541.600 langile prekario daudela Hegoaldean, eta garrantzia kendu dio lan erreformaren ondoren egon den finko-etenaren kontratuen hazkundeari, «horietako langile asko lanaldi partziala dutelako eta beste asko egun gutxitan aritzen direlako beharrean urte osoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.